Prentsa oharra 2020ko urtarrilaren 10a

Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak, Hermes aldizkariaren azken zenbakian

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta euskal kulturaren arloko ordezkari esanguratsuek, besteak beste, EAEko hizkuntza-politiken arduradun, soziolinguista eta bestek, euskara hainbat ikuspegitatik biziberritzeko jorratu behar ditugun bide berriak aztertu dituzte.

Euskara indarberritzen jarraitzeko bide berriak, Hermes aldizkariaren azken zenbakian

Gero eta jende gehiagok uste du XX. mendean hartutako irizpideak garai berrietara egokitu behar direla eta euskara etorkizuneko premiekin bat etorriz sustatu behar dela, jakintza edo ezagutzatik erabilerarako jauzia emanda.

 

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakian (63.ean), Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta euskal kulturaren arloko ordezkari esanguratsuek, besteak beste, EAEko hizkuntza-politiken arduradun, soziolinguista eta bestek, euskara hainbat ikuspegitatik biziberritzeko jorratu behar ditugun bide berriak aztertu dituzte. Hori guztia dugu Euskaltzaindiarekin elkarlanean joan den uztailean antolatutako mintegiaren emaitza.

 

Hala, Bingen Zupiriak hizkuntzaren aldeko politiken gizarte-babesari eutsi, hura zaindu eta bultzatzeko aldarria egin du, eta horiek “lehentasunezkotzat eta ezinbestekotzat” jo ditu. Hala ere, kexaz mintzatu da “oraindik ere euskararen inguruko eztabaidak interesik ez duelako pizten erabilera normalizatuarekin engaiaturik dagoen esparrutik kanpo”.

 

Sailburuaz gain, ondokoek parte hartu dute zenbaki honetan: Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkariordea; Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria; Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko burua; Josu Waliño, PuntuEus Fundazioaren presidentea, Jon Zarate, EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordea, Itziar Nogeras, kulturgilea; Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia; eta J. Iñaki Etxezarreta, Arizmendi ikastolako zuzendaria.

 

Francesc-Marc Alvaro kazetari, idazle eta Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitateko Komunikazio eta Nazioarteko Harremanetarako Fakultateko Kazetaritza irakasleari egindako elkarrizketak osatzen du zenbakia. Haren eskutik, Kataluniako gaurkotasun politikoa, Kataluniako mugimendu independentista eta “procés” deiturikoa aztertu ditugu.

 

Azken zenbaki honek David Martín Angulo artistaren ekarria ere badakar.