Prentsa oharra 2019ko abenduaren 12a

Euskara hizkuntza propioa izateaz gain, hizkuntza komun bihurtzearen erronka

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak euskarari eta immigrazioari buruzko gogoeta egiteko mintegia antolatu dute gaur Bilbon. Hamar hizlarik parte hartu dute bertan eta gehienek nabarmendu dute euskara kohesiorako tresna behar duela izan.

Euskara hizkuntza propioa izateaz gain, hizkuntza komun bihurtzearen erronka

Euskara biziberritzeko prozesuak aurrera jarraitzen du gizartearen esparru guztietan, horietako bakoitzean, bateko edo besteko abiadan. Jakina denez, beste herrialde batzuetatik etorritako milaka pertsona ditugu gurean eta horrek aldaketak eragin ditu hizkuntzen bizikidetza-esparruan. Ingurumari horretan eta euskararen ikuspegitik, jakin izan dugu etorkinak euskarara hurbiltzen? Eta etorkinen ikuspegitik, zertarako balio die euskarak gurera datozenean?

 

Galdera horiei eta hizkuntzen arteko bizikidetzari batik bat, euskarari eragiten dioten alderdiez gogoeta egin eta esperientziak partekatzeko hamar aditu bildu dira gaur Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon. Mintegiaren sarreran, Juan Mari Atutxa Fundazioko lehendakariak esan du immigrazioa eta euskara binomioa ezin direla arazotzat jo: “Immigrazioa erronka bat da, baina inoiz ez arazo. Errealitate berriaren diagnostiko argia behar dugu eta, hortik abiatuta, bide-orri bat adostu eta Jaurlaritzak aurten abian jarritako Itun soziala landu”.

 

Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak baliabideak eskatu ditu, eta, era berean, euskal herritarren gogozko inplikazioa: “Behar-beharrezkoak diren adostasunak lortu ostean, euskal herritar berriek gure kultura eta gure hizkuntza modu naturalean barneratzeko baliabideak jarri behar ditugu; eta beraiek gure kulturan murgiltzeko ahalegina egiten duten heinean, egin dezagun guk ere beraienak ezagutzeko ahalegina”.


Euskara, kohesiorako hizkuntza


Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak aurten ezarri den migraziorako euskal itun sozialaren alderdirik garrantzitsuenak aipatu ditu, batez ere, euskara eta immigrazioari dagozkionak: “Itunak azpimarratzen du immigrazioa egiturazko errealitatea dela Euskadin, eta errealitate honek kudeaketa konplexua eskatzen du, migrazioa askotarikoa baita”. Eta gogoratu du Ituna ez dela tratatu bat, hasiera bat baizik, “ados jartzeko ahalegin bat, hizkuntza aniztasunaren aldeko akordio zabala, diskriminazioa baztertzeko tresna”. Halaber, azpimarratu du immigrazioa ez dela oztopoa euskararentzat, migratzaileak “modu naturalean” murgiltzen baitira gure hizkuntzan. “Euskara kohesiorako hizkuntza bezala ikusi behar dugu”, gehitu du Amilibiak, “berdintasunean oinarrituta dagoen euskal gizarte pluralago baten alde”. 

 

Beatriz Otero UPV/EHUko irakasle EAEko inmigrazioaren ezaugarriak eta etorkizuneko joerak aletu ditu bere berbaldian. Honela, 1998an, 26.334 baziren atzerritarrak, gaur egun 221.418 direla jakinarazi du ikertzaileak. Oterok esan du fluxu horrek EAEko bertako biztanleriak izan duen beherakada konpentsatzen duela, azken 20 urteotan 80.000 pertsona galdu baitira. “Beraiei esker, gure biztanleria hazi egin da, eta kontuan hartu behar dugu gehienak geratzeko etorri direla”, aitortu du Oterok, ñabardura txiki bat gehituz: “Gehienak gazteak dira (16-44 urte bitartekoak), emakumezkoak, eta horrek esan nahi du lan egitera datozela”.

