Prentsa oharra 2021ko uztailaren 9a

Hegoaldeko Gurutze berria: ehun urte bete dira ikurrina jaso zenetik Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean

1921eko uztailaren 9an, San Fermin jaiekin eta Argentinako Independentzia Adierazpenarekin bat etorrita (1816), ikurrina era ofizialean eta ospe handiz jaso zen Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean. Gertaera hori mugarria izan zen ikurrinaren historian eta geroko bilakaeran, harrezkero euskaldun guztion baterako ikurtzat hartzeko hazia erein zela eta.

Hegoaldeko Gurutze berria: ehun urte bete dira  ikurrina jaso zenetik Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean

Urteurren hori gogoratzeko eta euskal diasporak Argentinari nahiz Euskadiri denboraren poderioz egindako ekarria aitortzeko, Sabino Arana Fundazioak eta Laurak Bat euskal etxeak baterako eta aldi bereko ekitaldia antolatu dute, Bilbon eta Buenos Airesen, ikurrina bi hiriburuetan igota. Laurak Bat euskal etxetik gertu dagoen Buenos Aireseko Montserrateko Andre Mariaren parrokian bedeinkatutako bi ikurrin jaso dituzte. Hemen, Euskadin, Andoni Ortuzar EAJ alderdiaren EBBko buruak, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak eta Gorka Alvarez Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak igo dute euskal oihala. Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak, hain zuzen ere, ekitaldiaren buru jardun du.


Sarreran, Gorka Alvarezek kanpoko euskal komunitatearen lana goraipatu du, izan ere “gure Herriaren ametsa egia bihurtu baitu, gure herriaren hiru errealitate politikoak bat eginda: Hirurak bat, Laurak Bat, Zazpiak Bat, Euzko Alkartasuna, Euskal Odola, Denak Bat... Euskal etxe batean sartzen denak edo kanpoan euskaldun sentitzen denak Pirinioen bi aldeetan hedatzen den herri aparteko eta bakar bateko kide sentitzen du bere burua. Gure zaharrek irrikaz desiratu izan zuten ametsa eta belaunaldi berriek lortzen jarraitu dugun asmoa. Euskal diaspora euskararen herriaren anaiarteko batasun horren adibide garbia da”, adierazi du.
Gorka Alvarezek, orobat, kanpoko euskal herritar guztiak aitortu nahi izan ditu “egon ziren, egon dauden eta egongo diren tokietan herri honen izatea eta sentimendua bihotzean daramatelako, Euskadi herri unibertsal, munduko herri bihurtuta”.


Ikurrina, aberriaren ikurra


Beste alde batetik, Jose Gabriel Anitua Laurak Bat euskal etxeko presidenteak, Argentinatik zuzeneko konexioan arituta, duela ehun urte gertatutakoak gogoratu ditu, eta gertaera horrek antolatzaileentzat izan zuen garrantzia azpimarratu du, “100 urte geroago, gertaera horrek ondorengoengan izango zuen arrastoa inoiz ere ez zutela pentsatuko”.


“100 urtez Ikurrinak eraso bortitz eta presio sinbolikoak jasan zituen. Ikurrina jaso zuten egunean bertan, elkartekide gutxi batzuek salatuta, Montserrat auzoko komisarioa hurreratu zen euskal etxera, hura kentzeko agindua zuela; hala eta guztiz ere, Errepublikako presidente Hipolito Irigoienen lagun hurkoa zen euskal etxeko presidente Niceto Etxenagusiaren esku-hartzeari esker poliziaren hasierako asmoak bertan behera geratu ziren eta salaketa artxibatu zen azkenean. Geroago, urteen poderioz euskaldunon ikur sendoa zela, kexa diplomatikoen presioak ere jasan zituen frankismoarekin bat zetozen erregimen ez-demokratikoen garaian”, adierazi du Laurak Bat euskal etxeko presidenteak.


Eraso horiek guztiak gorabehera, Anituak gogorarazi du ikurrina “ez zela inoiz jaitsi eta urteak joan ahala aberriaren ikur bilakatu zela”.


“Gaur, Argentinan, ikurrina euskaldun guztien ikurtzat hartzen da. Horren erakusgarri, eranskailuak ikusten ditugu autoetan eta leihoetan, euskaldunen ondorengo argentinarrek nortasunaren erakusgarri hartu baitute, berezko ikur gisa, duela 100 urtetik hona”, adierazi du.


Bestalde, Oscar Alvarez Gila EHUko Historian doktore eta Amerikako Historiako irakasleak, euskal diasporaren ikertzaile eta “Antes de la Ikurriña: Bandera, símbolos e identidad vasca en América (1880-1935)” liburuaren egileak, deitoratu egin du gaur egun “diaspora oraindik ere Euskadiko memoria historikoan oso ahaztua” dagoela, nahiz eta “gure iraganaren une askotan, eginkizun garrantzitsua izan zuen euskal nortasuna eratzen eta sendotzen”.


Horren harira, ikurrina aipatu du, diasporan jazo baitzen, lehen aldiz, ikurrina behin betiko aitortzeko urratsa. “1921eko uztailaren 9an, Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxea izan zen ikurrina jaso zuen lehen erakunde ez-politikoa, euskal nortasun nazionalaren ikur moduan. Pauso txikia izan zela eman lezake, baina hamarkada hartan ikurrina pixkanaka-pixkanaka onartzeko lehen urratsa izan zen, bai diasporan, bai euskal lurraldean. Ildo horretan, Eusko Ikaskuntzak ikurrina euskal banderatzat hartu behar ote zen aztertzeko txostena egin zuenean, diasporako euskaldunek ikurrina esangura horrekin erabiltzen zutela argudiatu zuen, besteak beste. 1936an, lehen Eusko Jaurlaritzak ofizialdu zuen ikurrina, eta horixe izan zen mugarri honen amaiera ona”, azpimarratu du.


Euskal diasporaren eginkizun erabakigarria


Azkenik, ekitaldiari amaiera eman dion Sabino Arana Fundazioaren presidente Mireia Zaratek euskal diasporak eta euskal etxeek euskal herritarren aberriaren etorkizunean duten zeregin erabakigarria azpimarratu nahi izan du.


“Bere burua maite duen herri orok berezko historia ondo ezagutu eta historia hori zabaltzen jakin behar du. Emigrazioa etengabea izan da gure aberriaren bilakaeran, eta Amerika izan da helmuga nagusia. Emigrazio haren ezaugarri nagusietako bat izan zen orduko diasporak jakin izan zuela euskal sustraiei lotutako nortasun-sentimenduari eusten eta gerora finkatutako herrialdeekiko konpromiso eta gizarteratze irmoa uztartzen, herrialde horien garapenean eta ongizatean lagunduta, eta, horrekin batera, baita gure aberriaren izen ona ederresten ere”, adierazi du.


Jardunaldi hau amaitu baino lehen, Mireia Zaratek “mundu osoan zehar dauden euskal etxeek egindako lanaren balio izugarria eta garrantzi estrategikoa” aitortu nahi izan du, “gure kulturari eutsi eta hurrengo belaunaldiei igorri diezuelako”. “Diktadura eta debekuen garaian, gure kulturaren babesleku izan zineten”, gaineratu du.


“Agur Jaunak” abestiaren doinuz amaitu da ekitaldia.