Prentsa oharra 2021ko uztailaren 15a

Euskararen Legearen arrastotik, hizkuntza biziberritzeko bide eta erronka berriak

• Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urteurrenaren atarian, mintegi mamitsua antolatu dute gaur Bilbon Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak. Jardunaldian, legearen printzipioak, helburuak, ekarpenak, gabeziak eta eraginkortasuna aztertu dira. • Hizkuntzalariek, soziolinguistek, unibertsitateko irakasleek, erakunde publikoetako eta euskal kulturaren munduko ordezkariek euskara biziberritzeko bide berriak jorratu dituzte mintegian, Euskararen Legeak berak ematen dituen aukerak azterturik.

Euskararen Legearen arrastotik, hizkuntza biziberritzeko bide eta erronka berriak

BILBO (2021-07-15). Euskararen biziberritzerako bidea aurrera doa gizartearen esparru guztietan, baina oraindik ere erronka handiak eta askotarikoak gainditu behar ditugu etorkizunari begira. Testuinguru horretan, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu dute euskarak esparru berrietara iristeko aurkitzen dituen eragozpenak identifikatzen saiatzeko.


    Euskararen erabilera normalizatzeko Legearen 40. urteurrena beteko da 2022an, eta aitzakia horrekin legearen printzipioak, helburuak, gabeziak eta eraginkortasuna aztertu dira gaur Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Gainera, parte hartu duten hizkuntzalariek, politikariek, unibertsitateko irakasleek eta euskal kulturaren munduko ordezkariek euskara biziberritzeko bide berriak agertu dituzte.


    Jardunaldiaren atarikoan, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioren presidenteak nabarmendu du Legea egun ere esparru “behinen eta funtsezkoa” dela euskararen estatusa garatzeko. Azpimarratu du, baita, euskararen erabilera normalizatzeko “tresna eragingarria” izan dela. “Badakigu aipaturiko legeak hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkiela herritarrei gaineratu du Zaratek, eta eskubideok bermatzeko eginbeharrak ezartzen dizkiela EAEn egoitza duten administrazioei. Badakigu, halaber, euskararen ezagutza datuak zelan bilakatu diren azken berrogei urteotan, baina, legea indarrean dagoenetik eskaintzen digun euskarri juridikoa aintzat hartuta, galdera ugari sortzen dira, eta galdera horiei erantzuna emateko antolatu dugu mintegi hau”.


    Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du euskararena “oinarrizko dema” duela herri honek, eta hori “zuzenbideko kontu hutsa” baino gehiago dela, alegia, “gizarte osoari dagokiona”. “Horrexegatik da txalotzekoa jardunaldi honen diziplinartekotasunaren ikuspegia”, esan du euskaltzainburuak, gonbidatuen profil desberdinak seinalatuz.


    Beste alde batetik aldetik, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gogoratu du euskal autogobernuaren lehen urratsetako bat izan zela Euskararen Legea aldarrikatzea, “lehentasunezko trataera emanez” euskararen auziari. Honela, “herritarren eskubidetzat hartu zen euskaraz hitz egitea eta ezarri zen administrazio desberdinen ardura zela eskubide hori ziurtatzea”. Legea bizikidetzarekin lotu zela ere gogoratu nahi izan du Dobaranek, eta ordutik ahalbidetu dituen aurrerapenak zerrendatu ditu, tartean, “euskal hedabide publikoen eta Hezkuntzaren abiapuntu” izan zela azpimarratuz. “Etorkizuneko erronka erabileran datza”, onartu du sailburuordeak, eta Jaurlaritza erronka horri aurre egiteko prest dagoela esan du, “baliabide berriak eta tresna eraberrituak” baliatuz, hain zuzen.


Mintegiko lehen hitzaldia Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak eman du, Euskara Administrazioan. Lehen urratsak izenburupean. Erkorekak euskarak administrazioan izan duen bilakaera gogoratu du, Errepublika garaiko dekretuetatik hasi, 80. hamarkadako ahaleginekin jarraitu eta egungo egoera nahasiari helduz. 


Erkorekak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo 12 udaltzain-lanposturi ezarri zitzaizkien hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko argitaratutako epaia aipatu du lehendabizi, harriduraz aipatu ere: “Euskararen Legea duela 40 urte onartu zen eta, hainbeste urte igaro ostean, nola egon gaitezke beti-betiko leloen inguruan beti-betiko eztabaidetan? Errepublika garaian, Calvo Sotelok bideratutako arau baten itzalpean egin ziren deialdietan euskal administrazioan lan egiteko euskara gaitasuna eskatzen zen. 90 urte beranduago badirudi zailtasun gehiago daudela”. Honela, diskriminazioaren itzala ikusteko “obsesioak” bizirik dirauela esan du sailburuak. 


