Prentsa oharra 2020ko uztailaren 21a

Euskararen lekua etorkizuneko euskal gizartean

• Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak etorkizuneko euskal gizartean euskarak izango duen pisua zer nolakoa izango den aurreikusteko mintegia antolatu dute gaur, Bilbon. • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Bihar-etziko Euskal Herria aurreikusi behar dugu, eta etorkizun horretan euskararen presentzia ziurtatu, baina presentzia bizi eta eraginkorra behar du izan, ez testigantzazkoa”.

Euskararen lekua etorkizuneko euskal gizartean

BILBO (2020-07-21). Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak etorkizuneko euskal gizartea zer nolakoa izango den ezagutzeko mintegia antolatu dute gaur, Bilbon, eta jardunaldian etorkizuneko gizarte horretan euskararen erabilera eremu berriak identifikatu nahi izan dira. “Euskarak testuinguru konplexu batean zer indargune, zer ahulgune, zer aukera eta zer mehatxu izan ditzakeen igartzeko asmoz antolatu dugu mintegi hau, euskararen etorkizuneko erabilera-eremuak identifikatu eta horietan eragin nahiko genukeelako”, aurreratu du mintegiko sarrera-hitzaldian Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak. Andres Urrutia euskaltzainburuak ere etorkizunaz jardun du bere berbaldi laburrean: “Adi egon behar gara gizartean zer mugitzen den ikusi eta erantzun azkarra emateko; bihar-etziko Euskal Herria ikusi behar dugu, eta etorkizun horretan euskararen presentzia ziurtatu, baina presentzia bizi eta eraginkorra behar du izan, ez testigantzazkoa. Horretarako, behar-beharrezkoak dira modu honetako gogoetak”. Eta Luis Villasante euskaltzainak Euskararen auziaz liburuan aspaldi idatzitakoa gogoratu du Urrutiak, euskararen erabileran jarriz begia: “Hizkuntzak, oroz gain, hitz egiteko eginak dira, ezpainetan erabiltzeko eginak. Hitz egiteari uzten zaionean hizkuntza hura hilobirako bidean sartu da”.

 

    Iñaki Iurrebaso EHUko irakasleak estreinatu du mintegia, eta euskararen egoera soziala aztertu du, azken hamarkadetako datu demolinguistikoak emanez eta etorkizuneko gako batzuk seinalatuz. Erabilerari buruz gauza jakin bat gogoratu du, ezagutza-mailaren azpitik dagoela erabilera (euskaldunak % 28 /erabiltzaileak % 15). “Eremu formaletan igo egin da erabilera, baina ez informaletan. Eremu euskaldunetan jaitsi egin da euskaren erabilera eta erdaldunetan apur bat igo”, azaldu du ikertzaileak. Etorkizunerako hiru gako ere seinalatu ditu Iurrebasok: “Eremu informalaren garrantzia izugarria da eta lehentasuna eman beharko genioke horri; bestetik, eremu euskaldunetan ere erdaldunetan bezainbat ahalegin egin beharko genuke, apur bat ahaztuta izan ditugulako; eta, azkenik, esango nuke ahalegin asko egin dela euskararen biziberritzean, eta agian horregatik dago oraindik bizirik euskara, beraz, ahaleginak biderkatu egin behar dira aurrera egin nahi badugu”.

 

