Prentsa oharra 2025ko urtarrilaren 15a

ETS, Las Poderosas, Jabo Irureta, Leopoldo Martínez, Stéphane Séjourné, Jean Claude-Larronde eta Iñigo Urkullu Lehendakaria, 2024ko Sabino Arana Sariak

  • Sabino Arana Fundazioak urtarrilaren 26an, igandearekin, egingo du kultura-ekitaldi honen XXXVI. edizioa, goizeko 12etan, Bilboko Arriaga antzokian.
  • Aurtengo zazpi saridunez gain, 202 pertsonak, elkartek eta erakundek jaso dute saria aurreko 35 edizioetan.
  • Ekitaldia streaming bidez ere emango da, Sabino Arana Fundazioaren webgunetik (www.sabinoarana.eus).
Mireia Zarate eta Ignacio Etxeberria,  2024ko Sabino Arana Sarien aurkezpenean Mireia Zarate eta Ignacio Etxeberria, 2024ko Sabino Arana Sarien aurkezpenean

Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta erakundearen idazkariak, Ignacio Etxeberriak, 2024ko ekitaldiko Sabino Arana Saria jasoko duten pertsona eta antolakundeen izenak eman dituzte gaur eguerdian. Sarion bidez, gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen diren pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatetsi nahi dira.

Datorren urtarrilaren 26an, igandearekin, Bilboko Arriaga Antzokian egingo den ekitaldian, ondokoen merezimenduak aitortuko dira 12:00etatik aurrera: En Tol Sarmiento edo ETS musika-taldea;  Emakumeen salerosketaren aurka diharduen Las Poderosas izeneko Nafarroako emakume-taldea; Javier Iruretagoiena, Jabo Irureta futbol-jokalari eta entrenatzailea; Leopoldo Martínez abokatu eta politikari venezuelarra; Stéphane Séjourné Europako Batzordeko Oparotasuna eta Estrategia Industriala sustatzeko presidenteorde exekutiboa; Jean-Claude Larronde abokatu eta historialaria; eta Iñigo Urkullu Lehendakaria.

Zazpi sari berri hauek gehitu behar dizkiegu sariak ezarri zirenetik, 1989. urtetik, eman diren 202 sariei. Sabino Arana Fundazioaren sariak urtarrilean banatzen dira urtero, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta.

  1. edizio honetan, Sabino Arana Fundazioak En Tol Sarmiento (ETS) aintzatetsi eta saritu nahi du, musika-taldearen 20 urteko ibilbideagatik eta, Euskadiko mugatik, Arabako Errioxatik, gaur egun Euskal Herriko musika-talde ezagunenetakoa denak euskararen alde egindako apustu sendoagatik, abestiak euskaraz baino ez dituztela kantatzen.

Mireia Zaratek azpimarratu duenez, «bi hamarkada hauetan, ETSk hazten, heltzen eta finkatzen jakin izan du gero eta entzule gehiagoren artean, belaunaldi berriak horren erakusgarri bikaina dugula. 20 urteurrenaren kariaz, Barakaldoko BECen eman beharreko hiru kontzertuetarako sarrerak ordu gutxiren buruan agortu izanak argiro erakusten digu ETSk esan nahi duen guztia».

«Las Poderosas izeneko elkartea ere sariduna izango da. Nafarroako «Acción Contra la Trata – ACT (Pertsonen Salerosketaren aurkako Ekintza Taldea)» antolakundearen eskutik sortu zen elkartea eta hainbat nazionalitatetako emakume migratzaileak biltzen ditu. Denboraren poderioz, elkarte eredugarria dugu sexu-esplotazioa pairatzen duten emakumeen salerosketaren eta haien aurkako beste indarkeria mota batzuen kontrako borrokagatik. Azken buruan, laguntza- eta babes-taldea da hainbat motatako indarkeria jasan eta bizirik atera diren beste emakume askorentzat», adierazi du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.

«Sariak mundua aldatu nahi duen emakume-talde hau aintzatetsi nahi du; emakumeak emakume izate hutsagatik jazartzen dituzten indarkeria guztiak desagerrarazteko elkartu diren emakumeen talde hau, horrelako urraketa guztiak prebenitu eta laguntza bila dabiltzanei babesa eman nahi dien talde hau», nabarmendu du Zaratek.

Datorren urtarrilaren 26an, Sabino Arana Fundazioak Javier Iruretagoiena Amiano edo Jabo Irureta izenez ezagunagoa duguna ere sarituko du. Sari hori emanda, Sabino Arana Fundazioak omenaldia egin nahi dio «euskal futbolaren ikur handienetako bati, jokalari eta entrenatzaile gisa egindako ibilbide arrakastatsua eta bikaina aitortzeko», azaldu du Mireia Zaratek.

«Oso ohitura xaloak eta betiko lan-teknikak darabiltzala, beraren alboan lan egin duten pertsona guztiek azpimarratu dute Jabo-ren zintzotasuna eta buruargitasuna, eta nolakotasun horiei esker, ondo baino hobeto moldatu da aritu den talde guztietako pertsonekin. 15 urte eman ditu jokalari eta 70 gol sartu Lehen Mailan, eta beste 28 urte eta 612 partida zuzendu maila horretan. Hala, datu horiek kontuan hartuta, partida gehien  egindako bigarren entrenatzailea da Ligako historian. Lau hamarkada baino gehiago igaro diren arren, entrenatzaile irundarrak futbolari loturik jarraitzen du, eta garairik onenak eta loriatsuenak izan dituzten taldeek estimu handiz gogoratzen dute», azpimarratu du Zaratek.

