Prentsa oharra 2017ko apirilaren 20a

“Israel eta Palestina: beste aukera bat bakea finkatzeko?”

BASSEM EIDek, Jerusalemgo biztanle eta giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinarrak, eta YANIV SHACHAMek, ekintzaile politiko israeldar eta lurralde okupatuetan eraikitzen diren judutarren kokaguneetan adituak, gatazkari behin betiko irtenbidea emateko aukerak aztertuko dituzte Sabino Arana Fundazioan. Erakundeetako eta hezkuntza-arloko berrogeita hamar bat ordezkari, kontsul eta beste antolakunde batzuetako kide izango dira mintegian, apirilaren 27an, ostegunarekin, goizeko 9etatik 13:30era.

Palestinarren eta israeldarren arteko gatazka albo batera utzita daukate hedabideek aspaldi honetan, baina aipatutako herri bi horien arteko auzia funtsezkoa da Erdialdeko Ekialdeko puzzle konplexu eta kaotikoa osatzeko.

2017a urteurrenez beteriko urtea izango dugu; izan ere, Balfourreko adierazpenaren mendeurrena beteko da, NBEk proposatutako Palestinaren banaketaren 70. urteurrena, 50 urte beteko dira 1967ko 6 eguneko gerra gertatu zenetik eta 30 urte joan dira lehen intifada abiatu zenetik. Horiek horrela, nazioarteko analista ospetsuen eskutik, Sabino Arana Fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak (IED) israeldarren eta palestinarren arteko bizikidetza eta auzokidetasun adiskidetsua bultzatzeko aukerak aztertu nahi ditu, bilakaera historikoan oinarrituta eta egungo egoera aintzat hartuta.

Horretarako, “Israel eta Palestina: beste aukera bat bakea finkatzeko?” izenburuaren ildotik, mintegi bat antolatzen ari gara apirilaren 27an egiteko, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon (Euskadi), goizeko 9etatik 13:30era. Mintegian, ondoko hizlariek jardungo dute: Bassem Eid, giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinarra, Jerusalemgo biztanlea, analista politikoa eta arabiarren nahiz palestinarren gaien berriemailea; eta Yaniv Shacham, Peace Now erakundeko Hedabide Berrien eta Kanpainen Zuzendaria. Peace Now gobernuz kanpoko antolakunde israeldarra da eta horren helburu nagusia da barruko eta kanpoko bakea lortzea Israelentzat. Yaniv Shacham aditua da Israelgo politikan eta gizartean eta, hain zuzen ere, israeldarren kokalekuetan eta horiek Israelen nahiz Palestinan ekarritako ondorioetan. Jorge Dezcallar abokatu eta diplomazialariak moderatzaile jardungo du mintegian.

Hala, mintegi horretako parte-hartzaileak gatazka iraunkor horren inguruko erantzun orekatuak ematen ahaleginduko dira, egoera ezegonkor eta bidegabe hori bake iraunkorra lortzeko bidean, bi estatu seguru eta bideragarri eratuta. Gatazkaren konponketak, inolako zalantza barik, ekarpen izugarria ekarriko lioke bakeari Erdialdeko Ekialdean eta munduan.

Yaniv Shacham-en biografia

Peace Now erakundeko Hedabide Berrien eta Kanpainen zuzendaria da. Peace Now bakearen aldeko antolakunde zaharrena da Israelen, bai eta herrialdeko horretako GKE politiko eta aurrerakoi handienetakoa eta bakearen alde dagoen israeldar gizartearen ahots nagusia. Antolakundeak bi estatuentzako konponbidea aldarrikatzen du Israelen eta Palestinaren arteko gatazkan.

Shacham ekintzaile politiko gisa aritu da urte askotan eta gogoz parte hartu du Israelen bakearen eta gizarte-justiziaren aldeko borroka politiko ugaritan.

Hori baino lehen, zinema-zuzendaria izan zen eta  lan horretan hartutako eskarmentua baliatzen du gaur egun abian jartzen dituen kanpainetan. Israelen jaio eta hezi da; egun, Tel Aviv-en bizi da.

Bassem Eid-en biografia

Giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinarra, Jerusalemgo biztanlea. Analista politikoa da eta aditua da arabiarren eta palestinarren gaietan. Palestinako Giza Eskubideen Zaintza Taldea izeneko GKEren sortzailea da.

Bassem Eid Jordaniak okupatuta zuen Jerusalemgo hiri zaharrean jaio zen. Gaur egun, berriz, Jerikon bizi da. Palestinako Giza Eskubideen Zaintza Taldea izeneko GKEren sortzailea eta zuzendari eragilea da. Talde hori 1996an eratu zen, Osloko bake-prozesuaren barruan, Palestinako Agintaritzak bertako herritarren aurka eragindako giza eskubideen urraketak kontrolatzeko.

Bassem Palestinako Agintaritzaren jarduera gaitzesten du eta ahots esanguratsua da Israelen aurkako boikotaren eta zigorren aurrean. Israel palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren errudun bakarra dela ukatu duenez, “traidoretzat” hartu dute. Herri biak, israeldarrak eta palestinarrak, eskualdean era adiskidetsuan bizitzeko irtenbideen aldekoa da. 

Jorge Dezcallar

Abokatua eta diplomazialaria.