    Ondoren, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendariak galdera latza mahairatu du, hausnarketarako bide ematen duena: “Eraldaketa handiak datoz etorkizunean. Pentsatzen ahal dugu hurrengoko eraldaketa prozesua aurrera ateratzeko euskara ezinbestekoa dela? Duela 40 urte erantzuna baiezkoa izan zen. Eta gaur egun?”. Eta adibide bat jarri du, oso argigarria: “Duela 40 urte, euskal gizarteak ikusi zuen ezinbestekoa zela euskararen biziberritzea. Esaterako, Irlandan guztiz kontrakoa gertatu zen”. Baina Espiauk esan du gaur egun entzuten diren narratibak ez doazela bide berdinetik, eta hori oso larria dela dio: “Gauza bat da zer esaten ari garen jendaurrean, hots, euskararen alde gaudela; gero ezkutatzen dugun bestelako narratiba dago (pentsatu bai, baina esaten ez duguna); eta, azkenik, metanarratiba dago, niretzat inportanteena: benetan sinesten dugu hurrengoko eraldaketan euskara beharrezkoa dela? Erantzuna ezezkoa bada, orduan bai daukagula izugarrizko arazoa”. Horregatik, adituak nabarmendu du esperimentazio-zentro bihurtu behar dugula Euskal Herri osoa, “non euskara bihurtuko den elementu bereizgarria arlo eta esparru diferenteen arteko interkonexioetan”. Euskarak balio erantsia duela ere gogoratu du Espiauk, “kosmobisio” propio bati lotuta dagoelako.

 

    Ibon Zugasti Prospektikerreko zuzendariak gaur egungo jokaera globalak aztertu ditu bere berbaldian, eta hortik tokian tokiko agertokietara egin du jauzi. Ondoren, egoera berrien aurrean euskararen etorkizuneko eszenatokiak elkarrekin eraikitzearen beharra azpimarratu du. Horretarako, giza kapitala kontuan hartu behar dela esan du Zugastik, baita kapital soziala, kulturala, ekonomikoa, politikoa eta, nola ez, azpiegiturak ere. Munduaren erronka globalak ere aletu ditu adituak, eta, bide batez, horien konponbideen konplexutasuna. Euskarari dagokionez esan du “nazioarteko agendan” ezarri behar dugula hizkuntza minorizatuen auzia, bestela, ohartarazi du “gutxi batzuek” ezarriko dutela “denontzako agenda”.

 

Eraldaketa garaia eta egiteko modu berriak

 

Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasleak euskara etorkizuneko herrigintzaren erdigunean kokatu behar dela esan du, baina horretarako aitortu du ezinbestekoa dela bizi dugun eraldaketa sakona ondo ulertzea: “Harreman-espazioak nabarmen aldatu eta zabaldu dira, nagusiki ekonomia alorrean; gure identitate sozial eta kulturalak sekulako eraldaketan sartu dira; mundu politikoan ere eraldaketa bizi dugu, nazio-estatuaren krisia eta sistema publikoaren eraldaketarako gaitasuna kinka larrian baitaude. Hortaz, erakunde publikoak ezinean dabiltza, errealitate berriei erantzun ezinik: zerbitzu-agentzia bihurtu dira gaur egungo egitura publikoak eta eraldaketarako gaitasuna galdu dute”.

 

    Marko kezkagarri horren aurrean, Barandiaranek gogoratu du hizkuntza ez dela komunikazio tresna hutsa, “herri batek duen erakunderik inportanteena” baizik. “Euskarak mundu bat sortzen du, sortu du, baina gure hizkuntzaren etorkizuna uztartuta dago komunitate politikoaren etorkizunarekin, eta, era berean, hizkuntzak itxura ematen dio komunitate politiko horri, hizkuntza, besteak beste, interakzioa eta komunikazioa delako, hau da, jarrerak, balioak, jokabideak, mundu oso baten interakzioa. Hartaz, nik nahi dut euskararen mundua ziurtatzea, finean aske izateko modu bat delako”.

 

    Euskal komunitatea “balioetan, ezagutzan, harremanetarako gaitasunean” indartzeaz aritu da irakaslea, eta abiapunturen bat edo beste azpimarratu du, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ‘Etorkizuna eraikiz’ proiektua: “Egitasmo honen helburua gure herritarrak agenda politiko berriaren jabe egitea da, berdintasuna, aldaketa klimatikoa, teknologia, eta abar lehenetsiz. Eta gauzak egiteko beste modu bat proposatzen dugu, etorkizunean gizakion arteko harremanak landuz, komunitate politikoaren espazioetako harremanak beste modu batera planteatuz. Eta hau guztia garrantzitsua da, gure komunitate politikoari eusteko gaitasuna baldin badugu, gure hizkuntzak etorkizuna izango duelako”. 

