Prentsa oharra 2021ko uztailaren 12a

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak beste mintegi bat antolatu dute euskara biziberritzeko era berriez gogoeta egiten jarraitzeko

• Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urteurrenaren atarian, jardunaldiak legearen printzipioak, helburuak, gabeziak eta eraginkortasuna aztertuko ditu, baita hizkuntza biziberritzeko egin dituen ekarpenak ere. • Datorren uztailaren 15ean izango den jardunaldian, 9: 15etik 13: 30era, euskaltzainek, soziolinguistek, unibertsitateko irakasleek eta euskal kulturaren munduko ordezkariek hartuko dute parte. Ekitaldia streaming bidez eskainiko da Fundazioaren webgunetik (www.sabinoarana.eus). Aurrez aurre parte hartu nahi izatera, bertaratzea baieztatu behar da.

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak  beste mintegi bat antolatu dute euskara biziberritzeko era berriez gogoeta egiten jarraitzeko

Euskararen biziberritzerako bidea aurrera doa gizartearen esparru guztietan, baina oraindik ere erronka handiak eta askotarikoak gainditu behar ditugu etorkizunari begira. Testuinguru horretan, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu dute euskarak esparru berrietara iristeko aurkitzen dituen eragozpenak identifikatzen saiatzeko.

 

Horretarako, 2022an, 40 urte beteko dituen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea oinarritzat hartuta, hizkuntzak gizarte-esparruak irabazten jarrai dezan, lege horrek oraindik ere eskaini ditzakeen aukera eta ekarpenen inguruan hausnartzea da helburua.

 

Mintegia uztailaren 15ean egingo da, goizez (9:15etik 13:30era), Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Aurrez aurreko parte-hartzea ezinbestean baieztatu behar da mintegira joan nahi izatera. Bestela, streaming bidez ere lotzea izango da, Fundazioaren webgunean (www.sabinoarana.eus). 

 

«Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urtearen atarian» izenburuaren ildoan, ondokoek emango diote hasiera jardunaldiari: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioren presidenteak.

 

Lehen hitzaldia Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak emango du, eta “Euskara Administrazioan. Lehen urratsak” hitzaldia eskainiko du. Andres Urrutia euskaltzainburua aurkezle- eta moderatzaile-lanetan arituko da.

 

Geroago, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak hartuko du hitza, “Euskararen Legea eta normalizazio prozesua sektore publikoan” izeneko hitzaldia aletzeko. Jean Baptiste Coyos Akademiaren buruordeak aurkeztu eta ondoko eztabaidan moderatzaile jardungo du.

 

Lozanoren ondotik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradun Iñaki Arrutik “Udaletik Euskararen Legeari begira” izeneko hitzaldia jorratuko du. Patxi Saez Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kideak egingo ditu aurkezle- eta moderatzaile-lanak.

 

Hurrengo hitzaldia Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak emango du, “Jakin eta ekin: esan, izan, ozen” izenburuaren ildoan. Mahai horretan, Patxi Juaristi euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kidea izango da aurkezlea eta moderatzailea.

 

Hezkuntza-arloan jarraituta, Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendariak “Aurrera, beti aurrera” leloaren ildon ardaztuko du mintzaldia. Gotzon Lobera euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kideak jardungo du moderatzaile.

 

Hedabideei gagozkiela, Ibone Bengoetxea EiTB Mediako zuzendariak euskarak ikus-entzunezkoetan eman dituen 40 urteei buruz hitz egingo du, EiTBren ikuspegitik. Erramun Osa Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko idazkari eta euskaltzain urgazleak moderatuko du eztabaida.

 

Azkenik, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidenteak “Legearen urteak eta hedabideenak eskutik” izeneko hitzaldia eskainiko digu. Sagrario Aleman Akademiaren Zuzendaritza batzordeko kide eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua moderatzaile lanetan arituko da mintegiaren azken eztabaidan.

 

Mintegian parte hartu nahi dutenek telefonoz (94 405 64 50) edo posta elektronikoz (idazkaritza@sabinoarana.eus) eman dezakete izena.