Atzera eginez, Euskararen Legea ezartzerakoan sortu ziren galderak eta zalantzak gogoratu ditu Erkorekak: “Bere garaian, galdera honi baietza eman genion: posible al da gurea bezalako herri elebidun batean administrazioan euskara ere jakin behar dela ziurtatzea euskaraz ez dakiena diskriminatu gabe? Baina galderari baietza eman ostean, bestelako galderak sortu ziren: Langile publikoen ehuneko zenbati eskatu dakioke euskarazko profila? Eta zer euskara maila eskatu behar zaie?”. Galdera horien erantzunak astiro-astiro etorri dira, zailtasun ugari izan zirelako bidean, tartean, Auzitegiek jarritako trabak: “Auzitegi Gorenak hainbat epai eman zituen esanez ezin dakiokeela eskatu funtzionario izan nahi duenari euskara profila, diskriminatzen zuelako euskaraz ez dakiena”.


Bada, funtsezko galdera horiei erantzuteko irizpideak zehaztu behar ziren eta horretarako lanpostuen zerrendetara jo zutela gogoratu du Erkorekak: “Modu objektiboan, gardentasunez eta proportzionaltasunez egiteko tresna horixe zen”. Bere garaian, Legeak aipatutako galdera horiei emandako erantzunak ere aipatu ditu, hots, populazio euskaldunaren neurri berean ezarri behar zela euskara administrazio desberdinetan, lekuan lekuko errealitatera egokituz; harreman zuzenetan zebilen funtzionarioari eskatu zitzaiola batez ere euskara profila garai hartan, eta baita lanpostu bakoitzari egokitutako euskara maila ezarri zela baita.


Geroago, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak hartu du hitza (Euskararen Legea eta normalizazio prozesua sektore publikoan). Euskararen Legearen oinarri nagusiak gogoratu ditu Lozanok eta azpimarratu du Lege honek izan duen garapena sektore publikoan. Ondoren, Administrazioko langileek eta arduradun politikoek aitortutako hizkuntza gaitasunak agertu ditu, grafiko bidez, datu esanguratsuak azaleratuz: hots, handiagoak eta zabalagoak direla lehenengokoen artean. Bestelako datuak ere erabili ditu Lozanok bere agerraldian. Esaterako, erakutsi du Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomiadun guztiek, hiru foru aldundiek eta hiru hiriburuek daukatela euskararen plan estrategikoa, eta EAEko udalerritako biztanleen % 90,2 daudela euskara planen eraginpean.


Euskararen Legearen bidetik etorri diren beste lorpen batzuk ere aipatu ditu Lozanok: “Administrazioko langileen hizkuntza gaitasuna gero eta handiago da; erabilera plan bateratuak dauzkagu administrazio gehienetan; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak erakunde askotan onartzen ari dira; euskararen kudeaketa integratuaren kultura hedatzen ari da poliki-poliki gure Administrazioan...”. Hori bai, dena ez da abantea, eta horrela onartu du Lozanok: “Funtzionario askok gaztelaniaz hitz egitera behartzen dute herritar euskalduna; Administrazioko prozedura gehienak gaztelania hutsean izapidetzen dira...”. Etorkizunean nondik nora jo behar den ere erakutsi du: “Administrazioak eredu eta jarraibide izan behar du normalizazio prozesuan eta beste sektoreei lagundu behar die, sozio-ekonomikoei batez ere; Hizkuntza Politika bakarra behar dugu Sektore Publiko osoan, eta planak sinplifikatu egin behar ditugu; Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak izan behar dira gure plan guztien oinarria; Administrazioko langileak jakin behar du hizkuntza erabiltzeko eskubidea ez dela berea, herritarrarena baizik; edonork ulertzeko moduko euskara erabili behar dugu; testuak jatorritik euskaraz sortu behar dira, eta ez itzuli; itzultzaile neuronalak gehiago baliatu behar ditugu, eta abar...”


Lozanoren ondotik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradun Iñaki Arrutik Udaletik Euskararen Legeari begira izeneko hitzaldia jorratu du. Era beran “baikor eta kritiko” agertu da Arruti, eta gogoratu nahi izan du “hizkuntza gertaera sozial bezala onartu behar dela”, eta, hortaz, udalerria “hizkuntza politika egiteko leku naturala dela”. 


