Prentsa oharra 2019ko uztailaren 17a

Euskara ingurumari berrira ekarri duten azken hamarkadetako hizkuntza-politiken garrantzia nabarmendu du Bingen Zupiriak

Euskal kulturgintzaren inguruko ordezkariek gogoeta egin dute gaur euskara biziberritzeko bide berriez , hainbat ikuspegitatik, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean antolatutako mintegi batean.

Euskara ingurumari berrira ekarri duten azken hamarkadetako hizkuntza-politiken garrantzia nabarmendu du Bingen Zupiriak

Euskal kulturgintzaren inguruko laurogeitik gora aditu, besteak beste, EAEko hizkuntza-politiken arduradun, euskaltzain, soziolinguista, unibertsitateko irakasle eta beste elkartu dira gaur goizean "Euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriak" izeneko mintegian. Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute jardunaldia eta euskara biziberritzeko bide berriez gogoeta egitea izan du helburu, hainbat alderditik ikusita.

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak hasiera eman diote jardunaldiari.

 

Mintzaldian, Eusko Jaurlaritzako sailburuak nabarmendu du "euskara biziberritzeko helburuz azken hamarkadetan eginiko lana eredugarria izan dela eta ildo horretan garatu diren hizkuntza-politikek ingurumari berrira ekarri dutela gure hizkuntza".

 

Hala eta guztiz ere, Zupiriaren esanetan, "erronka berriei heldu behar diegu eta gogor lan egin beharko dugu, hizkuntza biziberritzen berriro asmatuko badugu".

 

"Euskararen jakintza areagotzea, erabilera bultzatzea, lan munduan urratsak egitea, familia bidezko transmisioa bermatzea, euskararen inguruan dagoen atxikimendua zaintzea… Erronka horiei eta beste hamaikari heldu beharko diegu epe laburrean", azpimarratu du.

 

Beste alde batetik, euskaltzainburuak azpimarratu duenez, bi erakunde antolatzaileak, hots, Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa, "batera datoz pil-pilean ari diren euskara biziberritzeko ekintzekin".

 

"Jagon sailaren aldetik, gogoetak bildu eta euskarari ate berriak irekitzeko asmoa bizirik dago euskararen akademian bere mendeurrenean. Urratsez urrats jardunez, helburua argi dago: belaunaldi berrientzat euskararekiko ildo beregainak moldatu, elkarlanaren bidez horra mintegiaren helburua, horra gaurko gure ekimenaren oinarria", adierazi du.

 

Juan Mª Atutxak, aurreko hizlariek esandakoari eutsiz, nabarmendu du, alde batetik, eragozpide handia dela euskararentzat hiztun gutxiko hizkuntza izatea, eta bestetik, muga hori dohain bihurtu behar dugula. "Txikiak ausarta, sortzailea eta engaiatua izan behar du. Txikiaren handitasuna beharrezkoa dugu balizko arriskuak aukera bilaka daitezen", azpimarratu du.

 

Euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkari Erramun Osak koordinaturiko jardunaldi hau bost mahaitan egituratu da. Horietan, besteak beste, EAEko eta tokiko erakundeetako langile publikoen euskararen erabilera eta euskal kulturgintzan hizkuntza biziberritzeko bide berriak jorratu dira. Era berean, EUSKARALDIA ekimenaren ezaugarriak eta helburuak aurkeztu dira –ekimen horren bigarren edizioa 2020ko udazkenean egingo da− eta, azkenik, euskara biziberritzeko ahaleginetan, gizarte-eragileek landu ditzaketen bideen inguruko gogoeta egin da.

 

Mintegian, ondokoek aurkeztu dituzte hitzaldi eta komunikazioak: Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Miren Dobaran; Gotzon Lobera, itzultzailea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea; Joseba Lozano, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria; Natxo Mosteiro, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzaren arduraduna; Amaia Jauregizar, Euskaltzaindiko kide eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzailea; Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea; Estibalitz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Euskaraldiaren koordinatzailea, Arrate Illaro; Kike Amonarriz soziolinguista; Mertxe Mujika, AEK-ko koordinatzaile nagusia; Iban Arantzabal, Goienako zuzendari nagusia; Sagrario Aleman, euskaltzaina eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua; Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Lurdes Imaz, EHIGEko koordinatzailea; Josu Waliño, PuntuEus Fundazioko zuzendaria; Mikel Irizar euskalgilea; eta Erramun Osa bera.