 

Eguzki Urteaga UPV/EHUko Soziologia irakasleak, berriz, Ipar Euskal Herriko egoera eta bertako berezitasunak azaldu ditu mintegian. Azken 20 urteotako mapa soziolinguistikoak izan duen bilakaera azaldu ostean, etorkizuneko erronkei erreparatu die Urteagak: “Irakaskuntza elebidunaren eskaintza orokortu behar da. Frantziako Legeak baimentzen du hori, irakasle lanpostuen sorrera Hezkuntza Ministerioaren esku badago ere, neurri handi batean. Gainera, murgiltze ereduari eman behar zaio lehentasuna, bai ikastolak indartuz, bai murgiltze eredua orokortuz irakaskuntza publiko zein pribatuan, lehenik, ama eskola eta lehen mailan eta, ondoren, bigarren mailan”. Eta datuekin lagundu du esandakoa: “Gaur egun, ama eskoletako murgiltze ereduaren esperimentazioa 38 eskoletan aplikatzen da, 19 publikoan eta beste horrenbeste pribatuan”. Baina gazteak bezainbat helduak zaindu behar direla esan du: “Helduentzako euskarazko eskaintza bultzatu behar da, eta batez ere guztiei erakutsi euskara dela Ipar Euskal Herrian integratzeko modurik aproposena, ez baita soilik hizkuntza propioa baizik eta hizkuntza komuna ere izan daitekeela”.

 

Euskaldungorik gehiena tolerantea da

 

Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Gipuzkoan izan diren immigrazioko joera nagusiak azaldu ditu, eredu desberdinak agertuz. Hasieran, Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren datuak eskaini ditu, nabarmenduz aniztasun izugarria dagoela herrialde osoan: “Jatorri atzerritarreko populazioaren % 80 hogei estatutatik dator. Beraz, gutxienez mila hiztun baino gehiagoko hamar hizkuntza daude Gipuzkoan”. Eta beste datu harrigarri bat gehitu du: “Biztanleriaren % 20k hitz egiten ditu 120 hizkuntza baino gehiago, beraz, argi dago hizkuntza-aniztasuna oso barreiatuta dagoela herrialdean, eta erronka handiak planteatzen dituela horrek”. Datu hauek ezagutzeak eta aztertzeak helburu jakina duela adierazi du Urangak: “Helburua hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia egiteko tresna bat sortzea da”.

 

Xabier Aierdi soziologoak immigrazioaren inguruan Euskal Herrian erabiltzen diren datuak eta diskurtsoak errapasatu ditu, eta gero euskarak immigrazioari eskaini dakiokeena azaldu du. “EAEko biztanleriaren gehiengoak uste du etorkin atzerritarren iristeak ez duela euskararen garapena geldiaraziko; esaterako, tolerantzia-indizeak aurten puntuaziorik handiena izan du Erkidegoan (% 75,32 dira toleranteak). Hau da, jendea ez dago kezkatuegi kontu honekin, baina kezkatuta egoteko motiboak egon badaude”, adierazi du ikertzaileak. Aierdik nabarmendu du, baita, tolerantea den jende-multzo hau “unibertsitarioz, euskaldunez eta abertzaleez osatuta dagoela gehienbat”. Halaber, aipatu du badagoela sektore bat euskal gizartean, “hiri klase ikasi” bat, euskararen aldeko ikuspegi zabala duena eta beraien seme-alabak D ereduan eskolatzen dituena. “Neurri batean, hor dago euskararen bermea”, aipatu du.

 

Aitortu du immigrazioaren etorkizuna eskola publikoak gestionatu beharko duela. “Orduan –gehitu du-, ahaldundu egin behar dugu eskola publikoa, baliabideak eman,  “immigrazioa ez baita anomalia bat gure herrian, eta hori kudeatu beharko dugu beti beste legedia batetik abiatuta”. “Etorkizuna asmatzen jarraitu beharko dugu, eta pentsatu zer egin dezakegun immigrazioarekin batera euskararen alde”, gaineratu du ikertzaileak. Horrez gain, hizkuntza gutxituekiko afektibitatea erakutsi behar dugula esan du Aierdik.

 

Mintegia bi hitzaldi-multzorekin itxi da. Lehenengokoan, Ane Urizar Muko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak atzerritar jatorriko gazteak euskararekin duten harremana aztertu du; Biotza Pikok (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta Itziar Lafuentek (Gasteizko Berritzeguneko hizkuntza normalizazioko aholkularia) ikasle etorri berrien eskolatze hizkuntzaren garapenerako bide berriak aztertu dituzte; eta Mario Zapata Topaguneko teknikariak migratzaileen harrera linguistikoaz hitz egin du.

 

Bigarren hitzaldi-multzoan parte hartu dute Julen Aranguren Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Kultur aniztasunaren teknikariak eta Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileak (bigarren belaunaldiko immigranteen hizkuntza integrazioa), eta bien artean migrante etorri berrien eta bigarren belaunaldiko immigranteen hizkuntza integrazioa jorratu dute.