Euskal sustraiak dituen Leopoldo Martínez Nucete abokatu eta politikari venezuelarrak ere saria jasoko du urtarrilaren 26an Sabino Arana Fundazioaren presidentearen eskutik.

«Centro para la Democracia y el Desarrollo en las Américas deritzon gobernuz kanpoko erakundearen sortzaile eta AEBko Demokraten Batzorde Nazionaleko kide izan zen lehen venezuelar horrek jatorrizko herrialdetik ihes egin behar izan zuen eta Estatu Batuetara joan zen familiarekin batera babes bila, jazarri baitzuten Nicolas Maduroren diktadura salatzeagatik. AEBn, eginkizun batzuk betetzen ditu estatu Batuetako Alderdi Demokrataren barruan, betiere Euskadi bistatik galdu gabe», nabarmendu du Zaratek, eta Martinezek berak esandako hitz batzuk gogorarazi ditu: «Erakundeekiko, Europar Batasunarekiko eta mundu mailako multilateralismoarekiko konpromiso ikaragarria erakutsi duzue euskaldunok. Eta hori guztia, euskal kulturaren sustrai sendo eta bikainak landuz eta zainduz. Horregatik guztiagatik, errespetu handiz begiratzen diogu Euskadin gertatzen den guztiari».

Ezbairik gabe, «AEB eta Amerikako beste herrialde batzuekiko harreman sendoak sustatu eta defendatu nahi dituzten loturez», diharduela adierazi du Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.

Stéphane Séjourné Europako Batzordeko Oparotasuna eta Industria Estrategia Sustatzeko presidenteorde exekutiboak eta Renew Europe Taldeko presidente ohiak ere jasoko du saria, «Europa eraikitzeko konpromisoagatik, erkidegoa osatzen duten herri guztien batasunetik abiatuta».

«Gero eta erronka konplexuagoei, hala nola klima aldaketari, deskarbonizazioari eta berrindustrializazioari, tentsio geoestrategiko edo geoekonomikoei, digitalizazioari edo adimen artifizialari, aurre egingo dien Europa indartsu eta batuaren aldeko apustu irmoa egin du  Séjournék», adierazi du Mireia Zaratek.

Gainera, esan du «euskal nazioak, Euskadik, berezko lekua duela Europan eta Europaren barruan. Gogotik parte hartu genuen Europako Kristau Demokraziaren sorreran, Nazioarteko Talde Berrietan parte hartu genuen eta egungo EBren aurrendaria izan zen Hagako Biltzarrean izan ginen. Europa gehiago nahi dugu, eta Stéphane Séjournék Batasunaren etorkizunak behar-beharrezkoa duen elkarlaneko eta elkartasuneko gogo bikaina darakutsa».

Sabino Arana Fundazioak Jean-Claude Larronde, Baionako Elkargoko abokatu emeritua, historialaria eta, Bidasoaz iparraldera zein hegoaldera, euskal abertzaletasunaren historiako aditu handienetakoa, aintzatetsi eta sarituko du igandean, hilaren 26an. «Jean-Claude Larronde alboan utzita, oso gutxik ikertu eta argitaratu dute hain ugari eta arreta handiz Sabino Arana sortu zuen alderdiaren historiari buruz. Zalantzarik gabe, oso ekarpen baliotsua da euskal nortasuna eraikitzeko bidean», nabarmendu du Mireia Zaratek.

Era berean, gure oroimen historikoa berreskuratzeko helburua duten ekimen ugariren bultzatzailea dela, Sabino Arana Fundazioak «eskerrak eman nahi dizkio historialari lapurtarrari komunitate honetako, hau da, euskal komunitateko, gogozko partaide izateko erakutsi duen konpromisoagatik eta sentimenduagatik, horiek bultzatu baitute Larronde Euskal Herriko historia garaikideari lotutako lan ugari argitaratzera» azpimarratu du Fundazioaren presidenteak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria

Azkenik, Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiren alde egindako lana eta dedikazioa ere aintzatetsiko ditu Fundazioak.

«Elkarrizketa, akordioak adosteko gaitasuna, autogobernua eta susperraldi ekonomikoa izan dira Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzan bete dituen hiru legegintzaldien ardatz nagusiak. Hamabi urte horietan, moderazioa, oreka eta ongizate-estatuarekiko nahiz euskal nortasunarekiko konpromisoa aldeztu ditu Urkulluk populismoen aurrean. Eta hori guztia egin du Lehendakariak beti sustatzen jakin duen «auzolanaren» balioek gidatuta; hau da, guztion onerako lan partekatua, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak sustatuz eta sendotuz. Bere bokazio europazale sendoak, munduari zabalik ageri den Euskadiren oinarriak finkatzeko balio izan du, osotasunean, elkartasunean, integrazioan eta antzeko balioetan eraikita», adierazi du Zaratek.

Sabino Arana Fundazioaren idazkariak, Ignacio Etxeberriak, saridunak aukeratzeko egiten den bozketaren nondik norakoak azaldu ditu. Aurten banatuko diren sarien hautaketa iazko irailaren 6an hasi zen, lehen itzulian, eta Patronatuak azaroaren 22an egindako bileran amaitu, saridunen behin betiko zerrenda berretsi zela.