Prentsa oharra 2019ko apirilaren 5a

Europako Parlamentua, Europako baterakuntza politikoaren eta demokraziaren eragilea

• Europako Parlamenturako lehen hauteskundeak egin zirenetik 40 urte igaro direla, adituek estatuen baterakuntzaren garapenaz hausnartu dute, egungo egoera aztertu dute eta gogoeta egin dute Europar Batasunaren etorkizunaz.

Europako Parlamentua, Europako baterakuntza politikoaren eta demokraziaren eragilea

“Europako demokraziarantz: 40 urte Europako Parlamenturako lehen hauteskundeak egin zirenetik” izenburuaren ildotik, Europako Demokraten Institutuak (IED) eta Sabino Arana Fundazioak berrogei bat aditu bildu dituzte jardunaldi honetara, besteak beste, irakasleak, politikariak, Europako diputatu ohiak eta erakunde-ordezkariak, Europar Batasuneko organo legegile gorenaren iragana, oraina eta geroa aztertzeko. Adituen arabera, lehen hauteskundeak egin zirenetik 40 urte igaro direla, “erakunde horretan bertan, hain zuzen ere, aurki dezakegu Europako eraikuntzari bultzada berri emateko hazia”.

 

Jardunaldiaren hasieran, bi hitzaldi entzun ditugu, ondokoen eskutik: Claes H. de Vreese, The Amsterdam School of Communication Research (ASCoR) erakundeko Politika Komunikazioko irakaslea; eta Igor Filibi, UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetako irakaslea. Bi-bien ustez, Europako baterakuntza “politikan egin den esperimenturik handienetakoa izan da eta, segurutik, modu baketsuan gauzatu den ekimenik handiena”.

 

Filibik esan duenez, “abagune aparta da bigarren mailako organo gisa sortu zen erakunde horren gaineko gogoeta egiteko; izan ere, hasiera batean ia botere eraginkorrik ez bazuen ere, gaur egun legeak ematen ditu Europar Batasunean, Europako Batzordearekin batera”.

 

Ildo horretan, UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetako irakasleak adierazi du “Europako Parlamentuaren bilakaera aztertu ondoren, zalantza barik esan daitekeela erakunde horrek boterea eta eragindura badauzkala, askotan esan ohi dena baino handiagoak”. “Horrela gertatzen da egun, sekula baino gehiago, Brexit-ek baldintzatutako ingurumarian eta Europako etorkizunari buruzko eztabaidaren erdian”, azpimarratu du.

 

Jardunaldiaren gainerakoan, bi mahai-inguru izan dira. Bietan, Europako Parlamentuko diputatu eta ALDE taldeko presidenteorde Izaskun Bilbao Barandicak jardun du moderatzaile.

 

Lehen mahai-inguruan, Europako Parlamentuko bi kide ohiren bizipenak entzun ditugu, bi euskal politikarirenak, hain zuzen ere: Txema Montero, Europako Parlamentuko kidea HBren ordezkaritzan 1987 eta 1990 urteen artean, eta Josu Ortuondo, Koalizio Nazionalista –Herrien Europa eta Galeusca– Herrin Europaren ordezkaritzan, 1999 eta 2009 urteen artean.

 

Txema Monterok Europako aldi labur baina bizi-bizian gertatutakoen berri eman digu, kasurako azkenean ETAren amaiera ekarri zuten Aljerreko elkarrizketez mintzatu da. Monteroren esanetan,  elkarrizketa haiek “sekulako frustrazioa ekarri zioten gizarteari, oro har, eta niri, bereziki”. Sasoi hartan, Monterok orduko kideen aurkako atentatua ere, Alcalá hotelekoa, pairatu behar izan zuen, parlamentari bat erail (Josu Muguruza) eta beste bat larriki zauritu zutela (Iñaki Esnaola); bestalde, ETAren atentatu amaigabeez berba egin du; Nelson Mandelaren askapenaz (Monterok Mandela ezagutzeko aukera izan zuen Europako Parlamentuan); Palestinako hitzarmen bideragaitzaz (Yaser Arafat ere ezagutu zuen Europako Parlamentuan bertan); eta Ipar Irlandako baketze gorabeheratsuaz.

 

Txema Monteroren iritziz, sasoi hartan, Herri Batasunaren asmoa bakuna zen:  “Europan, bozgorailu izatea, euskal auzia nazioarteratzeko txartel-bisita eduki eta, horrela, auziari irtenbidea emateko. Parlamentuaren barruko aliatuak gutxi-gutxi ziren, Alemaniako berde alternatiboren bat; hala ere, euskaldunen eta espainolen arteko egoeraz interesa zutenak askozaz ere gehiago ziren, baina zuhurtasunez jokatzen zuten… edo ezkutuan zebiltzan”.

 

Monteroren aburuz, Eurodiputatuaren agiria erakunde eta nazioarteko pertsona esanguratsuen aurrean bisita-txartel gisa aurkeztea oso baliagarria da “pertsona eta erakunde askok gurekin batzartzea arrazoitzen baitzuten Europako Parlamentuan ordezkaritza zeukan indarra ginela esanda”.

