Prentsa oharra 2018ko urriaren 16a

Erantzun bidezko Zigor Zuzenbidetik aurrea hartzen duen Zigor Zuzenbidera doan azken urteotako bilakaera aztertuko dute adituek ostiral honetan, Sabino Arana Fundazioan

Juan José López Ortegak, Madrilgo Probintzia Auzitegiko magistratu eta Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasle elkartuak, eta Adela Asuak, UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Konstituzio Auzitegiko presidenteorde ohiak, hizlari jardungo dute.

Juan José López Ortegak, Madrilgo Probintzia Auzitegiko magistratu eta Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasle elkartuak, eta Adela Asuak, UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Konstituzio Auzitegiko presidenteorde ohiak, hizlari jardungo dute Sabino Arana Fundazioak antolatu duen “Erantzun bidezko Zigor Zuzenbidetik aurrea hartzen duen Zigor Zuzenbidera” izeneko mintegian. Jardunaldia urriaren 19an izango da, ostiralarekin, Fundazioaren egoitzan eta, bertan, epaile, magistratu, Zigor-arloko abokatu, politikari eta irakasle ospetsuek parte hartuko dute.

Zigor Zuzenbidea eta zigor-prozedura bera ziztu bizian bilakatzen ari dira, gero eta kriminalitate handiagoari erantzun eraginkorra emateko xedez, batik bat, nazioz gaindiko delinkuentzia antolatuari erantzun egokia emateko xedez; azken horretan, terrorismoa delinkuentziaren erarik agerikoena baino ez da. Gaizkileen elkartzeetan funtsatzen diren delituak izugarri hedatu direnez, Zigor Zuzenbideari lotutako esku-hartzearen xedeak paradigma-aldaketa nabarmena izan du. Delituaren ondoriozko erantzunaz gain, gaur egun, kaltezko eraginak saihestu nahi dira aurretiaz, gertakariak jazo baino lehenago esku hartuta. Izan ere, egindako delituari erantzutea baino, delitua bera saihestea litzateke xedea, aurrea hartzeko ekimena justizia kriminaleko sistemari atxikita, gaurdaino egin izan ez den moduan. Frantzian, larrialdiko egoeran onartu zen terrorismoaren aurkako legeria aurrea hartzea xede duen zigor-arloko esku-hartze horren adibide ona dugu.

Azaldutako gaiak jorratzeko, Juan José López Ortega eta Adela Asuaz gain, berrogeita hamar bat epaile, magistratu, Zigor-arloko abokatu, irakasle eta beste parte hartuko dute mintegian, besteak beste, Pedro Crespo, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Fiskaltzako burua; Esther Erice, Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua; Juan Luis Ibarra, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko burua; Manu Lezertua, arartekoa; Nekane San Miguel, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua; Angels Vivas, Bartzelonako Probintzia Auzitegiko magistratua; Joxe Ramón Bengoetxea, Eurobask erakundeko idazkari nagusia eta UPV/EHUko Europako Zuzenbide, Teoria Juridiko, Soziologia eta Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea; Eamon Butterfields, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea; Jorge Correcher, Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakaslea; eta Txema Montero, José Ricardo Palacio, Miren Itziar Txarterina, Miguel Castells eta Juana Balmaseda abokatuak.

Datuak Babesteko Agentziako zuzendariak, Margarita Uriak, koordinatu du mintegiaren antolaketa.