Prentsa oharra 2021ko azaroaren 30a

Gure iragana, inoiz baino gaurkoago

Gure historiak nor garen adierazten digu. Gure bizitzaren atala da. Gure oraina zehazten du eta gure etorkizuna marrazten. Hala, ahaztu ezin diren milioika istoriok osatzen dute gure historia, gogoratzea merezi dutenak, gu definitzen gaituztelako. Horrela sortu zen Euskal Abertzaletasunaren Museoak gaur Sabin Etxean aurkeztu duen “Nor gara gu?” erakusketa erdi-iraunkorraren hazia.

Gure iragana, inoiz baino gaurkoago

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak “Nor gara gu?” erakusketa erdi-iraunkorra inauguratu du gaur Sabin Etxean. Eta galdera horri erantzuteko, gure kulturaren, gure hizkuntzaren, mundua ikusteko gure moduaren, gure egungo gizartearen sorreran emakumeek izan duten garrantziaren eta gure ikurren txatalak erakutsi nahi dira, gure sustraietan barrenako ibilbide zoragarria eginda. Hori guztia objektu, argazki, dokumentu, argitalpen eta abarren bidez.


Nor gara gu? erakusketak iraganerako bidaia eskainiko digu izan ginena eta egun garena gogorarazteko. Nondik gatozen ikusteko.


Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek aurkezpenean adierazi duenez, “abiadurak eta berehalakotasunak gobernatzen duten egungo gizartean, tartea egin diogu gure iraganari Euskal Abertzaletasunaren Museoan. Gure historiari eta orainari buruz hausnartzeko eta ikasteko lekua da. Iraganera joateko bidaia da, zer izan ginen eta egun zer garen gogoratzeko. Nondik gatozen ikusteko. Belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioa errazteko lekua da, gure kultura-ondarea zaintzen duena eta aurrera egiteko bidea erakusten diguna”.


Zaratek bereziki nabarmendu nahi izan ditu dohaintza-emaileak: “erakusketan barrena ikusiko duzuen guztia, euren oroitzapenak gurekin partekatu nahi izan dituzten pertsonen dohaintzetatik jasotako objektu eta jatorrizko dokumentuak dira. Izan ere, dohaintzak gure Museoaren bihotza dira, eta taupada bakoitza eskerrak emateko baliatu nahi dugu gure izaeraren funtsa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeagatik lagundu diguten pertsona guztiei”.


Kultura, politika eta gizarte esparruetako ehun bat pertsona ospetsu izan dira aurkezpenean.


“Nor gara gu?” erakusketan, euskal aberriaren eraikuntzan parte hartu zuten gizon-emakumeek elkarrekin egindako lana erakusten da. Sabino Aranaren garaitik, Gerra Zibilean eta gerraostean, gaur egunera arte. Egundoko lana da, ezin ordainduzkoa, ia beti ezkutuan eginikoa eta oso gutxitan tamainan aitortutakoa.


Erakusketa bi solairutan banatuta dago eta bi gai jorratzen ditu. Atartearen esparruan, etxearen historia (Sabin Etxearena) azaltzen da eta azken dohaintzei eskainitako gunea dago, berritzen joango dena.
-1 solairuan, erakusketa 5 gunetan banatuta dago, eta honako gai hauek jorratzen dira:


    1. GUNEA 
•    Aberri Eguna 1932. Euskal abertzaletasuna aldarrikatzeko ekitaldia, erakusketa ikusgai dagoen lekuari guztiz lotutakoa.
•    EAB. Euren eskubideen alde borrokan egin zuten eta, gaur egun, emakumeok izan nahi duguna izan gaitezen lortu zuen emakumeen lehen erakundea.


    2. GUNEA
•    Euzko Gaztedi/Mendigoizaleak. Euskara eta gure tradizioak zabaldu eta diktadura frankistaren errepresaliak gorabehera, babesten lagundu zuten gazte-elkarteak.
•    Gerra Zibila. Euskadiko herritarren bizitzan egundoko eragina izan zuen gertakizuna.
•    Eresoinka. Kultura baliatuz, Euskaditik kanpo gure nortasuna zabaldu eta aldarrikatzeko sortutako taldea.


    3. GUNEA
•    Klandestinitatea. Errepresioaren aurrean, euskal abertzaleen eguneroko bizitzaren eta borroka demokratikoaren hainbat alderdi erakusten dira.
•    Euskara. Gure jatorri eta oinarri nagusia. Urteetako ibilbidea, gure hizkuntza ofizialdu eta normalizatu zen arte.


    4. GUNEA
•    Gure kulturako pertsona nabarmenak. Gune hau berrituz joango da, baina beti lotuko zaie gure kultura eta hizkuntza zabaldu eta ezagutarazi duten pertsonei. Gunea pertsona baten bidez aurkeztuko da. Estreinako aldiz, Esteban Urkiaga Lauaxetari eskaini zaio: olerkaria, euskararen bultzatzailea, emakumeen aldarrikapenen aldekoa, gudaria eta fusilatuetakoa euskaldunen eskubideak eta askatasuna defendatu nahi izateagatik.
•    Diaspora. Aberritik kanpo egon arren, gure kultura eta identitatea iraunarazi eta zabaldu duten euskal herritar guztiei eskainitako gunea.
•    Euskadi-Europa. Beira-arasa honek, nolabait esanda, erakusketa osoa biltzen du eta gaurkotasuna ematen dio: informazio historikoa nahiz gaur egungo dokumentu eta objektuak ikusgai daude bertan.


    5. GUNEA
•    Ikurrina. Gure aberriaren ikur nagusiak historian izan dituen bilakaera eta gorabeherak erakusten dira.


Guztira, hamalau beira-arasa, azalpen-panela eta hirurehun objektu, dokumentu, argazki... baino gehiago. Erakustoki bakoitzean, QR kodea eskaneatzeko erretilua dago. Bertan, bisitariak artikuluak deskargatu ahal izango ditu, baita dena delako gunean jorratzen den gaiari buruzko informazio gehiago ere.


“Nor gara gu?” erakusketa 2022ko urtarrilaren 12tik aurrera egongo da ikusgai: asteazkenetan, sarrera librea izango da 10:00etatik 19:00etara, eta gainerako egunetan (larunbat-igandeetan ere bai), bisita gidatuak egingo dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta.


Abenduan, Sabino Arana Fundazioaren bazkideek (lagunek) egin ahalko dituzte bisitak.