Prentsa oharra • 2021ko maiatzaren 5a
Genero-ikuspegia eta politika uztartzeko helburu erkideak baturik
Euskal alderdi politiko nagusietako ordezkari nabarmenek ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi dute
Eztabaida abesgarrian murgilduta, euskal alderdi politiko nagusietako bost ordezkari nabarmenek euren bizipenak azaldu eta konpromiso irmoa berretsi dute gaur, generoagatiko diskriminaziorik gabeko gizarte baterantz aurrera egiten jarraitzeko.
“FEMINISMOA ETA POLITIKA. Genero-ikuspegia politikarekin nola uztartu” leloaren ildotik, honako emakume politikari hauek parte hartu dute jardunaldian: Itxaso Atutxa, EAJ/PNV alderdiaren Bizkai Buru Batzarreko presidentea; Izaskun Duque, Bizkaiko batzarkidea EH Bilduren izenean; Idoia Mendia, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusia; Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean; eta Laura Garrido, Euskadiko PP alderdiaren idazkari nagusia.
Eva Domaika kazetariak gidatu eta streaming bidez eskaini den eztabaidan, bost politikariek euren ibilbide politikoan izandako eskarmentua azaldu dute, bai eta nork bere alderdian eta/edo erakunde-esparruan betetzen duen kargura nola iritsi ziren ere, eta, bestetik, Euskadin egiten duten eguneroko jardueran topatzen dituzten zailtasunak.
Ildo horretan, agerian utzi dute emakumeek, gaur egun ere, desparekotasun garbia jasaten dutela kargu politiko jakin batzuk eskuratzeko orduan, edo emakumeak azaletik epaitzen eta ikusmiratzen dituztela egiten duten lanagatik, eta, argi denez, hori ez zaiela gizonei gertatzen.
Guztiek ere genero-ikuspegia politikarekin nola uztartu jomuga dutela, bost-bostek uste dute ezinbestekoa dela Berdintasunerako Legearen alde lan egiten jarraitzea, agenda feminista ezartzea agenda politikoaren barruan, eta oraindik bide luzea dagoela egiteko nahi dugun gizartea egituratuko badugu, hots, generoagatiko bereizkeriarik ez darabilen gizartea.
Ekitaldian, emakume legebiltzarkideak, Kongresuko kideak, batzarkideak eta tokiko erakundeetakoak izan dira.