Era berean, 1982an baino askoz hobeto gaudela onartu du, baina agian ez 2012an baino hobeto. “Hedapen geografikoari erreparatzen badiogu, euskara udalerri gehienetara hedatu da; hiztun kopuruak ere gora egin du... (...) Hala ere, zailtasun handiena hedapen funtzionalean ikusten du, hots, irakaskuntzan, administrazioan eta komunikabideetan”.


Euskararen Legeak udal bakoitzak bere hizkuntza politika egitea ahalbidetu duela adierazi du Arrutik, udal guztientzako minimo batzuk eginaraziz, baina gehitu du kasu askotan gauza bat dela Legeak ahalbidetzen duena eta beste bat egiten dena. Alegia, lidergo politikoa aktibatzeko premia dugula esan du Arrutik. Ziurtasun juridikoa ere “eskastu” gin dela esan du (“legezko esparrua murriztu zaigu”), eta Erkorekak egin lez, oraintsu Irunen gertatu dena gogoratu du. 


Erronka berriei aurre egiteko errezeta batzuk ere jarri ditu mahai gainean: euskararen inguruko legeria berritu; berdintasuna ziurtatzeko ulermena unibertsalizatu, legera eramanez; eta diskriminazio positiboa garatu.


Hurrengo hitzaldia Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak eman du: Jakin eta ekin: esan, izan, ozen. Pedrosa baikor azaldu da azken hamarkadetan Hezkuntzak egin duen bidearekin, eta azaldu du pandemia garaian ere asko ikasi dutela: “batez ere, ikasleak erdigunean jarri behar direla ikusi dugu, eta, horrekin batera, irakasleen esku-hartzea oso garrantzitsua dela, eurak direlako benetako zimendua, ikasleak motibatzeko eta hiztun proaktiboak sortzeko ahalmena dutenak, hizkuntza ohiturak aktibatzeko gaitasuna dutenak. Horregatik, irakasleen garapenerako espazio eta aukera berriak sortu behar ditugu”. 


Garai berriek erronka berriak ezarri dituztela nabarmendu du, eta horiei aurre egiteko “konpromiso berriak hartu eta marko berriak ezarri” behar direla adierazi du sailburuak. “Bide hori batera egin behar dute erakundeek eta gizarteak, osagarritasun horretan baitago arrakastaren gakoetako bat”. Bestelako kontuak ere aipatu ditu Pedrosak, tartean, ikerketak sozializatu beharra, familia profil desberdinetara egokitu beharra, kultura transmisioan gehiago eragin beharra, inguru digitalari adi egon eta esparru hori elikatu beharra...


Hezkuntza-arlotik joan barik, Iñaki Etxezarreta Debagoieneko Arizmendi ikastolako zuzendariak Aurrera, beti aurrera leloaren ildoan ardaztu du bere mintzaldia. Ideia solte batzuk bota ditu hasieran: “Hezkuntza euskaldunak gizartea eraldatu du”; “Hezkuntza-politika euskaldun baten beharra”; “Estaturik ezean, garabidea euskaldunen ekintzan”; “ekintzak ez du beti historia egiten, baina gizartea egiten du...”.


Ostean, euskararen hezkuntzak izan duen ibilbidea errepasatu du, ikastolen mugimendua erdigunean jarriz. “Ikastolen asmapena euskal gizartearen lorpen izugarria da, eskola antolatzeko modu berria, berrikuntza sozialaren berrikuntza paradigmatikoa izan zen”. Eta gogoratu du lortu genuela “Hezkuntza euskalduna arrakastatsua izatea”. Ostean, erakunde publikoek hartu zuten txanda, Euskararen Legea onartuz. Etxezarretak aitortzen du Legeak eskola ekintzan eta unibertsitatean eragin nabarmenak izan zituela. Honela, habitus herritarra eta habitus instituzionala uztartu ziren, eta Hezkuntza sistemaren bidez “hiru belaunaldirako” euskararen biziraupena ziurtatuta dagoela azpimarratu du euskaltzaleak.


Hots, “habitus herritar eta instituzional baten ondorioz ondasun erkidea dugu. Gizartea egituratzen duen estrategia bat daukagu esku artean. Eta hau da gure habitus berria: ondasun erkidea”. Hortik abiatuta, “habitus garaikide hau eguneratzea eta kudeatzea” dagokigula esan du. Eta etorkizunerako zera planteatzen du Etxezarretak, “Hezkuntza euskaldunaren lege berria, estrategikoa, progresiboa eta adostua”. 


