Prentsa oharra 2018ko apirilaren 25a

Luis Álava Sautu omentzeko ekitaldia, Frankoren kontrako erresistentziako Alava Sarearen ordezkaria, haren fusilamenduaren 75. urteurrenean

2018ko maiatzaren 6an beteko dira 75 urte fusilatu zutela Luis Álava Sautu Madrilen, alemaniarrek Frantzia okupatzearen ondorioz sarea erori zenean. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi bat izango da Gasteizen, maiatzaren 5ean, eta oroitzapenezko plaka bat ezarriko da. Omenaldia osatzeko, erakusketa bat eta dokumental bat izango dira, euskal presoekiko elkartasunezko eta bigarren mundu gerrako aliatuen aldeko espioitzazko sare hori artikulatu zuten emakumeei buruzkoa.

Luis Álava Sautu omentzeko ekitaldia, Frankoren kontrako erresistentziako Alava Sarearen ordezkaria, haren fusilamenduaren 75. urteurrenean

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek, datorren maiatzaren 5ean, Luis Álava Sauturen omenezko eta oroitzapenezko ekitaldi batean parte hartuko dute; Luis Álava Sautu Frankoren kontrako erresistentziako Alava Sarearen arduradun-ordezkaria izan zen, eta duela 75 urte fusilatu zuten Madrilen, alemaniarrek Frantzia okupatzearen ondorioz erakundea erori zelarik.

Gerra Zibilean zehar eta diktadura frankistaren hasieran, 1936tik eta 1940ra bitartean, Luis Álavaren deitura izentzat eman zitzaion sareak presoen, iheslarien eta haien familien aldeko ezin konta ahala elkartasun eta laguntza ekintza gauzatu zituen. Sare horretako kideek mandatari lanak ere egin zituzten burukide preso eta iheslarien artean, eta espioitza lanak ere bai Bigarren Mundu Gerrako Aliatuentzat.

Beren ekintzak gauzatzeko, Alava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen. Sare horretan parte hartu zuten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako klase sozial guztietako gizon eta emakumeek, 40 bat urte ingurukoak batez beste, eta Luis Álava bera zen, 49 urterekin, zaharrena. 

Luis Álava Sautu Gasteizen jaio zen, 1890eko azaroaren 18an. Ingeniari agronomoa eta kimikaria zen prestakuntzaz, eta gaztetatik izan zuen harremana mundu abertzalearekin: Espainiako Gorteetarako diputatugai izan zen, eta 1936ko uztailean matxinada militarra piztu zelarik, Gasteizko EAJren Udal Batzarreko burua zen.

Frantzia okupatu zutelarik, 1940eko ekainean, espainiar eta alemaniar poliziek informazioa bildu zuten Eusko Jaurlaritzaren Parisko ordezkaritzan, Jose Antonio Agirre lehendakaria zelarik ordezkaritzaren buru, eta horrek eragin zuen sarea erortzea. Sareko kideak 1940-1941eko neguan atxilotu zituzten, eta epaiketa guztiz sumarioan epaitu zituzten. Horren ondorioz, Luis Álava 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten, Madrilgo Ekialdeko hilerrian, eta beste 19 kideri espetxe zigor luzeak ezarri zitzaizkien.

Erakunde ekitaldia, erakusketa eta dokumentala

Oroitzapen eta omenaldi ekitaldi instituzioanala maiatzaren 5ean izango da, 10:00etan, Senda ibilbidean, Zulueta Jauregiaren parean, Manuel Iradier kaletik oso gertu, kale horrexetan bizi izan baitzen Luis Álava. Omenaldian Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru, eta Ramiro González diputatu nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izango dira bertan, eta, haiekin batera, beste agintari, erakunde ordezkari eta politikari batzuk, bai eta frankismoaren biktimen elkarteak eta senideak ere.

Omenaldia osatzeko, erakusketa bat inauguratuko da, eta dokumental bat aurkeztuko 11:00etatik aurrera Dendarabako Araba aretoan, Gasteizen hori ere. Ekitaldi horietan, emakumeak izango dira protagonista, eurek antolatu eta osatu baitzuten, nagusiki, Alava Sarea.

Eurak izan ziren, lehenik, Eusko Gudarostea garaiturik eta Frankismoa jazarpen betean ari zela haren kideen kontra, espetxeetara joan zirenak, eta, presoei elkartasuna eramateaz landara, mezulari lanak egin zituzten burukide abertzale espetxeratu eta erbesteratuen artean. Alava Sareak lortutako informazioei esker iraun zuten bizirik eta libratu ziren fusilamenduetatik hainbat pertsona.

Baina Araba Alava Sareak ez zituen eginkizun horiek bakarrik bete. Bigarren Mundu Gerraren bezperan eta lehenbiziko hilabeteetan, aliatuei informazioa eman zien espainiar baliabide militarrei buruz, Pirinioetako defentsa lanei buruz, armei buruz edo alemaniarrek eta italiarrek Espainian gauzatzen zituzten jarduerei buruz, eta, hala, munduko gatazka hartan potentzia demokratikoentzat euskal laguntza bideratzen.

Emakumeek Frankismoaren kontrako erresistentzian anonimotasunetik bete zuten zeregina.

Eta, horrela, “Alava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa, Josu Chueca EHUko historialari eta irakaslea duela komisario; erakusketak argitara ekartzen ditu gizon eta emakume haiek gauzatu zituzten ekintzak, sarea sortzea eragin zuten arrazoi humanitario eta politikoak, eta, batez ere, emakumeen zeregina nabarmendu nahi du, anonimotasunetik frankismoaren kontrako erresistentzian eta faxismoaren kontrako borrokan jardun ziren subjektu aktibo gisa. Sabino Arana Fundazioak sustatu du erakusketa, eta Eusko Jaurlaritza, memoriaren, elkarbizitzaren eta giza eskubideen Gogora Institutua eta Vital Fundazioa, besteak beste, izan ditu laguntzaile, eta, momentuz, Arabako hiriburuan egongo da, eta gero Euskal Herriko beste herri eta hiriburu batzuetan zehar ibiliko da.  

Ibilbidean zehar, Sabino Arana Fundazioaren Artxiboan gordetako jatorrizko lekukotzak entzun ahal izango ditu bisitariak, Alava Sarea antolatu zuten lau protagonistetako hirurenak: Bittori Etxeberria, Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Tere Verdes.

Erakusketan, pasarte batzuk irakurriko dituzte Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak, Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Elkarbizitza eta Dibertsitate arloko zinegotzi eskuordeak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

Ekitaldiotan “Alava Sarea, emakume ikusezinen sarea” izeneko dokumentala aurkeztuko da, Baleukok produzitua; dokumentalak erakunde horretan parte hartu zuten emakumeen jatorrizko ahotsak jasotzen ditu, Iñaki Madariagak marrazturik haien irudiak, eta hainbat senide, kazetari eta ikerlarik ere parte hartzen dute.

Erakusketaren kariaz, Gogora Institutuak antolaturik, jardunaldi batzuk izango dira maiatzean, Dendarabako Araba Aretoan, “Emakumea eta Gerra Zibila" izenekoak. Hala, maiatzaren 15ean, lehenbiziko mahai-ingurua Araba Sareko emakumeen ingurukoa izango da, eta, maiatzaren 30ean, Gerra Zibilean emakumeek zer-nolako jarduera politikoa izan zuten eta zer jazarpen bizi izan zuten aztertuko da. Bi ekitaldi horiek 19:00etan izango dira.