Prentsa oharra 2017ko abenduaren 23a

Koopera, Ramón Barea, Gerediaga Elkartea, Abel Barriola eta EZ beti da EZ, 2017ko Sabino Arana Sariak

Datorren urtarrilaren 28an egingo du Sabino Arana Fundazioak kultura-ekitaldi hau, eguerdiko 12etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian.

Koopera, Ramón Barea, Gerediaga Elkartea, Abel Barriola eta EZ beti da EZ, 2017ko Sabino Arana Sariak

Gerediaga Elkartea; Ramón Barea aktorea, zuzendaria, dramagilea eta ekoizlea, azken lau hamarkadetako euskal zinema eta antzerkiaren erakuslerik behinenetakoa; Koopera kooperatiba Gizarte eta Ingurumen Berrikuntza, gizarte- eta ingurumen-aldaketaren eragile esanguratsua; Abel Barriola pilotaria, hiruko koroaren irabazlea eta hasten diren neska-mutilentzako kirolari eredugarria, jende orok maite eta errespetatzen duena; eta EZ beti da EZ!, garrasi kolektiboa ditugu Sabino Arana Sarien 2017ko jasotzaileak. Sariak banatzeko ekitaldia datorren urtarrilaren 28an egingo da, goizeko 12etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian.

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen Sabino Arana sarien XIX. edizioa izango da aurtengoa. Sariok urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

Juan Mª Atutxak, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, eta Irune Zuluagak, erakundeko zuzendariak, aurkeztu dituzte 2017ko saridunak.

Atutxak adierazi duenez, Sabino Arana Fundazioak Koopera Gizarte eta Ingurumen Berrikuntza aintzatetsi eta saritu nahi du “apustu garbia egin duelako, 25 urte baino gehiagotan egin ere, gizarte-bazterkeriako egoeran edo horren arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazten eta ingurumena sustatzen eta zaintzen”. 

“Kooperatiba-izaera daukanez gero, Cáritas erakundeak bultzatutako gizarte-ekimeneko kooperatibak eta laneratze-enpresak batzen dira Kooperan, enplegu inklusiboa sortzeko konpromisoa batik bat, pertsona kalteberenen aldeko enplegua sortzeko konpromisoa eta gizarte-konpromisoaren nahiz herritarren aldeko apustua, herritarrak gizarte- eta ingurumen-aldaketaren eragile nagusiak direlakoan berrerabiltzea, birziklatzea, kontsumo jasangarria, ekonomia zirkularra… ekarpen esanguratsuak dira gizarte-kohesioa lantzeko, ekonomia zuzen eta solidarioagoa bideratzeko eta, ingurumenaren ikuspegitik, ingurune jasangarriagoa izateko”, adierazi dute Sabino Arana Fundazioko kideek.

Beste sarituetako bat Ramón Barea zuzendaria, dramagilea eta ekoizlea da, “azken lau hamarkadetako euskal zinema eta antzerkiaren erakuslerik behinenetakoa”. Honako sari honek “Barearen lan eta bizimolde oparoa eta arte eszenikoei eskainitako konpromisoa aitortu nahi du, adierazpide ugaritan islatu denez: Cómicos de la Legua, Karraka, antzerki-lan eta antzerkigile handien moldaketak eta interpretazioak, ehun film baino gehiago, film laburrak, telesailak, dokumentalak, Ur antzerki-konpainia, Pabellón 6... Era berean, Ramón Barea ezaguna dugu antzez-proiektu arriskutsu, berritzaile eta sortzaileak bultzatzen, bai eta balio berriak sustatzen ere. Azken batean, antzeztokien gaineko eta kameren ondoko bizimolde ekina eta arrakastaz beterikoa dugu Ramón Barearena”, adierazi dute Fundazioko arduradunek. 

Sarien XXIX. edizio honetan, Sabino Arana Fundazioak Gerediaga Elkartea ere aintzatetsi eta saritu nahi du, erakundeak Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handiagatik. Fundazioko lehendakariaren esanetan, diktaduraren urte beltzetan ereindako haziak Durangoko Azoka bilakatu du euskal kulturgintzaren eta sorkuntzaren erdigune, elkargune eta nahitaezko hitzordu, bai eta euskal kultura mundura zabaltzeko erakusleku ere. 

Bost hamarkadatan, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta tradizionala zaintzen eta zabaltzen jardun du eta aurrendaria izan da Memoria Historikoa lantzen eta aldarrikatzen”, azpimarratu du.

Era berean, Sabino Arana Fundazioak Abel Barriola pilotaria aintzatetsi eta saritu nahi du “erakutsi dizkigun giza eta kirol balioengatik”. 19 urtetan jardun du profesional gisa Abelek, ia 700 partida jokatu ditu, txapelak jantzi eta txapelketak irabazi ditu besteak beste, hiruko koroa: esku-pilotakoa, lau t’erdikoa eta binakakoa. Hala, Leitzako atzelariak pilotako historiaren une gogoangarrienetakoak eskaini dizkigu. 

“Ibilbide profesional aparta izateaz gain, Abel Barriolak adierazitako balioak direla eta –profesionaltasuna, lana, apaltasuna, gizalegea, zoritxarraren aurkako kemena eta herri, kultura eta hizkuntzarekiko konpromisoa pilotaren mundutik askozaz haratago nabarmendu da. Hasten diren neska-mutilentzako kirolari eredugarri eta jende orok maite eta errespetatzen duen Abel Barriola joan den maiatzaren 7an agur esan zion pilota profesionalari eta ezabatzen gaitza den aztarna utzi digu pilotalekuaren barruan zein kanpoan”, nabarmendu dute  Juan Mª Atutxak eta Irune Zuluagak.

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak gure bazter guztietan entzuten den EZ beti da EZ! garrasi kolektiboaren esangura aintzatetsi eta saritu nahi du. “Garrasi horrek, alde batetik, indarkeria sexista edo genero-indarkeria pairatu duten emakumeen ahots izutu eta ia beti isildua daroa; bestetik, gizartearen gaitz larri horren aurkako borroka sutsuan ibili diren eta egun badabiltzan elkarte, antolakunde, herri-ekimen eta erakundeen ahots arduratsu eta ekintzailea; eta azkenik, euskal gizarte osoaren ahots tinko eta kementsua, indarkeria-mota guztiak errotik desagerrarazteko kontzientziatze irmo eta gero eta konpromiso sendoagoa daukan ahotsa. EZ beti da EZ! adierazpenak BAIEZKO ozena eman nahi dio bazterkeria ezari, ekintza positiboari eta gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunari, mundu osoan zein berton, Euskal Herrian”, azaldu dute.

Beste alde batetik, Sabino Arana Fundazioak gure arte-adierazpideetako talentu berriei lagundu eta haiek bultzatu nahi dituenez, Ane Ibarra (biolina) eta Nora López (txeloa) musikari gazteek osatutako KRESALA sokazko bikoteak girotuko du urtarrilaren 28ko ekitaldia.