Prentsa oharra 2021ko uztailaren 1a

Ikurrina Buenos Aireseko Laurak Bat etxean jaso zeneko 100. urteurrena

• Gertaera 1921eko uztailaren 9an jazo zen, eta inflexio-puntua izan zen, handik aurrera, ikurrina Ameriketako euskaldun guztiek ikur bateratutzat har zezaten. • Sabino Arana Fundazioak eta Laurak Bat etxeak baterako ekitaldia antolatu dute, aldi berean Buenos Airesen eta Bilbon, urteurrena ospatzeko eta euskal diasporak Argentinari nahiz Euskadiri historian zehar egindako ekarria aitortzeko. 2021eko uztailaren 9an, ostiralarekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan. • Ekitaldia streaming bidez eskainiko da Fundazioaren webgunetik. Aurrez aurre parte hartu nahi izatera, bertaratzea baieztatu behar da. • EAJ-PNV alderdiaren EBBko buru Andoni Ortuzarrek baietsi du ekitaldian parte hartuko duela.

Ikurrina Buenos Aireseko Laurak Bat etxean  jaso zeneko 100. urteurrena

Datorren ostiralean, uztailak 9 dituela, 100 urte beteko dira ikurrinaren historian eta bilakaeran eragin handia izan zuen gertaera bat jazo zenetik. Handik aurrera, euskal herritar guztiek ikurrina hartu zuten ikur erkidetzat. 1921eko uztailaren 9an, San Fermin jaien ospakizunarekin eta Argentinako Independentziaren Adierazpenarekin batera (1816), ikurrina paratu zen Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean.


Sasoi hartan, Laurak Bat euskal diasporako gizarte, kultura eta aisialdiko erakunderik adierazgarriena izatea erabakigarria izan zen euskaldunek ikurrina ikur bateratutzat har zezaten.


Urteurren hori ospatzeko eta euskal diasporak Argentinari eta Euskadiri historian zehar egindako ekarria aitortzeko, Sabino Arana Fundazioak eta Laurak Bat euskal etxeak baterako ekitaldia antolatu dute, aldi berean, Bilbotik eta Buenos Airesetik parte hartuta. Ekitaldian, ikurrina jasoko da bi hiriburuetan.


Ekitaldia ostiralean izango da, uztailaren 9an, 19:00etatik aurrera. Argentinatik, Jose Gabriel Anitua Laurak Bat euskal etxeko lehendakariak hartuko du hitza eta euskal etxearen sorrera eta historia azalduko ditu, bai eta euskal komunitateak Hego Amerikan izan duen garrantzia ere.


Bilbotik, Gorka Alvarez, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria, eta Oscar Alvarez Gila, EHUko Historian doktore eta Amerikaren Historiako irakaslea, arituko dira.