Prentsa oharra 2018ko urriaren 19a

Juan José López Ortegak: “Delitua saihesteko helburuz, aurrea hartzeko esku-hartzean oinarritzen den eredu berriaren premiak Zigor Zuzenbidearen printzipioak aldatzen ari da”

Hainbat epaile, magistratu, Zigor-arloko abokatu, politikari eta irakaslek parte hartu dute gaur Sabino Arana Fundazioak antolatu eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendari Margarita Uria andreak koordinatu duen “Erantzun bidezko Zigor Zuzenbidetik aurrea hartzen duen Zigor Zuzenbidera” izeneko mintegian.

Juan José López Ortegak: “Delitua saihesteko helburuz, aurrea hartzeko esku-hartzean oinarritzen den  eredu berriaren premiak  Zigor Zuzenbidearen printzipioak aldatzen ari da”

Mintegian, Zigor Zuzenbidearen eta Zigor Prozeduraren arloetan azken urteotan gertatu diren aldaketak jorratu dira. Ildo horretan, esan beharra dago aldaketa horietako baten funtsa dela egindako delituari erantzute hutsa baino, delitua bera saihestea. Horren haritik, Madrilgo Probintzia Auzitegiko magistratu eta Karlos III.a Unibertsitateko irakasle elkartu Juan José López Ortegak adierazi duenez, “Frantzian, larrialdiko egoeran onartu zen terrorismoaren aurkako legeria aurrea hartzea xede duen zigor-arloko esku-hartze horren adibide ona dugu”.

López Ortegaren esanetan, eredu berriak “Zigor-arloko justiziaren sistemak lortu nahi dituen helburuak berriro zehaztu behar dira eta, horretarako, beste tresna batzuk eta beste ikertze-modu askoz oldarkorrago batzuk baliatu behar dira, orain arte inteligentzia-zerbitzuek bakarrik erabili dituztenak”.

Aurrea hartzeko esku-hartzearen eredu berriaren arrazoirik behinena, jakina denez, segurtasuna da. Horrela, magistratuak dioenez “ikerketaren gehiena isilpekoa duen prozedura bultzatzen du eredu horrek, hau da, salatutakoak eta defendatzaileak ez dute akusatuaren aurkako prozedura horren berririk, baina, horrela, ohiko Zigor Zuzenbidearen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, hots, bidezko prozedura izateko eskubidea, lausotu egiten da”.

Esku hartzeko eredu berriaren ezaugarri nagusia da egin nahi den delitua oinarritzat hartzea, egindako delitua baino. “Etorkizunean egingo liratekeen egintzak zehatzea helburu duen Zigor Zuzenbidea sortzen ari da, hau da, Estatuak aurrea hartu eta egintza horiek saihestu ezean, delitu izango ziren gertaerak zigortzea xede duena”, adierazi du López Ortegak.

Alabaina, ekintza arriskutsu baten bidez arriskurik agerrarazi ez duen baten arriskugarritasun-maila ezarri ahal izateko, susmagarriaren inguruko informazio izugarria eduki behar da. Ingurumari horretan, esan daiteke “inteligentziak lortutako informazioa zigor-arloko prozeduran txertatzea ezinbestekoa da”, esan du Madrilgo Probintzia Auzitegiko magistratuak.

Azken gogoeta gisa, Juan José López Ortegak esan du “inteligentzia-zerbitzuek emandako informazioa zigor-prozeduran erabiltzeko erak prozeduraren beraren oinarrizko bermeak arriskuan jartzen baditu eta, egiatan, irudikeria edo balizko arriskua izan beharrean, benetako arriskua bada, ezbaia ezin dela izan eredu berriaren arauketari ekin behar ote diogun, ezpada, ikertzeko mugak non jarri behar ditugun”.

Beste alde batetik, UPV/EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun eta Konstituzio Auzitegiko presidenteorde ohi Adela Asuak delitu egin osteko jarrera positiboen paradoxak nabarmendu ditu, besteak beste, laguntzarena, delitugileak antolakunde kriminala uzten duelako edo biktimari egindako kaltea konpontzeko asmoa agertzen duelako. Halako kasuetan, delitu-antolakunde bateko kide den ala delitu arruntak diren, tratua oso desberdina da.

Adela Asuaren esanetan, “delitu-erakundeez ari garenean, zigorra izugarri apaltzeko modua egongo litzateke, biktimari egindako kaltea konpontzeagatik baino, justiziari laguntza emateagatik. Deli-antolakundeei gagozkiela, ikerketaren ildo nagusi da; biktimari egindako kaltea konpontzeko justiziaren eremuan, berriz, aintzat hartu behar da delitugileak erantzukizuna hartzea, gaizkileak aldez edo moldez konpentsatu nahi du biktima eta egindako kaltea konpontzeko ahalegin egingo du”. Asuaren iritziz, “gizarteak filosofia hori uler dezake. Horrenbestez, bat dator delitua egiten duen pertsona baten gizarteratzea bilatzen duen Zigor Sistema batekin”.

Beste ildoa, ordea, poliziaren eremuari atxikitzen zaio, hau da, “nik justiziari lagunduko diot eta zigorra aplatzea adostuko dut poliziarekin. Hala, ildoetako bat hitzarmenaren esparrukoa da eta bestea biktimari laguntzeko esparrukoa; ildo desberdinak dira”, adierazi du.

Azaldutako gaiak jorratzeko, Juan José López Ortega eta Adela Asuaz gain, berrogeita hamar bat epaile, magistratu, Zigor-arloko abokatu, irakasle eta beste parte hartuko dute mintegian, besteak beste, Pedro Crespo, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Fiskaltzako burua; Esther Erice, Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua; Manu Lezertua, arartekoa; Nekane San Miguel, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratua; Angels Vivas, Bartzelonako Probintzia Auzitegiko magistratua; Almudena Lastra, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko fiskala; Joxe Ramón Bengoetxea, Eurobask erakundeko idazkari nagusia eta UPV/EHUko Europako Zuzenbide, Teoria Juridiko, Soziologia eta Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea; Eamon Butterfields, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea; Jorge Correcher, Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakaslea; eta Txema Montero, José Ricardo Palacio, Miren Itziar Txarterina, Miguel Castells eta Juana Balmaseda abokatuak.