 

    Arantza del Pozo Vicomtech enpresaren Ahots eta Hizkuntza Teknologien Saileko zuzendaria teknologia aurreratuen garrantziaz aritu da, eta ohartarazi du euskarak esparru horretan presentzia urria duela: “Egunero erabiltzen ditugu tresna, gailu eta aplikazio berriak, eta gailu hauekin hitz egiten dugu, baina euskara ez dago hor. Etorkizunean ahots eta hizkuntzak erabiliko dira gailuekin interaktuatzeko, eta hor euskarak egon beharko luke”. Hausnarketarako ideia batzuk ere azpimarratu ditu Del Pozok: “Euskarari onura handia egiten diote beste hizkuntzetarako garatzen ari diren aurrerapen teknologikoek; bestetik, teknologiak oraindik erronka asko ditu: esaterako, euskalkiak edo hizkera espontaneoa; datorkigun mundua hemen dago jada eta estrategia teknologiko bat behar da esparru honetan euskara kokatzeko edo bere presentzia ziurtatzeko. Horretarako elkarlan publiko-pribatua ezinbestekoa da”.

 

    Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakasleak komunikazio eta sozializazio prozesuak bizi duen eraldaketaz jardun dute mintegiko azken txanpan. “Eraldaketa garaia bizi dugu, sakon-sakoneko auziak aldatzen ari dira, eta ezaugarri bi ditu eraldaketa honek: intragenerazionala dela, hau da, belaunaldi batek eraldaketa bat baino gehiago ezagutuko dituela; eta globala dela”, aurreratu du Eizagirrek. Baina eraldaketa hau ulertzeko zailtasun handiak ditugula aitortu du, eta honek herrigintzari edo aberrigintzari buruzko gogoeta baldintzatzen duela esan du: “Neurria ondo hartu behar diogu gertatzen ari denari eta ondorioak atera, konponbideak asmatzeko. Egiturazko eraldaketak ondo ulertu behar dira, eta ondoren geure buruari neurria ondo hartu”. Hau dena jakinda, gure eskuetan dauden elementuetan eragiten saiatu beharko ginatekeela esan du Eizagirrek.

 

    Hari beretik tiraka, zera adierazi du Muñoak, “komunikazio eta sozializazio prozesuen sakoneko eraldaketa” gertatzen ari dela, eta gogoratu du hizkuntza erdiguneko elementua dela, bai komunikazioan, bai sozializazioan. Baina euskal gizartea ere asko aldatu da azken urteotan eta gizarte-errealitatea “geroz eta mediatizatuagoa” dagoela onartu du ikertzaileak. Eta derrigorrezko galdera etorri da ondoren: “Halako ezaugarriak dituen espazio komunikatibo orokorrean, ba al dago aukerarik euskararen etorkizunerako espazio eta aukera berriak jorratzeko?”. Erantzunak eta galderak nahasian eman dituzte irakasle biek, gogoetarako plaza ugari ezarriz. Bada, zer egin aurrerantzean? Lau puntu aipatu dituzte Eizagirrek eta Muñoak: “Bitarteko komunak sortu ekosistema komunikatibo berrian; dagoen espazio zatikatuan elementu komunak eta erreferentzialtasun berriak topatzen saiatu (ikur globalak eta euskarazko mundua uztartzen saiatu); dagoen espazio zatikatuan elementu propioen produkzioa sustatu; eta bitartekaritzen hain menpeko ez diren espazio komun partekatuetako sozializazio prozesuak indartu, espazio fisikoa eta egitura sozialak aprobetxatuz”.