Prentsa oharra 2024ko azaroaren 13a

Ituntzea, euskal zibilizazioaren bereizgarri politikorik garrantzitsuena

  • Gure ohiturek hainbat mendetan erakundeen kudeaketan eta gobernantzari egindako ekarri erkidean (izan) duten garrantzia aztertu dute unibertsitate eta erakundeetako ordezkariek
  • «Pertsonen askatasuna eta autonomia babesteko gauza izango gara, baldin eta erakunde publikoak zaintzen baditugu», nabarmendu dute
Euskal ondasun eta erakunde komunen kudeaketa: tradizioa eta gaur eguneko erronkak Euskal ondasun eta erakunde komunen kudeaketa: tradizioa eta gaur eguneko erronkak

«Eredu absolutista ezarri aurretik, ituntzeak hedapen handia izan zuen Europa osoan, eta bereziki, Pirinioetako estatuetan errotu zen. Gaur egun, Euskal Herrian iraun du indartsuen», adierazi du Roldan Jimeno Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako katedradunak, Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu duten «Euskal ondasun eta erakunde komunen kudeaketa: tradizioa eta gaur eguneko erronkak» mintegian.

Unibertsitate, enpresa eta erakunde arloetako 30 bat ordezkarik parte hartu dute Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak koordinatu duen topaldi honetan, gure tradizioak mendeetan euskal erakundeen kudeaketan izan duen garrantzia eta etorkizuneko gobernantzaren erronka berriak aztertzeko helburuz.

Jimeno irakasleak adierazi duenez, «Ituntze edo paktismo historikoa erregearen eta komunitatearen arteko harremanaren oinarria zen, eta gobernu-ekintzaren aldaketa handiak gauzatzeko adostasuna izatea helburu zuela, ohitura horiek mugak jarri zizkioten erregearen botere absolutua indartzeari». Nolanahi ere, esan behar da ituntzeko ohitura ez zela berria Euskal Herrian; izan ere, «eredu absolutista sortu zenean, sendo sustraiturik zegoen euskal lurraldeetako gizarte-portaeran», adierazi du.

Gaur egun, ituntzeko joera sano hedatuta dago Euskal Herriko mendebaldeko lurraldeetako bizitza publikoan. Roldan Jimenoren arabera, «foru-lurraldeen eta Espainiako Estatuaren arteko harremanetan datzan foraltasunaren oinarrizko elementuetako bat ituntzea da, eta horren adibide argiak ditugu Gernikako Estatutua, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa, EAEko Ekonomia Ituna eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmena. Berezitasun horrek bereizten ditu estatuaren foru-lurraldeekiko harremanak eta araubide erkideko gainerako lurraldeekikoak».

Mintegiaren irekiera-saioan, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak adierazi du honelako gogoeta-mintegiak beharrezkoak direla, «etengabeko oldarraldian datozkigun olde ultraliberal, populista, eskuindar, klima-aldaketaren ukatzaile, fake news-en sortzaile eta abarri aurre egiteko helduleku ideologikoak» izan ditzagun.

Bestalde, Patxi Juaristik, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazioaren Zientzia Saileko irakasle titularrak, «Politika, boterea eta gobernantza. EHUtik egindako irakurketa» izeneko liburua aurkeztu du. Bertan, EHUko errektoreorde zela, 2017 eta 2020 urteen arteko aldian izandako boterearen, politikaren eta gobernantzaren inguruko lekukotasunak jaso ditu.

Juaristiren esanetan, «politikan eta kudeaketan» esku hartu behar dugu «gure bizitzan eragina duten erakunde eta komunitate politikoen gobernuan parte hartu behar dugula» aldarrikatu du.

«Pertsonen askatasuna eta autonomia babesteko gauza izango gara, baldin eta erakunde publikoak zaintzen baditugu», azpimarratu du.

Bestalde, Jon Barrutia EHUko irakasleak erakunde erkideen egungo eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egin du.

Azkenik, Gorka Lazkanok eta Markel Onaindiak, hurrenez hurren, Iurretako Kofradietako zuzendariak eta ikertzaileak, Iurretako Kofradien kasua mahairatu dute, antzina-antzinako erakunde batzuen arrakastaren adibide XXI. mendean bertan. Hain zuzen ere, arrakasta ekonomikoa ez ezik, kudeaketa ekologiko eraginkorra sustatu dute erakunde horiek basozaintza eredugarria eta gizarte-kudeaketa bikaina garatuta, komunitatea sortze aldera.