Prentsa oharra 2021ko urriaren 14a

“Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak” liburuaren aurkezpena

• Alazne Díez Muñiz antropologoak 1935 eta 1952 urteen artean jaio ziren eta garai zail samarretan nabarmendu ziren 13 emakumeren testigantzak bildu ditu bere azken lanean. • Liburuak generoen arteko berdintasuna lortzeko bidean egin diren urrats garrantzitsuenetako batzuk ezagutarazi nahi ditu.

“Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak” liburuaren aurkezpena

Alazne Diez soziologo eta antropologoak idatzitako azken liburua aurkeztuko du Sabino Arana Fundazioan, urriaren 20an, arratsaldeko 7etan: «Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak». Egileak 1935 eta 1952 urteen artean jaiotako hainbat profiletako emakumeei egindako hamahiru elkarrizketa bildu ditu liburura. Lan horren bidez, Alazne Diezek emakume horien guztien lana nabarmendu nahi du −bai eta liburuko emakumeekin identifikatuta sentitu daitezkeen beste hainbatena ere−, garai zail samarretan nabarmendu zirelako. Emakume horien bizipen eta hobetze-gogoa eredu, itsasargi edo gidalerro izan daitezen etorkizuneko belaunaldientzat.


Liburu honetan jasotako lekukotasunek eta bizipenek agerian uzten dute euretariko bakoitza bizi izan zeneko garaia eta une hartako ingurumari politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala, eta agerira ekartzen dute emakume horien sakrifizioa, ahalegina eta borondatea gurendutako helburuak erdiesteko. Alazne liburu hau egitera gogatu duen nahietako bat “generoen arteko berdintasuna eskuratzeko egin diren urrats behinenetako batzuk ezagutzeko irrika izan da, egin gabe daudenak aztertzeko grina eta ekitatea egiazkoa izan dadin garatu beharreko jarraibideak ikusarazteko gogoa”.


Alazne Diezek dioenez, “zinez espero dugu emakume haien ahotsen edukiak eta aurretik izan zituztenen oihartzunak agerira ekartzen duten hausnarketak onuragarriak izan daitezen andre horien guztien lanari balioa emateko eta eredu, itsasargi edo gidalerro izan daitezen etorkizuneko belaunaldientzat.


Alazne Diez


Alazne Diez Muñiz (Plentzia, 1946) Soziologia eta Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentziaduna da (UNED) eta Antropologiako doktorea (Deustuko Unibertsitatea). Ondoko liburuak idatzi ditu: «La memoria, herida abierta Guerra Civil y franquismo» eta «Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak».