Prentsa oharra 2021ko maiatzaren 10a

Joseba Rezolak, erbestetik, totalitarismoaren aurka egindako lana aletuko du Iñaki Anasagastik

Maiatzaren 13an, ostegunarekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan, “Atzoko eta gaurko faxismoen aurka” hitzaldi-zikloaren barruan.

Joseba Rezolak, erbestetik, totalitarismoaren aurka egindako lana  aletuko du Iñaki Anasagastik

Sabino Arana Fundazioak antolatutako “Atzoko eta gaurko faxismoen aurka” deritzon hitzaldi- zikloaren baitan, maiatzaren 13an, ostegunarekin, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan, Iñaki Anasagasti senatari ohi eta EAJ-PNV alderdiaren diputatu ohiak “Joseba Rezolaren heriotzaren 50. urteurrena” izeneko hitzaldia emango du.

 

Joseba Rezola erbesteko Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen hil zen arte, 1971n, eta gure iragan hurbileko pertsona funtsezkoa da. Agirre lehendakariaren laguntzaile hertsia izan zen gerra garaian, Defentsako idazkaria zela, baina heriotza-zigorra ezarri zioten eta 1943ra arte kartzelan egon zen. Ihesaldi harrigarria izan eta gero, euskal erresistentziaren buru bilakatu zen, eta Radio Euzkadi klandestinoa jarri zuen abian erbestetik, hasiera batean Baionatik, eta geroago, Venezuelako oihanetik. Frantzisko Xabier Landaburu hil ondoren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta EAJ-PNV alderdiaren idazkari nagusia izan zen.

 

Iñaki Anasagastik Venezuelan ezagutu zuen aparteko pertsona hura eta Radio Euzkadi irratiaren ezkutuko emanaldietan lagundu zion.

 

Datorren astean, hilaren 20an, Iker Merodio kazetari, aholkulari eta lineako marketinean adituak amaiera emango dio hitzaldi-ziklo honi, “Fake-news eta politika. Ez ahaldundu edonor” izenburuko hitzaldia eskainita.

 

Joan den apirilaren 29tik, Patxi Agirre historialariak eta Aitor Esteban EAJ-PNV alderdiaren diputatuak ere parte hartu dute ziklo honetan.