Prentsa oharra 2017ko urriaren 19a

Euskal kulturaren oroimena berreksuratzen (2. jardunaldia)

Zinema, pintura, eskultura, literatura-bertsolaritza, euskara, kultura-mugimendu eta beste arlo batzuetako adituek parte hartu dute Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldietan, urriaren 18an eta 19an, XX. mendearen lehen herenean sortu ziren euskal kulturaren adierazpen eta agerkizunen oroitzapena aldarrikatzeko helburuz, bereziki, diktadura garaian, frankismoak ezarritako baldintza latzen mendean garatu zirenena.

Euskal kulturaren oroimena berreksuratzen (2. jardunaldia)

Gaurko jardunaldian, ondokoak aritu dira hizlari: Josu Chueca, EHUko Historia Garaikideko doktorea; Joseba Lopezortega historialaria; eta Mercedes Albaina, Musikako goi-mailako tituluduna eta Psikologiako lizentziaduna.

Mercedes Albainak euskal musikaren gerra aurreko testuinguru aberatsa aletu digu. Albainak adierazi duenez, XX. mendean, musika giro oparoa zegoen Euskal Herrian, eta “gizarteak denon ondaretzat zeukan”.

“Testuinguru hori garatu zen mendearen lehen hamarkadetatik ehundutako irazki edo bilbe sendoari esker. Izan ere, bilbe hori gogo biziz eta etengabe irun zen euskal folklorearen iturri emankorretik berezkotasunez zerion lehengaiaren inguruan”, adierazi du Albainak.

Era berean esan du “musikaren jaraunspena bilatu eta biltzeko asmoz, erakundeek agertutako ekimena eta ikerketa horretan jardun zutenen zorroztasuna direla medio, denon gozamenerako, betiko gorde ziren abesti eta dantzez beteriko katalogoa eskuratu genuen. Bilduma horretan funtsaturik, musikagileek langintza ederra eskuratu zuten bertan eta, geroago, Europan ernetzen ari ziren musika eta arte abangoardiei begira jarri ziren arreta handiz. Etorkizun handiko euskal musikariak Europako hiriburu musikaletara joan ziren euskal musikaren ondare bikaina mundura zabaltzeko tresna egoki bila. Eta horren ondorioz, jatortasun handiz uztartu ziren talentua eta tradizioa, betiere musika lengoaiaren beharrezko berrikuntzaz jantzita. Zalantza barik, mende hasierako musikari horien guztien ametsa musika konposatzeko teknikak ikastea izan zen, horien bitartez, euskal musika munduari erakusteko, jatorrizko hizkuntza ezaugarri eta guzti, artean modernitatez apailatuta zegoen Europako ingurumari zoragarrian”.

“Hala eta guztiz ere, modu ankerrean eta horrenbeste musikaren gainetik, hondamendia etorri zitzaigun eta gerra zoro eta gaiztoak ideologiez ozta-ozta zipriztindutako kontzientzia kolektiboa biziraun behar izan zuen kultura bihurtu zuen, eta kostunbrismoa deitu zioten. Agidanez, etiketa hark baretu zituen armatzat lurraren soinuak eta pentagrama bateko lerroak besterik ez zituen kultur adierazpide berezi horretan arrisku bizia antzematen zutenak”, adierazi du.

Beste alde batetik, “Giza izaera BOSen ispiluan” izeneko hitzaldiaren bitartez, Joseba Lopezortega historialariak aztertu du Gerra Zibilak zer-nolako eragina izan zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren bilakaeran. Orduan, gerra piztu zenean, BOS “gaztea zen eta sendotze bidean zegoen”.

Lopezortegaren iritziz, gerrak zauri larria eragin zion orkestrari, hiru alderditatik begiratuta: alde batetik,  “Orkestra gizarte- eta kultura-ingurunearen isla izateko eginkizuna errotik erauzi zuten erakundeko zuzendari berriek, programazio guztiz ideologizatuta ezarri zutela, erregimen berriaren aldeko propaganda-tresna gisa, Orkestraren hasierako helburuetatik hau da, gizarte osoaren isla izateko asmotik zeharo aldenduta”.

Beste alde batetik, Orkestra osatzen zuten musikariei dagokienez (gaurdaino iraun duten agirietan argiro ikus daitekeen legez), Lopezortegak esan du “zuzendari berriek zigor eta sarien araubidea ezarri zutela, oro har, musikarien ideologiaren arabera”. 

Azkenik, adierazi du “Orkestraren administrazio-nortasuna osoro ahuldurik geratu zela frankistek Bilbo okupatu ostean, eta egoera kaskar horretan iraun zuela harik eta, laurogeiko hamarkadan, sendotu zen arte”.

Historia Garaikideko doktore Josu Chuecaren hitzaldiaren aztergai nagusia hauxe izan da: XX. mendearen hastapenetan, euskal kultura biziberritu eta egituratzeko helburuz, lanean hasi ziren erakunde eta eragileak. Ildo horretan, Chuecak gogorarazi digu, 1918ko irailean, Oñatin, Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarrean hartutako erabakien ondorioz, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren eskutik, euskarak, euskal unibertsitateak eta beste egitasmo autonomista batzuek “bultzada handia izan zutela, 1936-1939 aldiko haustura etorri baino lehen”.

Frankisten diktadura etortzeaz batera, “arestian esandako erakundeak eta horien helburuak nabarmen ahuldu ziren arren”, egungo kultura-ingurumariak “asko zor die XX. mende oso-osoan euskal kulturaren alde jardun zuten antolakunde horiei guztiei”, nabarmendu du.

Atzoko jardunaldian, urriaren 18an, ondokoek jardun zuten: Javier Viar, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohia; Igone Etxebarria, Labayru Fundazioko zuzendariordea; eta Alberto López Echevarrieta kazetaria, idazlea eta zineman aditua.



EUKAL KULTURAREN MEMORIA Jardunaldietako ponentzien bideoak dagoeneko eskuragarri