Prentsa oharra 2019ko azaroaren 20a

Euskal literatura eta memoria, norbere eta talde nortasuna eraikitzeko tresna

‘Euskal Literatura eta Memoria’ mintegia

Euskal literatura eta memoria, norbere eta talde nortasuna eraikitzeko tresna

Euskal kultura eta literaturaren arloko hogeita hamar bat adituk memoriaren isla aztertu dute euskal literaturan, Bilbao 700 Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak gaur antolatutako mintegian.

 

Mari Jose Olaziregik, Euskal Herriko Unibertsitateko literatura irakasleak eta MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikerketa talde kontsolidatuaren zuzendari denak, literatura eta memoriari buruzko hausnarketa orokor bat eginda hasi du ‘Egungo euskal literatura, memorien gotorleku’ hitzaldia.

 

Azken hamarkadetan, giza eta gizarte-zientzietan memoriaren azterketak izan duen garrantzia azpimarratu ostean, euskal literatura garaikidean hainbat egilek nabarmendutako ideiak aztertu ditu. Euskal literaturak gure hurbileko historia gatazkatsuaren aurrean izandako jarrera eta landutako gaiak nabarmendu ditu eta Gerra Zibilak eta ETAren jardunak euskal narratiban eragindako gaiak aipatu ditu. Besteak beste, "terrorearen arkeologia" deituriko atalean, euskal abertzaletasunaren erradikalizazioaren zergatiak aztertu dituzten egile eta obrak aipatu ditu eta, era berean, aipaturikoetan gomuta-gune bilakatu diren hainbat kontzeptu edo alderdi jorratu ditu, hala nola "gudaria" edo lan horiek iradokitako genero-politika eta egileak. Ildo horretan, Saizarbitoria, Atxaga, Urretabizkaia, Epaltza, Cano, Zaldua, Rodriguez, Alberdi edo Agirreren lanak izan ditu hizpide.

 

Orientatzeko asmoz eta etxera itzultzeko lagungarri, Inuit herriak tundran altxatzen dituen mugarrien ("Inuksuit direlakoak) irudia erabiliz, Patxi Zubizarreta idazleak Literaturari eta Memoriari buruz duen ikusmoldea azaldu du.

 

Nahiz eta, askoren ustez, folklorea kulturaren azken hatsa edo hileta-meza izan, Zubizarretaren aburuz, John Berger-en ildoan, "gure kultura, gehienbat agrafoa edo idatzi gabekoa izan arren, ondare izugarria bildu du hainbat mendetan eta ezin dugu alferrik galdu behar bezala transmititzen asmatu ez dugulako".

 

Beste alde batetik, tradizioa bazter utzirik eta errelatoarekin tematurik dagoen gizartea ere nabarmendu du Zubizarretak; hala, errelatoaren bidean barrena ibili da, euskal literaturan helburu horrekin sortu diren hainbat mugarri erakutsita.

 

Aurrerago, Aingeru Epaltza idazle eta itzultzaileak nabarmendu du "memoria ez dela finkoa eta objektiboa: aldatuz doa, eraberrituz doa, galtzen da...".

 

Epaltzaren esanetan, "Gizarte batzuek, batzuetan, uko egiten diote gertaera batzuk, bereziki lazgarriak edo traumatikoak badira, memorian gordetzeari. Uko egiten diote hurrengo belaunaldiei transmititzeari. Halakoetan, Epaltzak dioenez, "inork oroitu nahi ez duena oroitaraztea da idazlearen lana". Izan ere, idazle eta itzultzailearen iritziz, "ahozko tradizioa ez bezala, euskarazko literatura idatzia lerratuagoa egon da, zenbait garaitan, bederen, ahanzturaren aldera memoriaren aldera baino".

 

Hala eta guztiz ere, "gure azken indarkeria-aroan, lehen aldiz, euskal literaturak ahots propioa izan du eta memoria kolektiboa eraikitzen laguntzen ari da", adierazi du.

 

Azkenik, Ana Urkiza idazle eta itzultzailearen iritziz, "Memoria aztarna da. Gordetzen duguna. Gogoratzen duguna. Ahaztu ez duguna". Urkizak adierazi du memoria "oraina eraikitzeko tresna dela, baina ez duela horretarako bakarrik balio; letra larriz idatzitako Historiaren beste bertsio batzuk emateaz gain, identitate propioa eraikitzeko iturria da".

 

Urkizak esan duenez, "euskal literaturak aurreneko ahalegina egin zuen identitate hori sortzeko gerra zibilaren aurretik: balioak zehaztu zituen (balioen transmititzaile izan zen). Eta euskal identitatearen definizio horrek gaur egunera arte iraun du euskal literaturari esker. Hasiera batean, literatura bera izan zelako nortasun hori transmititzeko bidea. Ondoren, gerra zibilak eta osteko isiltasun-itunak euskal identitatea ukatu zuelako eta zerbaiti oratu beharra zegoelako. Gaur egun ere Gaur egun, oraindik ere identitate horren eraikuntzan dihardu, tradizioa oinarri, memoria lekuko".

 

Igone Etxebarria, Labayru Fundazioaren zuzendariordeak eta mintegiaren koordinatzaileak moderatzaile lanetan jardun du.