Prentsa oharra 2020ko maiatzaren 20a

HERMES aldizkariaren azken aleak Euskadin iraganean izan zen terrorismo eta indarkeriari begiratzen dio, bizikidetzako etorkizuna finkatzeko

• Edurne Portela, Carmen Torres, Maixabel Lasa, Joaquín Giménez eta Juan Mari Uriartek “nork bere begirada eskaini digute, eskarmentutik eta gogoetatik sorturiko begirada sakon, lasai, kritiko, itxaropentsuak…”

HERMES aldizkariaren azken aleak Euskadin iraganean izan zen terrorismo eta indarkeriari begiratzen dio, bizikidetzako etorkizuna finkatzeko

“Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik” izenburuaren ildoan, Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu zuen 2019. urtearen amaieran, iraganari eta indarkeriari buruzko hausnarketa kritiko eta partekatua bultzatzeko eta, bestetik, memoriarekiko bizikidetzan funtsatzen den orainaldiko eta etorkizuneko garai berriari atea zabaltzeko. Euskadiko erakunde, politika, gizarte, enpresa, sindikatu, unibertsitate eta Elizaren ehun bat ordezkari bildu ziren jardunaldian.

 

Gipuzkoako gobernadore zibila izandako Juan Mari Jauregiren eta Jose Maria Portell kazetariaren alargunek, Maixabel Lasa eta Carmen Torres, hurrenez hurren, Donostiako gotzain emeritu Juan Maria Uriartek, Auzitegi Goreneko magistratu ohi Joaquín Giménezek eta Edurne Portela idazleak, besteak beste,  honako gai hauek jorratu zituzten: prozesuan gaizki eta ondo egindakoak edo ETAren amaierak euskal gizartean izan zuen eragina eta alderantziz.

 

Iñigo Urkullu lehendakariak, jardunaldiaren amaiera-ekitaldian, “Eusko Jaurlaritzak ETA armagabetzeko eta desegiteko egindakoen deskribapena eta balorazioa” izeneko txostena aurkeztu zuen.

 

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken alean (64. zenbakian), jardunaldi hartako bost hizlarien gogoetak eta Urkullu lehendakariaren hitzaldia jasotzen dira.

 

“Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik” izena daroan ale honetako editorialak ezin hobeto islatzen ditu euskal gizartearen nahiak: “Autokritikan, memorian, bizikidetzan, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna nahi dugu. Memoria eta etorkizuna kate beraren katebegiak dira ".

 

64. zenbakia osatzeko, joan den urtarrilaren 31ra arte 14 urtean Sabino Arana Fundazioaren lehendakari izan den Juan Mª Atutxaren eta aldizkariaren zuzendari eta Fundazioaren Gogoeta eta Eztabaida Mintzagunearen koordinatzaile José Antonio Rodríguez Ranzen arteko (hainbat ordutako) solasaldi bat jaso da. Bertan, Rodríguez Ranzek Juan Mariren bizitza eta ibilbidea aletu ditu Atutxaren bizitzari atxikitako bost leku berezitan, Begoñako basilikan, Sabino Arana Fundazioan, Eusko Legebiltzarrean, Lemoako etxean eta Berrozin, izandako topaketen bidez.

 

Maite Pinto Zangroniz artistaren ekarpena ere jasotzen du azken aleak.