Prentsa oharra • 2024ko urriaren 11a
Begoñako Amatxu, Euskal Abertzaletasunaren Museoaren Nor gara gu? erakusketan ikusgai
Irudia, Matai Maidagan gudariari 1962an Euskal Erresistentziako kideek oparitutako zilarrezko pieza, Sabin Etxean jarritako erakusketako Bitxiak gunean ikus daiteke.
Begoñako Amaren eguna dela eta (urriak 11), Sabin Etxean paratu den Euskal Abertzaletasunaren Museoaren Nor Gara gu? erakusketa iraunkorrak pieza bakarra, historikoa eta balio sentimental handikoa jarriko du ikusgai datozen asteotan.
Bizkaiko zaindaria den Begoñako Andre Mariaren zilarrezko irudia da, frankismoaren aurkako euskal erresistenteen talde batek Matai Maidagan gudariari 1962an oparitutakoa. Tailuak plaka bat dauka itsatsita, idazkun honekin: «Ama Begoñakua gurekin ta gu adiskideok irekin Matai’ri. 1962-XI-10».
Begoña Aranak Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoari eman zion eskultura 2002an.
Matai Maidagan Oldargi konpainiako tenientea izan zen, Gerra Zibilaren hasieran, Otxandiano batailoia eratu zenean. Gerogo, Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzako ibilgailu guztien arduradun nagusia izan zen. Ibilgailuak Fiat etxeko garajeetan gordetzen ziren (Urkixo kalean), eta Juan Larrazabal zen Bilboko ordezkaria, Kubako eta Mexikoko mediku odontologo eta kontsula.
Era berean, gogoratu behar da Matai eta haren anaia Frantzisko izan zirela Bilbo suntsitzeko mehatxua egin zuten matxinoekiko harremanak hasi zituztenak, ondotik, orain dela 87 urte, hiriaren kapitulazioa ekarri zutenak. Errendizioaren helburua herritarren eta hirian egon ziren ehunka gudarien bizitza salbatzea izan zen, gehiegikeriak ekidin eta azken unera arteko ebakuazioan ordena zaindu eta eta kontrolatzeko.