Prentsa oharra 2020ko abenduaren 15a

Elkar ezagutu, elkar onartzeko

Immigrazioa eta Euskara uztartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako politika berriak aztertu dira gaur Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak Bilbon antolatu duten mintegian. Euskara tresna dela, etorkinen integrazio linguistikoa eta kulturala ahalbidetzeko bide berriak aztertzea izan da mintegiaren helburua eta, beste gauza askoren artean, ondorioztatu da berdinetik berdinera jokatu behar dela etorri berriekin, kulturen arteko lankidetza sustatuz.

Elkar ezagutu, elkar onartzeko

Euskara, dibertsitate eta migrazio alorretako adituen ekarpenak eta euskara etorkinengana hurbiltzeko xedez hainbat euskal udalerritan garatzen ari diren tokiko ekimenak azaldu dira gaur Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, hitzaldi eta mahai-inguruen bidez.

 

    Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidenteak ongietorria egin die partaide guztiei, eta sarrera hitzaldian gogoratu du immigrazioari buruzko beste mintegi bat antolatu zutela elkarlanean 2019an Fundazioak eta Euskaltzaindiak, “gurean diren hizkuntzen arteko bizikidetzaren inguruko alderdiez gogoeta egiteko helburuz, euskararen ikuspegitik betiere”. “Gaurkoan jarraitu du Zaratek gai horretan gehiago sakondu nahi izan dugu, eta Euskadiko udalen tokiko esperientzia eta jardunbide egoki batzuk plazaratu nahi izan ditugu, orobat, bide horretan aurkitutako oztopo eta trabei erreparatuta”. Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du premiazkoa dela euskal herritar berriekin bat egitea, beraien iritzi eta gogoez jakitea, “bidea argi baitago: batetik, euskal herritar berriak erakarri egin behar ditugu, gure gizartearen parte aktiboa direla sentiaraziz; bestetik, erakunde eta elkarte ezberdinen artean adostasunak bilatu behar ditugu, eta helburu hori gauzatzeko baliabideak jarri”.

 

    Mintegiko lehen hitzaldian, Begirune Fundazioko José Antonio Oleagak inklusioaren eta gizarteratzearen arloan gauzatzen ari diren zenbait politika publiko azaldu ditu, bai eta euskarak testuinguru horretan duen lekua ere. Horrela, gizarteratze-eredu zenbait aurkeztu ditu, datu ugari mahairatuta. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan euskara maila ona duten euskal herritar berrien kopurua txikia dela aitortu du (% 6,1). Hori bai, gure Hezkuntza sisteman dauden gazteek euskararen ezagutza handiagoa dutela ere azpimarratu du, pentsatzekoa denez. Eta bestelako ondorio esanguratsu bat ere agertu du: herri txikietan, inklusiorako joera handiagoa dagoela hiri handietan baino. Hala ere, galdera zirikatzailea bota du: “Zenbaterainoko euskaldun izaten uzten diegu batzuei eta bestetzuei?”. Amaitzeko, Oleagak gogoratu du euskal herritarra izateko “modu asko daudela, eta etorkizunean ere hala izanen dela”.

 

Ostean, Xabier Aierdi Begirune Fundazioko kideak ideia bat azpimarratu du behin eta berriz, hots, immigrazioa serio hartu behar dugula, udal plangintza guztietan kontuan izanez, egoera berriari aurre egiteko teknikariak kontratatuz eta abar. Eta tarteka galdera batzuk ere proposatu ditu. “Nori dagokio euskara, batez ere, immigraziora hurbiltzea? Lan hori Hezkuntzari dagokio bakarrik? Udalek parte hartu behar dute? Gizarteak izan behar du erantzukizuna? Auzi garrantzitsu hori instituzionalizatu egin behar dugu edo borondatearen esku utzi behar da? Aierdik argitu du immigrazioa serio hartzeko kontua dela: “Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko zortzi pertsonatik bat immigrantea da. Errealitate serioa da. Estrukturala da, ez da atzera joango”.


    Orduan, arazoari aurre egiteko ekaitz perfektua sortu behar dela esan du Aierdik. Nola? Gako batzuk eman ditu: “Immigrazioa kontuan hartuta, batez ere euskarari lotutako plangintzetan; azpi-kolektiboak identifikatuz; euskararen presentzia soziala kontuan hartuz; eskola hizkuntza-eremuetan sendo kokatuz; Hezkuntza-sistemaren berrazterketa sakona eginez, egoera berrietara egokitu dadin; eskola proiektuak indartuz (baliabideak emanda); udalak gehituz (batzuek, jada, nahikoa lan egin dute); gizarte sareak erakarriz (esaterako, erretiroa hartu duen jende esperientziaduna...); birgizarteratze laborala eta linguistikoa lotuz; eredugarritasuna bultzatuz (bertakook euskaraz egiten ez badugu...); gizarte integrazioa eta hizkuntza integrazioa bi-biak kontuan izanik...”.

 

    Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek herri euskaldunetan bizi diren migratzaile erdaldunen bizipen eta iritziei buruz jardun dute. Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orion eginiko inkestaren emaitzak plazaratu dituzte ikertzaileek. 