Ibone Bengoetxea EiTB Mediako zuzendariak euskarak ikus-entzunezkoetan eman dituen 40 urteei buruz hitz egin du, EiTBren ikuspegia erakutsiz. Gogoratu du EiTB “ia ezerezetik eraiki” zela, “ikus-entzunezkoetan esperientzia zuten profesional gutxirekin, instalazio hala-moduzkoekin, traba legalak tarteko...”.  Orduko ahaleginak bere fruituak eman zituela ere esan du Bengoetxeak, “euskarak bultzada handia” jaso zuela. Esan du, baita, 2002. urtean inflexio plana egin zuela EiTBk, baina atzetik ibili zela beti, besteei begira. Gero, EiTBk aurretik ibiltzeko anbizioa izan zuen (Nahieran, EiTB.eus,...), eta orain beste inflexio puntu batean daudela onartu du: “Plan estrategiko berria prestatzen ari gara gaur egun zer egin behar dugun jakiteko. Aldaketa sozial handiak bizi ditugu, garapen teknologikoak eta digitalizazioak eragin itzela dute, eta horri guztiari adi gaude, Europatik datozen tendentziei erreparatuz. Eta, batez ere, hauxe da ikusten dena: Ikus-entzunezko sektorea zatikatuta dago; tokiko hedabide asko desagertzeko arriskuan daude; plataforma handiak nagusitzen ari dira; eta bestelako arriskuak ere badira (Fake news-ak eta abar). Transformazio erritmoa zoratzekoa da, zaila da gaur egungo gizartearen ezaugarriak argi eta garbi definitzea, ezin dugu hemendik bost urtera ikus-entzunezkoen kontsumoa nolakoa izango den jakin, baina prestatuta egon nahi dugu”.


Ildo horretan, inguru digitalean erronka izugarria daukatela onartu du Bengoetxeak: “Bai, erronkak handiak dira, baina EiTB-k hor egon behar du, gazteek euskaraz kontsumitzea nahi badugu. Horretarako, EiTBko edukiak hiru elementu izan behar ditu: kalitatea, interesa eta sinesgarritasuna. Bide horretatik doa ezarri berri dugun plataforma erraldoia, OTT bat, euskal Netflix bat, edonork ulertzeko, eta nahiko genuke plataforma hau nazioarteko leiho bat izatea, besteak beste, euskal talentua bultzatzeko. Betiere kalitatezko ekoizpenak sortuz, baina eskuratzeko errazak izango direnak”.


Azkenik, Iban Arantzabal TOKIKOMeko presidenteak hitz egin du. Hasieran, Arantzabalek toki komunikabideen bateragunearen nondik norakoak eskaini ditu: 29 bazkide dira, 250.000 irakurle dituzte paperezko hedabideek; 350.000 erabiltzaile plataforma digitaletan... Eta pandemia garaian datu hauek gora egin dutela adierazi du: “Aitortu zaigu gure lana eta eskertzen dugu”. “Erabiltzaileen asebetetze inkestak dio gertuko informazioa gustuko dutela azpimarratu du Arantzabalek, eta balorazio orokorra 4,82koa da (1-6rakoan). Horrez gain, toki hedabideen pluraltasuna ere eskertzen dute erabiltzaileek. Gure DNAn egon behar du horrek, pluraltasunak, sinesgarritasunarekin batera, jakina”. Eta kontu bitxiak ere azaleratu ditu inkesta honek, Arantzabalen esanetan: “lehen euskaraz argitaratzen genuelako irakurtzen gintuen jendeak, baina orain gertuko informazioa ematen dugulako irakurtzen gaituzte”.


TOKIKOMen filosofia azaltzen ere saiatu da euskaltzale gipuzkoarra: “Batetik, zero kilometrokoa da tokiko produktua, gure produktua, gure istorioen notarioak baikara; bestetik, erabili behar ditugu multinazionalak, baina ez gaitzatela beraiek erabili -zentzu horretan, burujabetza behar dugu, sare sozialak ez baitira saldu diguten plaza publikoak-; eta, gure ustez, lokala da oraina eta etorkizuna, ez globala”.


Euskararen Legeak tokiko hedabideak hauspotu dituela onartu du, “hiztun komunitatea erdigunean jartzen lagundu duelako”, eta esan du etorkizunean ere funtsezkoa izango dela gizarte eragileen eta erakundeen arteko elkarlana.