Prentsa oharra 2019ko uztailaren 8a

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren mintegia, euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, hasiera emango dio jardunaldiari uztailaren 17an, asteazkenarekin, goizeko 9:30etan. Mintegi horretan, berrogeita hamar bat aditu, soziolinguista, unibertsitateko irakasle, EAEko hizkuntza-politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkariek parte hartuko dute.

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren mintegia, euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko

Gure hizkuntzak, euskarak, aurrerakada handia izan du azken hamarkadetan. Aurrerakada horren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira. Aipa ditzagun, besteak beste, euskararen batasuna, euskara erabilera-eremu berrietara eramatea ahalbidetu eta corpusa gaurkotzea ekarri dutenak; askotariko elkarte eta erakundeen aldetik eginiko lan kementsua, gizartearen parte hartzea sustatuz, euskararen aldeko ezagutzan, motibazioan eta erabileran ekarpen azpimarragarria egin dutenak; edo euskararen lurralde batzuetan euskarak lortu duen ezagutza, bai eta herri-erakunde batzuetatik sustaturiko hizkuntza-politika eragingarriak ere.

 

Egun, euskara biziberritzen jarraitzeko, gero eta zabalduago dago biziki garrantzitsua dela pasa den mendean kontuan harturiko jarraibideak, hona ekarri gaituztenak, egoera berrira egokitzea eta gaurko zein biharko beharrizanak aurreikusiz indarberritzea, ezagutzaren aldeko jardunetik erabilerara jauzi eginez, maila eta esparru guztietan. Halaber, gero eta gogoeta gehiago egiten ari da euskalgintza deiturikoa ekinbide eta asmo eta indar berriekin gaurko errealitate eta beharrizan sozialetara ekartzeaz.

 

Horren harian, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetzan, euskara askotariko alderdietatik indarberritzen jarraitzeko bide berriez gogoeta egiteko mintegia antolatzen dihardute. Mintegia uztailaren 17an egingo da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, goizeko 9:30etik 14:00etara.

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, hasiera emango dio jardunaldiari. Mintegi horretan, berrogeita hamar bat aditu, soziolinguista, unibertsitateko irakasle, EAEko hizkuntza-politiken arduradun eta euskalgintzako ordezkariek parte hartuko dute.

 

Bingen Zupiriaren hasiera-ekitaldiko hitzaldiaren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Miren Dobaranek, ondoko hitzaldia eskainiko digu: EAEko herri langileak: euskara jakitetik euskara erabiltzera. Gotzon Lobera, itzultzailea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea, moderatzaile arituko da hitzaldiaren ondoko galderen txandan.

 

Geroago, Joseba Lozanok, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, eta Natxo Mosteirok, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzaren arduradunak, gogoeta egingo dute EAEko toki-erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko bide berriei buruz. Amaia Jauregizarrek, Euskaltzaindiko kideak eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzaileak, moderatzaile jardungo du.

 

Euskal kultugintzari gagozkiola, Jon Sarasuak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak, gogoeta eskainiko digu Euskalgintzaren bide berriez. Erramun Osa, euskaltzain urgazlea, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkaria eta mintegi honen koordinatzailea, moderatzaile arituko da.

 

Horren ondotik, Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Euskaraldiaren koordinatzaileak, Arrate Illarok, ekimen horren ezaugarri eta aurrera begirako ildoak aurkeztuko dizkigute. Esan beharra dago Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko udazkenean egingo dela. Kike Amonarriz soziolinguistak jardungo du moderatzaile.

 

Amaitzeko, mahai-ingurua eskainiko da euskarak aurrera egiten jarraitzeko bideez gogoeta egin dezaten hizkuntza-esparruko eragileek. Mahai-inguruan, ondokoek parte hartuko dute: Mertxe Mujika, AEK-ko koordinatzaile nagusia; Iban Arantzabal, Goienako zuzendari nagusia; Sagrario Aleman, euskaltzaina eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua; Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Lurdes Imaz, EHIGEko koordinatzailea; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendaria; Mikel Irizar euskalgileak, berriz, moderatzaile jardungo du.