Prentsa oharra 2017ko maiatzaren 4a

Herrialdeko 29 pertsona ospetsuk gogoeta egin dute Hermes aldizkarian euskal aberriaren XXI. mendeko erronkez

Sabino Arana Fundazioak pentsamendu eta historia aldizkariaren ale berezia aurkeztu du bi urtemuga oroitzeko: alde batetik, Hermes aldizkariaren lehen alea kaleratu zeneko mendeurrena eta abertzaleek euskal erakunde batean Bizkaiko Aldundia gehiengoa lehen aldiz lortu zuteneko mendeurrena

Herrialdeko 29 pertsona ospetsuk gogoeta egin dute  Hermes aldizkarian euskal aberriaren XXI. mendeko erronkez

2017an, 100 urte beteko dira Hermes aldizkariaren lehen alea argitaratu zenetik eta abertzaleek euskal erakunde batean Bizkaiko Foru Aldundian gehiengoa lehen aldiz lortu zutenetik. Mendeurren horiek direla eta, Sabino Arana Fundazioak aipatutako bi urtemugei eskainitako HERMES pentsamendu eta historia aldizkariaren 55. zenbakia aurkeztu du. Ale berezi horretan, herrialdeko 29 pertsonak ospetsuk gogoeta egin dute euskal aberriaren XXI. mendeko erronkez eta gure erakunde-esparruaren aukerez, azkena aberrigintzaren eta gizartegintzaren eragiletzat hartuta. 

Argitalpen monografikoak arduradun politiko gorenen, goi-kargudunen, hezkuntza-arloko ordezkarien, historialarien, artikulugile ospetsuen eta abarren kolaborazioak jasotzen ditu, besteak beste, ondokoenak: Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar, Bakartxo Tejeria, Carlos Garaikoetxea, José Antonio Ardanza, Unai Rementeria, Markel Olano, Eider Mendoza, Juan Mª Aburto, Izaskun  Bilbao, Jokin Bildarratz, Andres Urrutia, Joseba  Agirreazkuenaga, Mikel Xabier Aizpuru, Juan José Álvarez, José Ramón Beloki, Jose Manuel Bujanda, Javier Elzo, Ander Gurrutxaga, Eugenio Ibarzabal, Daniel Innerarity, Santiago Larrazabal, Jean Claude Larronde, Francisco Letamendia, Koldo Mediavilla, Gregorio Monreal, Txema Montero, Roman Sudupe eta Ramón Zallo.

Aurkezpenean, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, gogorarazi du gaurkoa lako egun batean, maiatzaren 4an, orain dela 100 urte, “Ramón de la Sota Aburto Bizkaiko Aldundiko lehendakari karguaz jabetu zela, abertzaleek garaipena lortu zutelako martxoaren 11n izandako hauteskundeetan”. EAJ alderdia sortu zenetik 22 urtera orduan, Comunión Nacionalista Vasca garaipen biribila erdietsi zuen hauteskundeetan eta, horren ondorioz, gehiengoa eskuratu zuen lehen aldiz gure lurraldeko erakunde nagusian, XX. mendeko 1910eko hamarkadaren bigarren erdialdean biziki indartsu zebilen Bizkaian.

“Ez zen miraria izan, ez; egitasmo politiko gazte eta bizi baten eta gure Bizkaia emankor hartako gizon-emakumeen asmo berritzaileen arteko uztarketaren emaitza garbia izan zen”, nabarmendu du Atutxak. 

Era berean, bigarren mendeurrenari dagokionez, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak 1917ko urtarrilaren 1a ekarri du gogora; egun horretan, Euskadiko Hermes aldizkaria agertu zen lehen aldiz Bilboko Kale Nagusiko kioskoetan eta, 2001. urtean, orain dela 17 urte, Sabino Arana Fundazioak aldizkari berria egitea erabaki zuen; “aldizkari horixe duzue esku artean, eta horren 55. alea argitaratu dugu gaur. Gaurko aldizkari honek ere Hermes izena dauka. Ez da kasualitatea, 1917ko Hermes aldizkariaren ikuspegi ireki eta berritzaileak ekarri zigun ekarpen bereziaren aintzatespen zintzoa baizik”, adierazi du. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko errektoreordea, José Antonio Rodríguez Ranz jauna, dugu argitalpenaren zuzendaria.

