Prentsa oharra 2021ko uztailaren 29a

Etorkizuneko euskal gizartean, euskararen aukerak, erronkak eta rolak aztergai Hermes aldizkariaren azken zenbakian

Elkarrizketan, Bilboko gotzain izendatu berriak, Joseba Segurak, badio Euskal Autonomia Erkidegoan “beste leku batzuetan baino sekularizazio azkarragoa gertatzen ari dela, eta horretan, euskal nortasuna erdigune bilakatu dela”.

Etorkizuneko euskal gizartean, euskararen aukerak, erronkak eta rolak aztergai Hermes aldizkariaren azken zenbakian

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 69. zenbakiak azterketa sakona jaso du euskarak etorkizun hurbileko euskal gizartean izango dituen aukera eta erronkei buruz, hainbat arlotako adituen eskutik. Euren esanetan, “teknologia berriak baliatzea da helbururik behinenetakoa, munduan agertu, bizirik egon eta hizkuntza bizia izateko”.

 

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean antolatutako mintegi batean parte hartu zuten hizlarien, hainbat gizarte-esparrutako (Osasuna, Hezkuntza, Teknologia Berriak...) adituen eta antolakunde esanguratsu batzuetako ordezkarien gogoeten emaitza da.

 

Ale berezi honetan, ondokoen ekarpenak jaso dira, nork jarduten duen esparruaren ikuspegitik egindakoak: Erramun Osa, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkaria, euskaltzain urgazlea eta mintegiaren koordinatzailea; Xabier Barandiaran, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia arduraduna; Ibon Zugasti, Prospektiker erakundeko zuzendaria; Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria; Iñaki Iurrebaso, UPV/EHUko irakaslea; Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Ane Urizar, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako ikertzailea; Aitor Montes, medikua, Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIU medikua, eta Jon Zarate, Farmaziako doktore eta NanoBioCel (UPV/EHU) antolakundeko ikertzailea; Arantza del Pozo, Vicomtech enpresako Hizkuntza eta Ahots Teknologien Saileko zuzendaria; Xabier Arregi, UPV/EHUko IXA eta HITZ ikerketa-taldeetako kidea; Igor Leturia, Elhuyarreko hizketa-teknologien arduraduna, eta Josu Aztiria, Elhuyarreko Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzailea.

 

Etorkizunean, hizkuntzaren lekua bermatzea da helburua, zeregin bizia eta eraginkorra izan dezan, ez testigantzazkoa.

 

Ale bereziaren aurkezpenean, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak azpimarratu du Hermes aldizkariaren ale honen helburu nagusia “euskararen erabilerari lotutako etorkizuneko joerak aztertzea” izan dela, “egun darabilgun hizkuntza biziberritzeko prozesuan kontuan har daitezen”.


Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du Akademiak askotariko lankidetzak garatzen dituela, horietako bat Sabino Arana Fundazioarekin, betiere euskararen eta euskal kulturaren inguruabarrean. Lan-ildo horri gagozkiola, ohiko bihurtu zaigu bi erakundeoi mintegi-jardunaldiak antolatzea eta horien lekukotza eskaintzea paperezko euskarrian eta linean.

 

Oraingo honetan, iazko uztailean eginiko mintegiaren emaitza oparoa, askotariko iritziz eta ekarpenez osatu baita, kaleratu dugu, etorkizuneko euskal gizartean begirada jarrita. Euskara eta euskal kultura etorkizuneko ingurumarian ardatz hartuta, eleaniztasuna, kultura aniztasuna eta teknologiak berriak jorratu dira zenbakian. 

 

Hermes aldizkariaren zuzendari Olga Saezen ustez, “euskara Euskadiko biztanleen egiazko hizkuntza bilakatu behar da”.

 

“Belaunaldi berriak, gehienbat, euskaraz eskolatu dira azken 40 urteetan. Hala eta guztiz ere, kaleko erabilerak ez du inola ere herritarren hizkuntza-ezagutza islatzen, baina teknologia berriek aurrera egiteko eremu bat eskaintzen digute, eta gazteen belaunaldiek bultzatu behar dute erabilera esparru horretan”.

 

Bestalde, Pedro Ontoso kazetariak elkarrizketa egin dio Joseba Segura Bilboko gotzain izendatu berriari. Elkarrizketan, Segurak ohartarazi du fedearen familia bidezko transmisioa galdu dela eta, dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoan “beste leku batzuetan baino sekularizazio azkarragoa gertatzen ari dela, eta horrek zerikusia daukala pentsamolde erlijiosoa izatetik garrantzi handiko pentsamolde politikora igarotzearekin, beharbada, euskal nortasuna erdigune bihurtu deneko pentsaera batera aldatzearekin”.

 

Joseba Seguraren ustez, “apurka-apurka eraldaketa gertatuko da kultura-arloan, baita Elizaren ikuspegian ere, eta horrek aukera asko ekarriko ditu Euskal Herrian tradiziozkoa ez den fede-komunitatea berreraikitzeko. Antza denez, komunitate hori ez da hain zaharra izango, baina oraingoa baino askoz txikiagoa izango da. Eta agian, alderdi askotan, ez da lehengoa bezain garrantzitsua izango”. Gotzainak azpimarratu duenez, emakumearen ahotsa “Elizaren erabakimen-guneetan ere agertu behar da”.

 

Era berean, eutanasiaren inguruko eztabaidari dagokionez, Bilboko gotzainak hauxe adierazi du: “Legebiltzarrak gai honen inguruan erabakiak hartzeko duen legitimitatea onartuta, ulergarria da Elizak beste iritzi bat izatea ‘ongi’ hiltzeari buruz”.

 

Elizak euskararen garapenaren eta biziberritzearen alde egindako apustuari dagokionez, Segurak aitortu du zailtasunak egon daudela, “pastoraltzako eragile euskaldunen gero eta ahultasun handiagoagatik” eta nabarmendu du “ahalegin handia egin behar dutela apaizgaiek euskara ikas dezaten, haien familiak, jatorriz, ez baitira euskaldunak”.

 

69. zenbaki honetako lan grafikoa Izaskun Araluzea Itza artistak egin du eta Txetxu Berruezo argazkilariak irudiztatu du Bilboko gotzainari egindako elkarrizketa.

 

(Aleak eskuratu)