Prentsa oharra • 2015ko apirilaren 24a
Marc Guerrero i Tarragó: “Europak erantzun egokia eman behar dio nazioen itzarkundeari”
Kataluniar europarlamentariak uste du beharrezkoa dela “geure burua berrasma dezagun” eta “benetako iraultza egin dezagun, egokiro aurrera egitea eragozten diguten joera negatiboak alderantzikatzeko”
Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED) “Nazioak, erregioak eta kultur gutxiengoak itzartzen ari direla Europa pluralagoan, Europar Batasuna irtenbide” izenburupean antolatutako mintegian gaur goizean parte hartu duten berrogei bat pertsonek (Europar Zuzenbideko katedradun nahiz letratu, magistratu, analista politiko zein europarlamentari eta beste) Europako integrazio-prozesuan beraren barruan dauden errealitate nazionalek bizi duten egoera aztertzea izan dute helburu.
“Europa bere historiako funtsezko une bat bizitzen ari da. Bizi gaituzten garai global hauek dakarzkiguten aldaketak ez zitzaizkigun burutik ere pasatzen orain dela egun gutxi” esan du, jardunaldiaren inaugurazio-hitzaldian, Marc Guerrero i Tarragó kataluniar europarlamentariak, zein aldi berean Europaren aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantza alderdiko (ALDE party) presidenteordea ere bai baita.
“Ingurune horrexetan dugu jokoan gure etorkizuna” adierazi ostean, Marc Guerrerok azpimarratu du ezen guztion artean lagundu dugula gaur egun Europak esan nahi duena sortzen eta “denok batuta bakarrik gainditu ahalko dugula globalizazioak dakarren erronka gaitza”. Horretarako, adierazi du ALDEko presidenteordeak, “beharrezkoa da geure burua berrasma dezagun”.
Ildo horretan, europarlamentari konbergentziakideak (CDC) erantsi du ere “bizi garela iraganeko balioek eta instituzioek eta abiadura bizian datorren etorkizun bateko ziurgabetasunek urratutako gizarte batean”. Behar da benetako iraultza bat, oraingo joera negatiboak alderantzikatzeko. Halako agertoki batean, bada, europar nazioen itzartze bat gertatzen ari da. Europak erantzun egokia eman behar dio une berri honi. Jarrera ausarta eta mentalitate irekia beharko ditugu”.
Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, bere aldetik nabarmendu du, Europarena “eraikitzen ari den proiektu bat dela”, proiektu bat gaur egun aurrean desafio ugari dituena. “Bizi gara krisian dagoen, bere kohesio- eta ongizate-eredua
zalantzan ipini duen, Europa batean, halako Europa batean non, sustraitzen ari baitira diskurtso xenofoboak eta Europarekiko sinesgogorrak, halako Europa batean non, jadanik ez den agindutako lurraldea, amets-hilerri bat baino”, adierazi du
Juan Mª Atutxaren iritziz, Europak erakusten duen estatu-elkarte gisako eredu hori ez da izan daitekeen eredu bakarra, gaur egun eredu sendoa iruditzen bazaigu ere. “Kukua oker jotzen ari da Estatu nazio klasikoentzat eta aldeko haizeak dabiltza subiranotasun partekatuentzat eta eraentza mailanitzentzat, biodibertsitate politiko eta kulturalarentzat eta nazio- eta erregio-errealitateentzat, europar herritar asko eta askorentzat horiexek baitira erreferente lehena eta nagusia. Europa da, eta badirudi hala izaten segituko duela, Estatuen Europa, baina baita, gero eta gehiago, aukera-gune bat; aukera-gune bat sormen eta berrikuntza politikorako; aukera-gune bat, antolaera- eta artikulazio-era berriak arakatzeko, saiatzeko eta errealitate bilakarazteko, hango herritarren eta nazioen eta erregioen interesei hobeto erantzutea helburu, betiere”,
Elkarraldira ia berrogei aditu bildu dira, Europar Zuzenbide katedradun, abokatu, magistratu, politikari eta beste; besteak beste, Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren EBBko lehendakaria eta Europar Demokraten Alderdiko (EDA-EDP) presidenteordea; Flaminia Baffigo, IEDeko koordinatzailea; Izaskun Bilbao Barandica, europarlamentaria; Jaume Renyer, Zuzenbidean doktorea eta Universitat Rovira i Virgiliko irakaslea; Xabier Ezeizabarrena Zuzenbidean doktorea eta UPV/EHUko Ingurumen eta Administrazio Zuzenbideko irakaslea eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Publikokoa; Johan Häggman, zeinek 14 urtetik gorako esperientzia baitu metatua gutxiengoen hizkuntzak sustatzen eta hizkuntza-politikako kontuetan Europar Batasuna aholkatzen; Vicent Climent-Ferrando, Hizkuntza Politiken Europar Sarearen aholkulari politikoa eta Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea; eta Mikel Antón, IEDren Zuzendaritza Kontseiluko kidea.