Prentsa oharra 2021ko irailaren 10a

“Itzalpeko emakumeak” erakusketa Laudiora iritsi da

Erakusketaren helburu nagusia Gerra Zibilean eta gerraostean abusuak eta indarkeria jasan zituzten emakumeak omentzea da. Sabino Arana Fundazioaren laguntza jaso du.

“Itzalpeko emakumeak” erakusketa Laudiora iritsi da

Laudioko Kultur Etxean eta kasinoan, “Itzalpeko emakumeak” izeneko erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 6ra arte, Gerra Zibilean eta gerraostean euskal emakumeek jasandako abusuak eta indarkeria ezagutzera emateko. Sabino Arana Fundazioak 50 irudi baino gehiagoz eta 30 objektu inguruz hornitu du erakusketa, “hainbat gizarte-arlotan, hain baldintza gogorretan aitzindari izan ziren emakumeen ekarpena” nabarmentzeko xedez.


Erakusketa Tolosan estreinatu zen otsailean eta orain Arabara heldu da aurrenekoz, Laudioko Udalaren eskutik. Aurkezpenean, gaur arratsaldean, Arabako udalerri horretako kasinoko terrazan, Ander Añibarro alkatea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua, Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidentea eta Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria izan dira.


Aparteko emakume horiek gizarteari egin zioten ekarpenaz gehiago jakin nahi dutenek Laudioko kultura-etxean izango dute horretarako aukera, astelehenetik ostiralera, 10: 00etatik 13:00etara eta 16:30etik 21: 00etara, eta 17: 00etatik 20:00etara larunbatetan. Kasinoan, berriz, ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara.