Prentsa oharra 2019ko abenduaren 20a

Gilles Simeoni, Andres Urrutia, Naizen, Ternua Group eta Saski Baskonia, Sabino Arana sariak 2019

• Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi honen XXXI. edizioa egingo du datorren urtarrilaren 26an, igandearekin, 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian

Gilles Simeoni, Andres Urrutia, Naizen, Ternua Group eta Saski Baskonia, Sabino Arana sariak 2019

Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak, Juan Mª Atutxa jaunak eta zuzendariak, Irune Zuluaga andreak, jakitera eman dituzte gaur, ostiralarekin, Sabino Arana Sarien 2019ko saridunen izenak. Sari horien bidez, gizartearen zerbitzuan aritzeko prestutasun eta ahalegin bikainagatik nabarmentzen direnak pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak aintzatetsi nahi dira .

 

Sariak banatzeko ekitaldia urtarrilaren 26an egingo da, igandearekin, Bilboko Arriaga antzokian, eta XXXI. edizio horretan, ondokoen lan eta ahalegina aitortuko dira: Gilles Simeoni, Korsikako Kontseilu Exekutiboko burua; Andres Urrutia notarioa eta euskaltzainburua; Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familien Naizen elkartea; kirolean eta modan espezializatutako Ternua Group euskal enpresa-taldea eta Saski Baskonia Arabako saskibaloi-taldea.

 

Edizio honetako saridunez gain, beste 175 saridun izan dira Sabino Arana Sariak lehenengoz eman zirenetik, 1989, urtean.

 

Sabino Arana Fundazioak Gilles Simeoni abokatu eta politikaria aintzatetsi eta saritu nahi du. Simeoni Korsikako nazionalismoari lotutako sendi nabarmen bateko kide eta “Frantziako Estatuaren barruan, autonomia politiko eta instituzional zabalagoa erdietsi nahi duen lurraldeko gobernu-organo goreneko burua da”

 

“Nazionalista izaki, Korsikako naziotasuna aitortzeko eta bere autogobernuan sakontzeko lanean, bide demokratiko eta indarkeriarik gabekoaren isla da Simeoni, horiexek baitira tresna egokienak Korsikaren ongizatea eta garapen politikoa, sozioekonomikoa eta kulturala sustatzeko; esan barik doa Euskal Herria ere guztiz bat datorrela helburu horiekin. Beti adostasuna bilatzen duen gizon hau nazionalismo ireki eta inklusiboaren ikurra da eta, horregatik, Korsikako herri osoaren nahiak eta borroka irudikatzen ditu gaur egun Simeonik”, adierazi dute fundazioko kideek.

 

Era berean, datorren urtarrilaren 26an, Sabino Arana Fundazioak Andres Urrutia sarituko du “jakintza-arlo anitzetan, besteak beste, Zuzenbidean, Euskaltzaindian, letretan eta abarretan eginiko ibilbide profesional bikainagatik, eta horietan guztietan euskara sustatzen eta normalizatzen egindako ekarriagatik”.

 

Andres Urrutia notarioa da lanbidez, baita Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren burua ere, eta “sekulako lanak hartu ditu, batetik, euskal foru-zuzenbide zibilaren berezitasuna eta balioa aldezten eta, bestetik, euskara zabaltzen unibertsitatearen eta Zuzenbidearen esparruetan”, azaldu du Irune Zuluagak. Ildo horretan, nabarmendu behar da Urrutia Euskara hizkuntza juridiko gisa darabilten hainbat argitalpenen egilea dela, eta literaturako lanen ekoizle emankorra ere bai, esaterako, euskarazko idazle klasikoen argitalpenetan. Bestalde, Sabino Arana Fundazioaren arduradunek azpimarratu dute euskaltzainburuak “euskal gizartearekin etengabe harremanetan dagoen Euskararen Akademia bizi eta dinamikoaren eredua sustatu duela”.

 

Sabino Arana Sarien XXXI. edizio honetan, beste sarituetako bat Naizen elkartea dugu “sexu-aniztasun inklusiboarekin erakutsitako konpromisoagatik, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen eta haien familien egoera ikusarazteagatik, eta haien eskubideak aldarrikatzeagatik; zehatzago esanda, fundazioak Naizen elkarteari aitorpena egin nahi dio elkartasunaren, inklusioaren eta genero-identitatearen errespetuari atxikitako balio demokratikoak sustatzeagatik, aipaturiko kolektiboaren benetako berdintasuna bultzatzeko helburuz”.

 

Sabino Arana Fundazioaren zuzendariak nabarmendu du “Aniztasuna giza generoaren ezaugarria izan dela beti eta egun ere badela, eta sexu-aniztasuna giza aniztasun horren erakusle eta berezko isla besterik ez dela. Hala, aurreiritzi eta estereotipoen gainetik, Naizen elkarteak bide eta adierazpide eman die errealitate horri eta adingabe transexualen nahiz haien familien eskaerei”.

 

Beste saridunetako bat Ternua Group dugu, “nazioarteko joera eta hedapena duen euskal enpresetako bat, moda jasangarrian aitzindaria eta gizarte- nahiz ingurumen-konpromiso sendoa duena”.

 

Ternua Groupek erroak eta sustraiak Euskadin dituen euskal enpresa-eredu jakin bati erantzuten dio, hots, familia-gune txiki batetik abiatuta, enpresa-talde handia eraiki baitu eguneroko lanean eta berrikuntzan sustraituta. 

 

“Ternua Groupek era berezian islatzen ditu ingurumenarekiko eta elkartasunarekiko begirunearen balioak, hala nola baliabide naturalak aurrezten eta isurpen kaltegarriak nahiz hondakinen bolumena murrizten dituzten ehun birziklatu eta berriztagarrien alde eginez, edo Pakistango “Hushé” deritzon eskualdeko   emakumeen aukera-berdintasuna kirolaren bidez bermatuz, izen bereko proiektuarekin bat eginda”, azaldu du Zuluagak.

 

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Saski Baskoniaren 60 urteko historia aintzatetsi eta saritu nahi izan du “gure herrialdean saskibaloia sustatzen eta Gasteiz zein Euskadi nazioarteko kirol-esparruan hedatzen eta munduan kokatzen egindako ekarpenagatik”.

 

“1959an hasi zenetik, Saski Baskoniak egundoko ekarpena egin du kirolari eta, bereziki, saskibaloiari lotutako kultura Euskadin sustatzen eta kirol horrekiko zaletasuna handia pizten. Saski Baskoniak oinarrizko kirolarekin duen konpromiso irmoa −34 talde aritzen dira guztira saskibaloi-eskolan eta behe-mailako kategorietan− erabateko prestakuntzaren eta balioen aldeko apustu irmoa ditugu Europako saskibaloian gaur egun erreferentziazkoa den Saski Baskonia taldearen oinarriak”, adierazi dute.