Prentsa oharra 2019ko azaroaren 15a

“Euskal Literatura eta Memoria” mintegia

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak gure memoria historikoak euskal literaturan utzitako arrastoa aztertuko dute azaroaren 20an, asteazkenarekin, goizeko 9:15etatik 13:15etara.

“Euskal Literatura eta Memoria” mintegia

Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak XX. mendean sorturiko euskal kultura-adierazpideen memoria aldarrikatzeko helburuz urtero antolatzen duten jardunaldien esparruan, aurten Euskal Literatura jorratuko dugu.

 

Hala, “Euskal Literatura eta Memoria” izenburuaren ildotik, mintegia azaroaren 20an egingo da, asteazkenarekin, goizeko 9:15etatik 13:15etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Moraza plaza, metroaren 3. lineako Matikoko geltokiaren ondoan).

 

Mintegian, euskal literaturak 1936ko gerrari eta Francoren diktadurari lotutako gure memoria historikoa zelan islatu duen argitzen ahaleginduko gara. Izan ere, literaturak, askotan, errealitate- txatalez irudikatzen du iragana, historiak ez bezala, sekula ere bakarra ez den historiak ez bezala. Horrela, literaturaren bidez, Historiak (letra larriz idatzita) nekez kontatuko dizkigun errealitate batzuen berri izan dezakegu. Hala eta guztiz ere, historiarekin gertatzen den moduan, memoriak ere hutsarteak eta gabeziak izan ditzake.

 

Alderdi horri guztiei ekiteko, Mª José Olaziregik, Euskal Filologiako doktore eta UPV/EHUko Euskal Literaturako irakasleak, jardungo du hizlari. Haren hitzaldiaren izenburua hauxe izango da: “Egungo euskal literatura, memorien gotorleku”.

 

Hitzaldia eta osteko eztabaida amaituta, atseden laburra egin da eta, jarraian, mahai-ingurua izango da, ondoko parte-hartzaileen eskutik: Aingeru Epaltza, idazle eta itzultzailea; Ana Urkiza, idazle eta itzultzailea; eta Patxi Zubizarreta idazlea. Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioaren zuzendariorde eta mintegiaren koordinatzaileak, moderatzaile-lanetan arituko da.

 

Jardunaldi horretan, hainbat kultura-adierazpidetako berrogeita hamar bat adituk ere parte hartuko dute.