Prentsa oharra 2018ko martxoaren 2a

HITZALDIA: Humboldt eta Euskal Herria. Humboldt-en ikerlanak euskal nazioari eta hizkuntzari buruz

Prusiako humanista, politikari, hizkuntzalari eta, XIX. mendearen hasieran, euskal ikasketen bultzatzaile nagusi izan zen Wilhelm von Humboldt (1767-1835) jaio zenetik 250 urte bete direla, UPV-EHUko Filosofia Saileko Iñaki Zabaleta Gorrotxategi irakasleak hitzaldia emango du martxoaren 7an, 19:30etik aurrera, Sabino Arana Fundazioan. Bertan, Humboldtek euskal nazioari eta euskarari buruz egindako ikerlanez jardungo du.

HITZALDIA: Humboldt eta Euskal Herria.  Humboldt-en ikerlanak euskal nazioari eta hizkuntzari buruz

W. von Humboldt itzal handiko pentsalaria izan zen; hainbat hizkuntzatan berba egiten zuen eta, 1810. urtean, bere izena daroan unibertsitatea sortu zuen Berlinen. Alemaniako unibertsitate hark, bereziki, hezkuntza eta ikerkuntza jorratu zituen eta haren egitura eredugarria izan zen XIX. mendean beste unibertsitate askorentzat, hal nola Johns Hopkins (Estatu Batuetan, ikerkuntzan aritu zen lehen unibertsitatea) Harvard, Duke edo Cornell unibertsitateentzat. Alemaniako Hezkuntza ministroa izanik, Humboldtek ikasketa-planak aldatu zituen eta irakasleen nahiz ikasleen arteko harremanak estutzeko programak indartu zituen. Azpimarratu behar dugu, ezinbestean, Humboldt Unibertsitatearen ereduak eragin handia izan duela beti Europako eta mendebaldeko beste unibertsitate batzuetan.

Wilhelm von Humboldt, pentsalaria, estatu-politikaria, hezkuntza-ereduaren eraldatzailea, hizkuntzalaria, historialaria, humanista eta euskaltzalea, Euskadin izan zen 1799 eta 1801 urteen artean. Bidaia horiei esker, gertutik izan zuen euskararen berri eta gure hizkuntzari buruzko hainbat lan prestatu zituen. Euskal Herria ikertu zuen nazio gisa, ohar etnografikoak bildu zituen eta euskara bera ikertu zuen. Humboldtek zioenez, “euskara hizkuntza berezia da, lexikoari, morfologiari nahiz ahoskerari dagokienez”. Hala, Humboldtentzat, euskara talde etniko jakin baten berezko ezaugarria zen: “herri berezi baten ezaugarririk behinena”. 

Humboldten iritziz, hizkuntza herri baten nortasunaren adierazgarria da eta, Euskadiz den bezainbatean, euskararen inguruko lotura estua antzematen zuen Espainia eta Frantziako muga politikoen gainetik.

Euskadira lehenengoz etorri zenetik, Humboldtek euskal gaia jorratu zuen behin eta berriro, bereziki, hurrengo 20 urteotan, baina, bere testuetan, beti ez da erraza izaten euskal gaiekiko lotura antzematea. 

Zabaletak, «Wilhelm Von Humboldt eta Euskal Herria. Bere jaiotzaren 250. urteurrenean» izeneko liburuaren egileak, Humboldten euskal ikerlanen berri emango digu eta euren edukiak azalduko dizkigu modu antolatu eta sistematikoan, Prusiako hizkuntzalariaren pentsamendu antropologikoa aintzat hartuta aurkeztuta.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (Donostia, 1966) Filosofiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Batxilergoko irakasle jardun zuen hiru urtetan, Alemaniara joan zen eta doktoretza atera zuen Koloniako Unibertsitatean 1998an. Humboldten euskal hizkuntzari eta nazioari buruzko ikerlanak aztertu zituen bere doktoretza-tesian, bereziki, Humboldten antropologia filosofikoaren eta hizkuntzalaritza orokorraren ikuspegitik.

Gai horri loturik daude, besteak beste, Jakin eta RIEV aldizkarietan egindako ekarpen ugariak.

Gaur egun, Zabaleta UPV-EHUko Filosofia Saileko irakasle titularra da eta, bertan, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Filosofia graduaren koordinatzailea da.

BIDEO: IKUSI HITZALDIA