Prentsa oharra 2021ko urriaren 29a

Iñigo Bolinaga idazle eta historialariak bere azken lana aurkeztuko du: «Somos Comunión» liburua, azken karlistaldian girotutako abenturazko eleberri historikoa

Azaroaren 4an, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioan, 19:00etan.

Iñigo Bolinaga idazle eta historialariak bere azken lana aurkeztuko du: «Somos Comunión» liburua, azken karlistaldian girotutako abenturazko eleberri historikoa

Iñigo Bolinaga idazle eta historialariak bere azken liburua aurkeztuko du Sabino Arana Fundazioan, datorren ostegunean, azaroak 4 dituela, 19: 00etatik aurrera.


«Somos comunión» Euskal Herrian girotutako eleberri historikoa da, azken karlistaldian, hain zuzen ere, 1872 eta 1876 urteen artean. Gertakarien korapiloa liburuko protagonistek eurek garatzen dute kontakizunean: gerrak erdian harrapatutako Bizkaiko barrualdeko landa-eremuko familia bateko lau anai-arrebek. Liburuan, Martin, Adrian, Gracia eta Leonardo neba-arreben ibilerak kontatzen dira, horietako bakoitzaren nortasuna azalduta, azkenean, foruak indargabetu ziren testuinguru historiko baten bilbean.


Esparru historikoari dagokionez, obra objektiboa da, XIX. mendearen bigarren erdian euskal landa-eremuan bizi izan zirenen bizimodua eta haiei lotutako gertakarien nondik norakoak zorrotz deskribatzen baitira. Baina subjektibotasun handia ere badakarte istorioa kontatzen duten pertsonaiek, nork bere frustrazioak, beldurrak, nahiak eta doilorkeria azaleratuta; hala, irakurleak batzuekiko enpatia izango du eta beste batzuei muzin egingo die.


Idazlea: Iñigo Bolinaga


Elorrion (Bizkaia) jaio zen 1974an. Historiako lizentziaduna da, «La gran Utopía» saiakera idatzi du eta zabalkunde-lan ugari kaleratu ditu, hala nola «Breve Historia del fascismo», «Breve Historia de la Guerra Civil Española» eta «Breve Historia de la Revolución Rusa», «Breve Historia de la Revolución Francesa» eta «La China de Mao».


Era berean, 2011n, Txertoa argitaletxearen eskutik, hainbat istorio nobelatu argitaratu zituen, besteak beste: «El Testamento» eta «La alternativa Garat». Bide horri oratuta, eleberri historikotzat har dezakegun lehen lana etorri zen, «Sinfonía guerrera», eta horren ostean, orain aurkeztuko den «Somos Comunión» hau.