Prentsa oharra 2018ko uztailaren 12a

Euskararen erabilera areagotzea, hizkuntza-politikaren arloko erakundeen xedea

• Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, honakoa azpimarratu du: “euskararen ezagutza handitu behar den arren, gaur egun, funtsezkoa da hizkuntzaren erabilera areagotzea”. • Hizkuntza-politikaren eta euskal kulturaren esparruetako berrogeita hamar bat arduradunek parte hartu dute Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako “Euskararen erabileraren gakoak” izeneko mintegian.

Euskararen erabilera areagotzea, hizkuntza-politikaren arloko erakundeen xedea

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politiketako arduradunak eta euskal lurraldeetako ordezkariak batu dira gaur Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako mintegi batera, egun garatzen ari diren euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak aztertzeko helburuz, bai eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten alderdiez hausnartzeko ere.

Ildo horretan, gogoeta- eta eztabaida-saio honi hasiera eman dion Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, nabarmendu du euskararen erabileran eragiten duten alderdiak aintzat hartu behar direla: “Euskarak azken hamarkadatan izan duen biziberritzea gertatu da euskal gizartearen ekin irmoagatik eta, horri esker, euskarak milaka hiztun irabazi ditu. Euskararen ezagutzak gora egin behar du oraindik ere, baina, gaur egun, erabilera areagotzeari lotu behar gatzaizkio”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako sailburuaren iritziz, “hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ingurune hurbila ditugu nagusiak, baina badira eragiten duten beste alderdi esanguratsu batzuk”. Horregatik, Bingen Zupiriak nabarmendu du “erakundeak lanean aritu behar direla euskararen erabilerak gora egin dezan datozen urteotan, gorakada hori lortzeko ageriko ahalmena daukagu eta”. 

Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du euskararen erabilera Euskaltzaindiaren kezka eta ardura izan dela erakundea sortu zenetik. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiak “hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitzen du gaur egun; edozelan, baina, ez”. 

Euskaltzainburuak adierazi duenez, “sakontasun eta zabaltasunez aritu nahi dugu euskaraz, hizkuntzari gizarte moderno batean dagozkion eginkizunak betetzeko helburuz. Euskara erabili bai, hainbat leku eta gunetan, hainbat testuinguru eta erregistrotan erabili ere; hau da, euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi dugu. Eta, horretarako, lan handia egin behar dugu oraindik, batez ere, euskara batuaren ikusmoldetik”.

Horren haritik, euskaltzainburuak azaldu du “bide horretatik doala Euskaltzaindia”, eta Euskaltzaindiak berak antolatu duen jardunaldian, urrian eta Arantzazun egingo denak, “balio dezake mende laurden honetan euskara batua gizartean nola hedatu den ikusteko, baina, batik bat, etorkizuneko erronka zein diren antzemateko balio behar digu”.

EUSKARALDIA, euskararen erabileraren aldeko ekimena

Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxaren aburuz, erronka nagusia “euskararen jakintzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea da”. Horretarako, Atutxaren ustez, badira giltzarri bi: “alde batetik, euskara erabiltzea ahalbidetzen duten politika publikoak ezartzea eta, bestetik, hiztunen nahia”.

Erronka horiez gain, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak EUSKARALDIA ekimena aipatu du. Ekimena hamaika egunetan garatuko da udazkenean euskararen lurralde guztietan eta, horren bitartez, erakundeen zein gizartearen ahalegin guztiak batu nahi dira, guztion euskararekiko konpromisoa sendotzeko helburuz.

“Euskararen erabileraren gakoak” deritzon mintegi honetako parte-hartzaileen iritziz, argi dago euskararen ezagutzak nabarmen egin duela gora azken urteotan, baina “erabilera ez da hein berean areagotu”, besteak beste, “hiztunen hizkuntza-ohiturak direla kausa”.

Jardunaldiaren lehen mahai-inguruan, ondoko hizlariek jardun dute: Jon Aizpurua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna; Euskal Herriko Unibertsitateko Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza irakasleak; eta Joxerra Gartzia idazle. irakasle eta kazetaria. Laurek ondoko gaia jorratu dute: “Euskaraz jakin arren, erabiltzeko mugak eta oztopoak”. UPV/EHUko irakasle Ibon Manterolak, berriz, bideratu du ondoko eztabaida-saioa.

Jarraian, Miren Dobaran andreak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Mikel Arregi jaunak, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak; eta Joseba Erremundeguy jaunak, Euskararen Erakunde Publikoaren Misio Kargudunak, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren “Euskararen erabilera sustatzeko politika publikoez” jardun dute. Euskaltzaindiko idazkariordeak, Erramun Osak, bideratu du ondoko eztabaida-saioa.