Prentsa oharra • 2024ko apirilaren 30a
Xabier Arzalluz gogoan Hermes aldizkarian buruzagiaren heriotzaren bosgarren urteurrenean
- Iñigo Urkullu Lehendakariak eta EAJ-PNV alderdiaren EBBko buruak, Andoni Ortuzarrek, besteak beste, euskal abertzaletasunaren buruzagi historikoaren jarauntsia eta balioak ekarri dituzte argitalpenera.
Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakia, bi hamarkadatan eta bi alditan EAJ-PNV alderdiaren Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta euskal abertzaletasunaren buruzagi historikoa izan zen Xabier Arzalluz Antiari eskainita dago, buruzagiaren heriotzaren bosgarren urteurrenean.
Aldizkarian, politika, kultura eta kazetaritza arloko pertsona ospetsuek gogoratu dute Euskadiko abertzaletasunaren eredu eztabaidaezin eta errepikaezina dela euskal buruzagi abertzale karismatikoa. Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen, 1932ko abuztuaren 24an, eta Galdakaon (Bizkaia) hil, 2019ko otsailaren 28an.
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Arzalluz «pertsona errespetatuenetakoa, entzunenetakoa, maitatua eta, aldi berean, inbidiatuenetakoa izan zen gure historia berrian».
«Zalantzarik gabe –jarraitzen du Urkulluk− abertzale sinetsi eta oso-osokoa zen, beti errealitateari beha eta gure Herriaren benetako aukerez jabetua».
Era berean, Urkullu Lehendakariaren aburuz, «Xabier printzipio irmoko pertsona zen, eta, batez ere, pertsonen bizitza eta duintasuna defendatu zituen». Ildo horretan, «bakearen alde agertu zen hamaika bider».
Amaitzeko, Urkulluk esan duenez, «Arzalluz iragana, oraina eta etorkizunaren arteko loturak lotzen jakin zuen liderra izan zen. ‘Katea ez da eten’ ideiaren aurrendaria izan zen. Asaldura, krisi eta zirimola handiko garaietan, alderdiaren norabidea zuzen finkatzen eta Herri baten jomuga ikuspegi bikainez zehazten jakin izan zuen. Lider izateko gaitasuna erakutsi zuen, zuzen eta oker, jakina, gizakien ibilbide orotan gertatzen den moduan».
Bestalde, Andoni Ortuzar EAJ alderdiaren EBBko presidenteak «abertzale, jeltzale, euskaltzale, jakintsu, irakasle, abokatu, hizlari sutsu eta, batez ere, lidertzat» definitu du.
Euzkadi Buru Batzarreko buruaren arabera, Xabier Arzalluz Euzko Alderdi Jeltzalean kidetu izana «gure alderdia osatzen duen katebegi baliotsua izan zen». Ortuzarren arabera, «horixe da Xabier Arzalluz definitzen duen ezaugarrietako bat: EAJren antzinako gidaritzaren eta etorkizuneko belaunaldien arteko katebegi indartsu eta sendoa izatea».
Amaitzeko, Ortuzarrek esan du Xabier Arzalluz «abertzale eta jeltzale eredugarria, erreferentziazkoa izan dela, eragin nabarmena izan duena harekin harremanetan ibili direnengan. Eta oihartzun handia izan duela politika eta alderdi jeltzalea ulertzeko moduan».
Urkullu eta Ortuzarrez gain, Ramon Mur, Juan Anton Zubikarai (1945-2015) eta Jose Felix Azurmendi kazetariek eta Xabier Barandiaran soziologoak ere parte hartu dute ale berezi honetan. Jorge Sanz Erañaren kolaborazio artistikoak osatu du Hermes aldizkariaren 77. zenbakia.