Prentsa oharra • 2023ko abenduaren 29a
Euskararen biziberritzea bidegurutzean
- Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren azken zenbakia (76. zenbakia) euskara berreskuratzeko ekinbideari bultzada berria emateko hainbat eremutatik egiten ari diren gogoeta eta estrategiei buruzkoa da.
- Elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen erronkak eta etorkizuna aztertu ditu, eta «babes juridiko handiagoa» eskatu du, «euskararen normalizazioari lotutako erabakiek bermerik handiena izan dezaten».
Euskara berreskuratzeko prozesua biziberritzeko eta birbideratzeko balioko duten estrategiak eguneratu eta/edo birpentsatu beharra dago hainbat eragileren jomugan, gizarte-eragileen nahiz herri erakundeen iritzira, bai eta hizkuntzaz arduratzen diren beste aditu batzuen ikuspegian ere.
Euskaltzaindiarekin lankidetzan, Sabino Arana Fundazioak auzi hori aztertzeko eta eztabaidatzeko gonbita egin die adituei Hermes aldizkariaren azken alean. Erramun Osa Akademiaren idazkariorde eta euskaltzain urgazleak koordinatu du argitalpena.
Monografikoak honako hauen ekarpenak bildu: Miren Josune Ariztondo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia; Gotzon Egia, Euskararen Aholku Batzordeko kidea; Garikoitz Goikoetxea, euskara teknikaria; Gotzon Lobera, abokatua eta euskaltzain urgazlea; Irati Iciar Madinabeitia, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; eta Gonzalo Larruzea, Didaktikan eta Eskola Antolakuntzan doktorea eta Hezkuntzako ikuskari ohia.
Elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Enrique Santarén kazetariaren galderei erantzun die eta euskararen etorkizuna eta erronkak aztertu ditu; ildo horretan, ziurtatu du azkena eta premiazkoena dela «digitalizaziorako eta adimen artifizialerako sarbidea».
Era berean, sailburuak «babes juridiko handiagoa» eskatu du, «euskararen normalizazioari buruz hartzen diren erabakiek berme handiena izan dezaten», eta azpimarratu du ez lituzkeela «euskarari buruzko epai judizial guztiak zaku berean sartuko. Kezkatzen nauena bada Alderdi Popularrak eta VOXek bultzatu duten hizkuntzaren erabilera politikoa eta judizializazioa».
76. zenbaki honetako ekarpen artistikoa Peru Ajuria argazkilariak egin du: 1983ko abuztuko argazki-bilduma da, eta erretratu haietan, egileak Bilboko hiriaren nahiz Euskadiren etorkizuna aldatu zuten uholdeen irudiak jaso zituen.