Prentsa oharra 2020ko ekainaren 23a

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren mintegia euskararen erronkez eta etorkizuneko euskal gizartean hizkuntza biziberritzeaz gogoeta egiteko

• Jardunaldia uztailaren 21ean egingo da, 9:15etik 13:45era eta, bertan, euskaltzainek, soziolinguistek, unibertsitateko irakasleek eta euskal kulturaren munduko ordezkariek parte hartuko dute.

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren mintegia  euskararen erronkez eta etorkizuneko euskal gizartean  hizkuntza biziberritzeaz gogoeta egiteko

Euskara biziberritzeko bideak gizartearen hainbat esparrutan aurrera egiten jarraitzen duen arren, oraindik ere erronka handiak eta askotarikoak darabiltzagu etorkizunera begira.

 

Horren ildotik, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute  etorkizuneko euskal gizartea zer-nolakoa izan daitekeen eta hizkuntzen arteko bizikidetza (betiere, euskararen ikuspegitik) zelan bilaka daitekeen hausnartzeko helburuz. Mintegia uztailaren 21ean egingo da, Fundazioaren egoitzan. 

 

Testuinguru horretan, hainbat ikuspegitatik jorratuta, etorkizuneko euskal gizartea zer-nolakoa izan daitekeen ezagutu nahi dugu eta geroaldiko euskal gizarte horretan gerta daitezkeen euskararen erabilera-eremu berriak identifikatu nahi ditugu, euskara biziberritzeko ahaleginetan kontuan har daitezen.

 

Horretarako, proposaturiko gaian adituak diren hainbat hizlarik parte hartuko dute jardunaldian: euskaltzainak, soziolinguistak, unibertsitateko irakasleak, euskal kulturaren munduko ordezkariak eta abar.

“Etorkizuneko euskal gizartea: euskara erabiltzeko eremu berriak” izenburuaren ildotik, jardunaldiaren hasiera-ekitaldia goizeko 9:15ean egingo da. Ekitaldi horretan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioaren buruak, Mireia Zarate andreak, parte hartuko dute. 

 

Iñaki Iurrebaso EHUko irakasleak emango du lehen hitzaldia eta, horretan, euskararen egoera soziala eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko ditu. Era berean, gako batzuk eskainiko dizkigu etorkizunari begira. Jon Aizpurua euskaltzain urgazle eta Sustapen Batzordeko kidea aurkezle-lanetan arituko da hasieran eta moderatzaile-lanetan osteko eztabaida-saioan.

 

Lehen hitzaldiaren ondotik, Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari Gorka Espiauk “Euskara erabiltzeko eremu berriak gizarte berrikuntzan” izeneko hitzaldia emango du. Gotzon Loberak, euskaltzain urgazle eta Sustapen Batzordeko kideak, hizlaria aurkeztu eta eztabaida-saioa moderatuko du.

 

Geroago, Ibon Zugasti, Prospektikerreko zuzendaria, “Jokaera globaletatik tokian tokiko agertokietara” gaiaz mintzatuko zaigu. Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak, aurkezle- eta moderatzaile-lanetan jardungo du.

 

Hurrengo hitzaldia, “Hizkuntza etorkizuneko euskal herrigintzaren erdigunean” izenekoa Deustuko Unibertsitateko Soziologiako irakasle eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia arduradun Xabier Barandiaranen eskutik etorriko da. Saioan, Erramun Osa euskaltzain urgazle, Euskaltzaindiko idazkariorde eta mintegi honen koordinatzaile arituko da aurkezle eta moderatzaile.

 

Jarraian,  Arantza del Pozok, Vicomtech Ahots eta Hizkuntza Teknologien Saileko zuzendariak, “Etorkizuneko interakzio-interfazeak” izeneko hitzaldia eskainiko digu. Iñaki Martinez de Lunak, euskaltzain urgazle eta Sustapen batzordeko kideak, aurkezpena egin eta galderen txanda moderatuko du.

 

Amaitzeko, Andoni Eizagirrek, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zienzietako Fakultateko irakasleak, eta Ion Muñoak, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko irakasleak, “Komunikazio eta sozializazio prozesuak joera globalen testuinguruan” deritzon gaia jorratuko dute. Sagrario Aleman, euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua, hizlariak aurkeztu moderatzailea izango da azken eztabaida-saioan.

Mintegian parte hartu nahi izatera, izena eman daiteke 94 405 64 50 telefonora deituz edo idazkaritza@sabinoarana.eus posta elektronikora idatziz.


        
COVID-19k sorrarazitako osasun-inguruabarrak direla eta, parte-hartzaileen kopuruari nahiz horien arteko tarteari buruzko arauei nahiz segurtasun- eta higiene-neurriei jaramon egin beharko zaie. Osasun-egoerak mintegia aurrez aurre egiteko modurik emango ez balu, jardunaldia streaming bidez eskainiko litzateke.