    Bide batez, euskararen ikaste prozesuaren nolakotasunak ere azaldu dituzte, hots, etorkinen euskararen ezagutza handitzen ahalbidetu duten faktoreak: haurrak eta eskola, egiten dituzten lan motak, osatzen dituzten harreman-sare trinkoak... “Aztertutako herri gehienetan immigranteen erdiek astia hartu dute noizbait euskara ikasteko”, azaldu dute Eizagirrek eta Urrestarazuk, “baina kontuan izan behar da euskararen arnasguneetan bizi direla guztiak”. Hots, udalerrien egunerokotasunean euskarak duen presentziak, erabilerak, asko eragiten duela ondorioztatu dute.


    Azkenik, euskararen erabilera trinkoko guneen indargunea non dagoen ere agertu nahi izan dute, bi faktore uztartzen baitira herri horietan, non “modu informalean eskuratutako euskararen ezagutzak eta euskararen ikasketa formalek elkar elikatzen duten”.

 

Kulturen arteko lankidetza


Jardunaldiaren bigarren atalean, udal ordezkariek tokian tokiko esperientziak mahairatu dituzte. Atal horretan, ondokoen testigantzak entzuteko aukera izan da: Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariarenak; Samira Goddi Errenteriako Udaleko elkarbizitzarako eta lankidetzarako teknikariarenak; eta Alex Vadillo eta Elena Urzelai Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikarienak.

 

    Ordizian gertatzen dena egungo egoeraren ispilu garbia da, atzerrian jaiotakoen kopurua % 18koa baita, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako ehunekorik handiena. Hori horrela, udaletik bertatik saiatzen dira erakundeen eta herritarren arteko sareak sortzen, herritarrak subjektu aktibo bilakatuz. Harrera-protokolo propioa ere badute. “Elkarbizitza eta aniztasuna kudeatzeko eredua landu behar dugu herritarren artean. Kontaera bat eraiki guk sortu nahi duguna proiektatuz”, azaldu du Ainara Ormaetxeak. Euskal herritar berrien benetako integrazioa lortu nahi badugu, gauzak “errotik” aldatu behar direla esan du teknikariak, “euskalduntze politika integralak” ezarriz. “Euskara komunikatzeko tresna bat baino gehiago da, eta nahi dugu etorri berria subjektu politiko oso bihurtu, euskaratik”, hau da, “kulturen arteko lankidetza” etenbakoa proposatu du.

    Errenterian kopuruak ez dira hain handiak, baina bai esanguratsuak. 40.000 biztanle ditu udalerriak eta % 10 atzerrian jaioa da. Samira Goddik esan du aniztasuna sustatzen ahalegintzen direla, “babesten eta aitortzen”. Herri horretan ere badute udalaren harrera plana: “Haur iritsi berriei euskara errefortzua jartzen zaie, kulturen arteko bitartekari zerbitzua dago (irakurketa errazeko taldea, hizkuntzen topagunea...), euskararen inguruko aurreiritziei aurre egiten saiatzen gara... Baina dena ez da erantzuna, eta galderak ere geratzen dira airean: “Zer egin etorri berriek euskararekiko interesa izan dezaten, eta, era berean, aberastasun kolektiboaren alde jokatu? Nola uztartu bi ideia horiek?”. Goddik dio hortxe egon litekeela benetako integrazioaren gakoetako bat.

 

    Azkenik, Alex Vadillo eta Elena Urzelai Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariek Arabako hiriburuan azken urteotan egindako ahaleginak ekarri dituzte mintegira: emandako dirulaguntzak, antolatutako kanpainak Anhitzak topaguneak eta bestelako ekimenak... Azpimarratu dute Gasteiz “hiri anitza” dela eta, bide horretan, Gasteizko Udalaren Aniztasun Planak dioena gogoratu dute, hau da, kontua ez dela “kultur aniztasuna sustatzea, baizik eta aniztasunaren kultura sustatzea”. Hortaz, “elebakartasuna ez da irtenbidea”, bertokoaren defentsa egiteak ez baitu esan nahi “beste kultura batzuei ateak itxi behar dizkiegunik”. Ildo horretan, onartu dute euskara “kohesio-hizkuntza” izan daitekeela hirian.


    2013-2017ko Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren nondik norakoak ere partekatu dituzte entzuleekin, esanez baliabide berriak sortu behar direla immigranteei laguntzeko, eta, era berean, hiriko eragileen arteko komunikazio-kanalak sortu behar direla, kasurako, udalaren Aniztasun Zerbitzuarekin batera... Amaieran, hiru ideia-gako formulatu dituzte Gasteizko teknikariek: “elebakartasuna ezinezkoa da (desiragarria ere ez, ziur aski); eleaniztasuna da hizkuntza txikiek eta ertainek bizirik irauteko duten biderik onena; eta berdinetik berdinera jokatu behar dela, integrazioa norabide bikoa baita: elkar ezagutu, elkar onartzeko”.