 

Txema Monterok adierazi duenez, “Europako Parlamentuak eredu politiko berria erakutsi zidan, Europako Batzordearen eta Kontseiluaren aurrean, parlamentuaren benetako botere legegilearen etengabeko aldarrikapenean oinarritutakoa, nahiz eta eskaera iraunkor horrek, askotan, indarra galtzen zuen, orduan, adostasuna behar-beharrezkoa baitzen Europako erakundeak apurka-apurka egituratu zitezen. Hau da, orduko egoerak ez zeukan zer ikusirik oraingo egoerarekin”.

 

Ordezkaritza politikoaren bilakaera

 

Josu Ortuondoren esanetan, azken 40 urteotan, 9 estatu izatetik 27 estatu izatera igarotzeak nabarmen aniztu ditu pentsamolde politikak ganberaren barruan.

 

Era berean, Ortuondok azpimarratu du Europako Alderdi Politikoen Estatutuaren onarpenak, 2014. urtean, “nazioz gaindiko kidetza politikoak hobeto bideratzea ahalbidetzen duela eta Europar batasunaren parlamentuaren eta politikaren egonkortasuna errazten duela”. Hala eta guztiz ere, Europako diputatu ohiaren arabera, “oraindik ere badira Europako inongo alderdiri atxikitzen ez zaizkion estatuko alderdi eta mugimendu politikoak, batik bat, Europaren aurkakoak”.

 

Josu Ortuondok gaineratu du “aldi honetan, parlamentu-taldeak 6tik 8ra igaro zirela, hau da, herena hazi zirela, baina hasierako bi elkartu direnez, egiatan, hiru talde berri sortu dira: kontserbadoreak eta Europako erreformistak (PPEtik alde egindako britainiarrak eta txekiarrak: kontserbadorismoa, euroeszeptizismoa eta antifederalismoa), aulki guztien % 10,1 betetzen dituztenak; Askatasunaren eta Zuzeneko Demokraziaren aldeko Europazaleak (eskuin muturrekoak, kontserbadorismoa eta nazionalismo euroeszeptikoa): aulki guztien % 5,5 betetzen dituztenak; eta Nazioen eta Askatasunaren Europazaleak (populismoa, nazionalismo euroeszeptikoa): aulki guztien % 4,9 betetzen dituztenak”.

 

Egoera horretatik guztitik, Josu Ortuondoren iritziz, bi kontu ondorioztatu behar dira: bata, “antolakunde berrien ildo erkidea euroeszeptizismoa dela eta pairatu dugun krisialdi ekonomiko larria gorabehera (guztiek Bruselari egozten zioten krisiaren errua), horren guztien ordezkaritza % 20,5ekoa da, hau da, bostena”. Eta bestea, “Europaren aldeko indarrak finkaturik daudela eta gehiengo irmoa osatzen dutela eta, beraz, ezinbesteko babes politikoa bermatzen dutela Europar Batasunaren etorkizuna garatzeko”.

 

Bigarren mahai-inguruan,  Antonio Argenziano jaunak, Europako Gazteria Federalistaren idazkari nagusiak; eta Petr Mucha jaunak, Prahako 2000 Fundazioaren Programen Batzordeko kideak, jardun dute hizlari.

 

Belusezko Iraultza deitutako mugimendua baketsua dela bide, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botere politikoaren monopolioa galdu zuen 1989. urtean, eta Prahako ikasleen buruzagi nagusietako bat izan zen Mucharen aburuz, “Europar Batasunaren inguruko pertzepzioa nabarmen bilakatu da Erdialdeko Europan Altzairuzko oihala desegin zenetik”.

 

Laurogeita hamarreko hamarkadan hautsi zen sobietarren kateak eragindako egoera amaitutakoan,  ‘Europara itzultzeko asmo apaletik’ abiatuta, herrialde horiek guztiek aro totalitarioaren osteko erronka ugariri aurre egin behar izan diete. Egun, Europako ideal demokratikoetan atzera egiten ari direla ematen duen arren, itxaropen-zantzuak ere egon daude”, adierazi du.

 

Azkenik, Antonio Argenzianok honakoa azaldu du: “oro har, Europako hauteskundeen ingurumariko eztabaida publikoan, Italiako gaiak eta Italiako politikaren barruko orekak gailendu diren arren, azken urteotan, zerbait aldatzen ari da. “Europako gaiak beti azaltzen dira politikarien adierazpenetan eta, Europar Batasunaren inguruan, Italiak daukan jarrerak inoiz baino eztabaida gehiago pizten ditu. Azken hamarkadako leloak eta kanpainak erkatzen baldin baditugu, zerbait aldatu da”, esan du. Ildo horretan, Europako Gazteria Federalistako idazkari nagusiak honakoa galdetu dio bere buruari: politikarien arteko eztabaida europartu da edo, bestela, horren garrantzizkoak dira Europako gaiak Italiako gaien aurretik egoteko?