Prentsa oharra • 2014ko irailaren 5a
Elgoibarko Kultur Etxeak “GOAZEN GUDARI DANOK…, “ erakusketa inauguratu du
Elgoibarko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dutelarik, irailaren 21era arte begietsi ahalko da
"Goazen gudari danok… Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936 En defensa de la libertad” erakusketaren helburua, 1936ko gerran Zirardamendi Elgoibar frontean zehar agitu ziren gertaerak gogoratzea da. “Hasiera batean gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat besterik ez lirudikeenak azken buruan esangura garrantzitsua izan zuen Euskadirentzat. Gatazka hartan mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena, eta neurri handi batean baita gure Herriaren historian eragin handia izan zuena ere”, adierazi du erakusketaren arduradun Iñaki Goiogana historialariak. Sabino Arana Fundazioak Elgoibarko Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketa horren asmoetako beste bat da, 1936ko irail-urrien arteko hamabost egunean gerra-fronte hartan zehar zer gertatu zen erakustea eta Zirardamendin borrokatu ziren gudari haiek, berorietako batzuk heroikoki bizia ere galduz, lortu zutenari merezi duen balio ematea.
“Egun haietan frontean gertatu zenari erreparatzen badiogu, esan liteke ze han jadetsi zena garaipen handi batetik ezer gutxi zuela. Azken batez, Errepublikari leial ziren guda-taldeek galdu egin zituzten ingurua menderatzen zuten gailurrak eta, urrian borrokak bukatu zirenean, euren posizioetatik ehunka metro batzuk atzera eginda zeuden. Baina, hori egia izanda ere, bai esan daiteke garaipen bat, bai, lortu zutela frankisten kontra. Urriaren 7an, frontearen mutur batean, Asterrikan (Berriatua), Ondarroa eta Lekeitio bitartean, eta beste muturrean, Elgetan, azken tiroak entzuten zirela, Jose Antonio Agirrek bere kargua zin egin zuen Gernikan. Egun horretan herria egiteko makineria administratibo bat abiarazi zen”, nabarmendu du Goioganak. Euzkadiko Jaurlaritzak armada bat eregi zuen, eregi zituen, baita ere, milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean.
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, bestalde, “euren ideialak defenditu zituzten guztiak eta itzuli ez zirenen familiak eta, batez ere, oraindik gaur egun euren senideek izandako atarramentua ez dakitenak, gogoratu eta ohoratu” nahi izan ditu.
“Bizia Zirardamendin galdu zuten gazte haien asmoa ez zen ezer gainezartzea. Haien asmo bakarra zen, euren herriaren eskubide legitimoak defenditzea, berezko eskubide zibilak eta politikoak, norbanakoarenak zein gizaldearenak. Horren jakitun izan barik, ezta gogoan ere, euren izenak hizki maiuskulaz irarri zituzten gure historian”, nabarmendu du.
Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan María Atutxak zera esan du: “Hemen gaude, gomutan ditugula eta gogoratzeko. Gogoratuk esan nahi du “berriro itzultzea gogora, bihotzera”, eta horixe da egin gura duguna. Euren lurra armekin defenditzera beharturik egon ziren euskaldun haien belaunaldiaren ekintza eta eskaintza gomutatik bihotzera ekartzea eta bihotzetik, hausnartuz, hau da, ahora, hizkuntzara, ekarriz, gero, hausnartutakoan, gogoeta egindakoan, egun haietan jazotakoak kontatzea. Gomuta edo oroimena, bihotza, gogoeta eta hizkuntza, hori guztia gorazarre egiteko Zirardamendin eroritako 14 hildako haiei (Jose Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio, Felix Arbulu), denak Arana Goiri batailoikoak, gerran galdu zirenen edo gerra eta diktaduraren negu luzea sufritu zituzten guztien lagin bat direnez gero”.
Eta jarraitu du: “Gure ikurrina, gure herriaren antzera, koloretsua da, eta Zirardamendin eta gainerako guda-leku guztietan, eskuz esku eta orpoz orpo, bandera gorritik gurutze zurirainokoak batu ziren, denak elkar hartuta, askatasunezko hariz ehundutako ikurrinaren atzean”.
Azkenik, Diputatuen Kongresuan EAJ-PNVren bozeramailea den Aitor Estebanek hitz egin du; Zirardamendin hildako gudarietako baten, Sabin Atutxaren, senide eta San Migelgo guduan aditu delarik, han 1936an gertatu zena azaldu du eta inguru horietan hustu diren hobi komunen kasua gogoratu du, baita Sabin Atutxa Olabarri getxoztarraren eta Eusebio Gaubeka leioaztarraren DNA proben bidez egin diren identifikazioak ere.
Erakusketa ibiltaria
Erakusketarako sarbidea gerra-lubaki batean zehar egiten da. Leku horretatik aurrera, gainerako erakusketa-gunean ikusi ahal dira: panelak azalpen-testuekin eta argazkiekin, eta beira-arasak gudarien gauzakiekin eta tresnekin (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak, mahai-tresnak, platerak, zenbait jantzi), horietako batzuk Zirardamendiko hobi komunean aurkitutakoak, bai halaber Agirre lehendakariak Gernikako zinaren egunean jantzi zuen trajea.
Erakusketaren osagarri, kontatzen diren gertaerak dramatizatuta Baleuko ekoiztetxeak egindako dokumental baten emanaldia eskaintzen da.
Azpimarratu behar da “GOAZEN GUDARI DANOK… Askatasun-bidean Zirardamendi, Aiastia (San Migel), Elgoibar 1936 En defensa de la libertad” erakusketa irailaren 5etik 21era ikusi ahalko dela Elgoibarren, astelehenetik ostiralera 18:00 eta 21:00 bitartean, eta larunbat eta igandeetan, 12:00 eta 14:00 bitartean eta 18:00 eta 21:00 bitartean. Ondoren ibilbide bati ekingo dio zenbait herritatik, Erandio, Leioa, Mungia, Santurtzi eta beste batzuetatik, eta azkenik Bilbon izango da erakusketaren itxiera.