Amaitzeko, Atutxak baieztatu du “horregatik guztiagatik, atzera begiratu dugunean, hain zuzen ere, 1917. urtera, etorkizunera begira ere jarri gara, gogoeta erkide batera deitutako 29 gizon-emakumeren begiak eta arrazoimena baliaturik: honako honetan, euskal aberriaren XXI. mendeko erronkak eta gure erakunde-esparruaren aukerak aztertu nahi izan ditugu, aipatutakoak aberrigintzaren eta gizartegintzaren eragiletzat hartuta”. 

Ramón de la Sota eta euskara

Beste alde batetik, Euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, Ramón de la Sota eta euskal abertzale batek arteztutako lehen lehendakaritza erabili ditu berbagai. Urrutiaren esanetan, de la Sotak euskararen alde egindako lana “funtsezkoa izan zen, aldundiak euskal hizkuntzari egin zion aitorpenagatik, lagunarteko erabileratik haratago, erakunde mailako erabilerara jaso zuelako euskal hizkuntza”. 

Euskararen aldeko eginkizun horretan, de la Sotak azpmarratu zuen euskara bateratu behar zela Euskal Herriko bazter guztietan. Eta xede horri ekiteko, beste ekinbide batzuen artean, Euskaltzaindiaren sorrera bultzatu zuen, hots, euskara-gaietan Euskal Herri osoan jardungo zuen lehen erakundea.

Beste alde batetik, Urrutiak nabarmendu du Kataluniako Mankomunitateak eta Bizkaiko Aldundiak antzeko hizkuntza-politikak erabili zituztela sasoi hartan.

Beste alde batetik, Joseba Agirreazkuenagak, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak, garai hartako politikari bizkaitarrek adierazitako mezua aipatu du: abiapuntu gisa, autonomia estatutua lortzea autogobernuaren garapenean sakontzeko eta euskal aberriaren ideia zabaltzea. Agirreazkuenagaren arabera, “politikari horien helburua mankomunitatea eratzea izan zen, Hegoaldeko hiru lurralde edo lau lurraldeak elkartuta”. Aldi berean, 1918an, Ramon Belaustegigoitiak, Las bases de un Gobierno nacional vasco (Euskal Gobernu nazionalaren oinarriak) izeneko lanean, Eusko Jaurlaritzaren kontzeptua eman zuen “nazio moderno bati dagokion eran”, esan du Agirreazkuenagak. Berbaldian, euskal unibertsitate publikoko katedradunak adierazi du 1919. urtean idatzi zen Estatutuaren proiektuak (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeentzat), honela zioela 3.3 artikuluan: “administrazio zentralak ez du inolako esku-hartzerik izango artikulu honetan jasotzen diren autonomiako funtzioen egikaritzean”; hala, adierazpen horri jarraiki, ulertu behar da autonomia Erresuma bati edo hainbat estatuz osatutako Estatu bati dagokiola, eta estatu bakoitzak burujabetasuna beretzat gordetzen duela bere eskumeneko esparru guztietan. “Idazketa hori ez litzateke txarra izango estatutu berria negoziatzeko gaur egun”, esan du EHUko katedradunak.  

Azkenik, José Antonio Rodríguez Ranzek, Hermes aldizkariko zuzendariak, esan du aldizkariaren ale berezi honek dakartzan 140 orrialdeetan ez dela “euskal abertzaletasunaren gaineko profeziarik agertzen, ez ebanjelioa, ezta vademecuma ere”. Ranzek gaineratu du “betsellerra ere ez dela argitalpena, baina bertako edukiak irakurlearen gogoa bereganatzen duela eta zer pentsaturik ematen duela”. “Zerk liluratuko ditu euskaldunak hogei urteren buruan? Nork? Gauza zehatzek, benetakoek, ukigarriek; bizitza onak, izate onak, egote onak; ilusioa pizten duten ikuspegi batek eta proiektu batek, itxaropena sortzen dutenak eta ametsei lotzeko modua ematen dutenak”, ebatzi du.