Prentsa oharra 2023ko ekainaren 7a

«Genero-justizia eta klima-justizia eskutik helduta joan beharko lirateke»

Klima-aldaketaren arloko eta garapenerako lankidetzaren arloko adituek aztertu dute Sabino Arana Fundazioan klima-aldaketak planetako eremu pobreenetan daukan eragina, bereziki, Afrikan, bai eta klima-aldaketak generoaren aldagaiarekin daukan erlazioa ere.

\ "Klimaren larrialdia: lankidetza deszentralizaturako erronkak" mintegia.

Klima-aldaketak planeta osoari eragiten dio, baina haren ondorioak ez dira berdinak munduko bazter guztietan. Hala, zuzeneko lotura dago berotze globala gehien pairatzen ari diren eremuen eta pobrezia handieneko lekuen artean. Eta egoera ahulenean dauden pertsonak zein herrialdeak ditugu eragin hori zuzenean pairatzen dutenak. «Generoaren aldagaiak ere badu eragin nabarmena klima-aldaketaren ondorioetan, pobrezia mundu osoan feminizatu delako», adierazi du Mª Mar Alonsok, IHOBEren −Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren− Klima Ekintzaren arloko zuzendariak, Sabino Arana Fundazioak antolatu duen «Larrialdi klimatikoa: lankidetza deszentralizaturako erronkak» jardunaldian.

Klima-aldaketaren inguruan eta garapenerako lankidetzan adituak diren hogeita hamar bat profesionalek parte hartu dute topaldian. Jardunaldiaren helburua larrialdi klimatikoari buruzko eztabaida areagotzen laguntzea izan da, batez ere, Hegoaldeko herrialdeetan, bereziki, Afrikan, bai eta lankidetza-politikek jorratu behar dituzten eginkizunak aztertzea ere. Era berean, genero-desberdintasunaren eta klima-aldaketaren arteko lotura aztertu da mintegian.

Afrikarekiko justizia klimatikoa

Jaime Mira Salamak, Etiopian jarduten duen Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziakoak (AECID), agentzian bertan tokiko bazkideekin egiten duten lankidetza-lana azaldu du, komunitate ahulenen mesederako irtenbide berritzaile eta iraunkorrak bultzatzeko xedez.

«Afrikako kontinentea neurriz gaindi ari da sufritzen berotze globalaren ondorioak, berotze hori sorrarazteko ezer gutxi egin duen arren. Desberdintasun handia dago herrialde eragileen eta gertakari global horren aurrean ahulenak direnen artean. Horregatik, Afrikarekiko justizia klimatikoa funtsezkoa da erronka global horri ekitatez heltzeko», azpimarratu du.

Aurkezpenean, Mira Salamak laburrean azaldu ditu legeriaren egungo egoera eta nazioarteko klima-akordio nagusiak. Halaber, hausnarketarako deia egin du, «gure erabakiek klima-aldaketaren aurrean etorkizun iraunkorragoa eta erresilienteagoa lortzen lagun dezaketela» ulertzeko.

Klima-aldaketa eta genero-berdintasuna           

IHOBE erakundean, ingurumen-arloan 30 urtetik gorako eskarmentua daukan Mª Mar Alonsok klima-aldaketak generoaren ikuspegiari zelan eragiten dion jorratu du bere hitzaldian.

Alonsok nabarmendu duenez, «genero-desberdintasunak eragin handiagoa du emakumeengan, eta klima-aldaketari aurre egiteko aukera desberdinak sortzen ditu».

IHOBEren Klima Ekintzaren arloko zuzendariaren esanetan, «generoaren zeharkakotasuna politika publiko guztietara hedatu behar da. Ingurumen-politikak, gainerako politikak bezala, ez dira neutroak generoari dagokionez, eta, hortaz, desberdintasunak betikotu ditzakete, berdintasun-politikekin lerrotzen ez badira. Horregatik, genero-justizia eta klima-justizia eskutik helduta joan behar dira. Horrela, klima-ekintzari buruzko politikek lagundu ahalko dute desberdintasunak desagerrarazten».

Azkenik, Euskadin egindako azterlan bati buruz hitz egin du. Bertan, berdintasunaren eta klima-aldaketaren zeharkako politikak bateratzea ahalbidetuko duten lau erronka eta hogei ekintza finkatu dira.

Ondorioak: pobrezia,  elikagaien segurtasun eza eta migrazioak

Amaitzeko, Macarena Larreak, Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko Energia eta Ingurumen Laborategiko ikertzaileak, biztanle ahulenei bereziki eragiten dioten ondorio jakin batzuk doi-doi aletu ditu: pobrezia, elikagaien segurtasun eza eta migrazio-mugimenduak.

Larreak ohartarazi duenez, «esate baterako, baliabide natural berriztagarrien eta ez berriztagarrien ustiapenaren eraginez; espazioaren okupazioaren eraginez (nekazaritza-, abeltzaintza-, ostatu-, garraio-, industria- jardueretarako eta abarretarako) eta horiek dakarten biodibertsitatearen galeraren ondorioz; bizi-kalitateari (ez soilik gizabanakoen bizi-kalitateari) kalte egiten dioten kutsatzaileen isurien (solidoak, gaseosoak, likidoak) eraginez, gero eta berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen da eta horren ondorioak oso nabarmenak dira gaur egun… Adituak aspalditik kezkaturik daude eta ondorio horiez ohartarazten digute».

«Helburuetako bat da ekintzak garatzea larrialdi klimatikoaren ondorio txarrenek munduko gizatalde pobreenei zuzen-zuzenean eragin diezaieten saihestea, Europako Itun Berdearen ‘ez duzu kalterik eragingo’ oinarria, trantsizio-prozesuak irauten duen bitartean, Erkidegoko mugetatik harago betez», azaldu du ikertzaileak.