Prentsa oharra 2017ko ekainaren 12a

HERMES ALDIZKARIAREN ZENBAKI BEREZIAREN AURKEZPENA, EGUNA EUSKARA HUTSEAN EGINDAKO LEHEN EGUNKARIAREN 80. URTEURRENA DELA ETA

• Euskera hutsean egindako lehenengo aldizkariari buruzkoa izango da gai bakarreko zenbaki hau eta, hain zuzen ere, EGUNAren azken zenbakia argitaratu zen egun berean ikusiko du argia.

HERMES ALDIZKARIAREN  ZENBAKI BEREZIAREN AURKEZPENA,  EGUNA EUSKARA HUTSEAN EGINDAKO LEHEN EGUNKARIAREN 80. URTEURRENA DELA ETA

EGUNA euskara hutsean idatzitako lehen egunkariaren sorreraren 80. urteurrena dela eta, zenbait omenaldi egiten ari dira. Horien artean, HERMES  aldizkariaren azken zenbakia aldizkari historiko horri buruzkoa izango da eta bihar, ekainak 13, argitaratuko da, EGUNAren azken zenbakia argitaratu zen egun berean. Duela 80 urte izan zen hori, Francoren tropek Bilbo okupatu baino egun batzuk lehenago. 

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Rodríguez Ranzek, Hermes pentsamendu eta historiako aldizkariaren zuzendariak, Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dute gaur Eguna egunkariari buruzko HERMES aldizkariaren zenbaki berezi hau.

EGUNA aldizkariaren sorrera gogoratzeko ekitaldiak otsailean hasi ziren, Bilboko Posta kalean oroigarria jarri zenean, egunkaria sortu zeneko atarian.

Ondoren, “EUSKAL PRENTSAREN HASTAPENA, ORAINA ETA GEROA” jardunaldia egin zen. Jardunaldi horretan, aldizkari euskaldunaren ibilbide labur bezain trinkoa aztertu zuten, baita euskarazko prentsan gaurdaino izan duen eragina ere.

Hain zuzen ere, HERMES aldizkariaren zenbaki berezi honetan, jardunaldi hartan aurkeztu ziren hitzaldiak eta hausnarketak jaso dira, beste ekarpen batzuekin batera. Argitalpen honekin amaituko dira EGUNA egunkariaren 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak.

HERMESen 56. zenbakian, lan hauek aurkituko ditugu: 

- Luis Alberto Aranbarri Amatiño: “EGUNA astekariaren eredua”.

- Joan Mari Torrealdai: “1937ko EGUNAren urteurrena. Egunkariaren aldarria euskal kazetaritzan (1976-1986). Zertzeladak”.

- Joseba Agirreazkuenaga: “Egunaren sorrera (1937), euskaldunon kontakizunean: Ezina egina”. 

- Xabier Altzibar: “EGUNA egunkaria (1937): Zer dakigu idazleez?”.

- Urtzi Urrutikoetxearen mahai-inguruari buruzko kronika ere jaso da. Hauek izan ziren partaideak: Idurre Eskisabel (kazetaria eta EHUko irakaslea), Jabi Onaindia (Bizkaia Irratiko zuzendaria), Odile Kruzeta (EiTBRadioko zuzendaria) eta Iñaki Mendizabal (Euskaltzaindiko Komunikazio arduraduna).

Era berean, Martxelo Otamendik, Berria egunkariko zuzendariak, Bilboko alkate Juan Mª Aburtori egindako elkarrizketa jaso da eta BilbaoArte-ko lau artista gazteren lankidetza artistikoa izan du 56. zenbaki honek: Elisabeth Pérez Fernández, Ruth Juan, Juan Malc  eta Aitor Arakistain.

2.000 ale inguru argitaratuko dira. Ohiko banaketaz gain, Bilboko Udalaren liburutegien sarean eta beste liburutegi batzuetan ere egongo da eskuragarri, bilbotarrek EGUNAri buruzko aldizkari monografikoa kontsultatzeko modua izan dezaten.

SABINO ARANA FUNDAZIOA eta HERMES ALDIZKARIA

Erakundea sortu zenetik bertatik, 1988ko urriaren 11n, Sabino Arana Fundazioak Euskadiko historia ezagutarazten, gordetzen eta zabaltzen jardun du; eta zeregin horretan, historia gure egunotara nola ekarri eta gaur egun nola irakurri lantzen aritu da etengabe. Gainera, ekarpen intelektuala egiten ahalegintzen da Euskadik aurrera egiten segi dezan, ikuspegi abertzale, demokratiko eta aurrerakoian oinarrituta.

Horretarako, Hermes pentsamendu eta historiari buruzko aldizkariaz gain, gogoeta eta eztabaida mintzagunea, agiritegia, argazki-bildumak eta museoaren funtsak darabiltza fundazioak.

Hermes aldizkaria 2001eko urtarrilean kaleratu zen. Egun, fundazioaren leloan (“Atzokoan finkatuz gaur biharkoa bultzatu”) laburbildutako xedea hezurmamitzen duen elkargunea dugu aldizkaria.                 

EGUNAren historia

1936. urtearen amaieran, Gerra Zibilean bete-betean, faxismoaren tropek aurrera egiten zuten Bizkaia setiaturik zegoela, eta Bilbon ekimena sortu zen euskara hutsezko egunkari bat argitaratzeko. 

Bilboko Posta kaleko 17an, 1937ko urtarrilaren 1ean sortu zuten Eguna, hau da, euskara hutsean idatzitako lehen egunkaria. Euskarazko lehen egunkariak 1937ko ekainaren 13ra arte iraun zuen; hau da, soldadu frankistek hiria okupatu zuten arte. 

Kazetariak euskaltzale gazteak ziren; gehienak 25 urtetik beherakoak. Gerra-garaia zen, batez ere, 1937ko martxoaren 31tik aurrera, orduantxe hasi baitzen Euskadi autonomoaren kontrako azken erasoa. Zabalkunderik handiena 10.000 alekoa izan zen.  

Euskarazko beste aldizkari batzuk aitzindari izanda, Errepublika garaian euskarazko aldizkari bat argitaratzeko ahaleginak egin zituzten hainbat intelektualek; horietako bat José María Agirre Xabier Lizardi izan zen. 

Era berean, Esteban Urkiaga Lauaxeta arduradun zuen Euzkadi egunkariko euskarazko orria ere argitaratzen zen. Bada, inguruabar horietan, idazle gazte eta beteranoen talde bat elkartu zen Eguna aldizkariaren inguruan eta sei hilabetez bakarrik argitaratu bazen ere, egoerak egoera, ondo erakutsi zuten egunkari hura bazela Bilboko gainerako prentsaren bestekoa.

Eguna egunkaria, Euzkadi egunkaria bezala, abertzalea zen eta Sabino Aranaren “JEL” goiburua izan zuen azpiizenburu.

Eguna egunkaria 1937ko urtarrilaren 1etik 1937ko ekainaren 13ra arte argitaratu zuten; guztira, 139 zenbaki kaleratuta, eta euskara hutsezko egunkari bat egon zitekeela erakutsi zuen.