Prentsa oharra • 2024ko azaroaren 19a
Euskal literaturaren memoria, genero-ikuspegiz
- Literaturako eta euskal hizkuntzako adituek gure idazleen jarauntsia eta egungo euskal idazleekiko lotura aztertu dute
Gaurkoan, euskal emakume idazleen oroimena aldarrikatzea izan da euskal literaturako adituak bildu dituen jardunaldiaren helburua, Sabino Arana Fundazioak, Labayru Fundazioak eta Bilboko Udalak antolatu duten topaldiaren barruan.
Euskal kulturaren memoria. Euskal literatura eta emakumeak izenburuaren ildoan, Xabier Altzibar idazle eta euskal literaturaren ikertzaileak; Larraitz Ariznabarreta euskal ikasketetan aditu eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak; eta Jasone Osoro kazetari eta idazleak, euskal emakume idazleek zer idatzi eta zergatik idatzi duten jorratu dute, klasikoetatik hasita eta gaurdainokoak hizpide hartuta; beste alde batetik, aurrekoen eta egungo egileen artean loturarik ba ote dagoen eztabaidatu dute.
Koro Garmendia Sabino Arana Fundazioaren Patronatuko kidea eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia mintzatu dira jardunaldiaren hasiera-ekitaldian.
Urtasunek adierazi duenez, «gizonezkoen diskurtsoa nagusi izan da kulturan eta, zehazki, literaturan; eta nagusitasun hori haustea guztiok aberasteko modu bat da, begirada berrietara eta idazteko modu berrietara zabaltzeko modua baita. Gainera, joera hori hausteak, gai berriei buruzko eztabaida berrietara ere gonbidatzen gaitu. ‘Emakumezkoen’ etiketaren pean, askotan, ikusezin bihurtu diren gaiez ari naiz, gizarte gisa aurrera egiten jarraitzeko guztiz beharrezkoak diren gai berak».
Xabier Altzibar euskal literatura eta euskal hizkuntzaren inguruko ikertzaile eta idazleak, idazle klasikoak aztertu ditu «Emakume-luma hautsiak» deritzon hitzaldian. Bizenta Mogel idazletik abiaturik, 1926tik 1936ra doan aldian jardun zuten Euskal Pizkundeko idazleen sasoirainokoak aletu ditu: nortzuk izan ziren, zer idatzi zuten, norentzat eta zein inguruabarretan, baita euskal abertzaletasunak emakumeen eta emakume idazleen antolaketan eta eskukotasunean izan zuen eragina ere.
Bestalde, Larraitz Ariznabarreta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta euskal ikasketetan adituak «Amak, feministak, sorginak, munstroak» deritzon hitzaldian, diktaduraren osteko emakumezko idazleak aipatu ditu, tradiziozko aman arreta jarrita (sarritan, aberriari lotutakoa). Euskal ikasketetan aditua den ikerlariaren arabera, «azken urteotako euskal fikzioan, emakume ‘arau-hausle’ eta ahaltsuen irudiak nabarmendu dira, euskal nortasuna eta abertzaletasunaren diskurtsoak (berr)interpretatzeko eta eraldatzeko literatur tresnatzat erabili direlarik». Aurkezpenaren helburu nagusia izan da ikuspegi kritiko eta berritzaile horiek euskal identitate garaikidean duten eragina azpimarratzea eta ikusaraztea.
Jasone Osoro kazetari eta idazleak bere literatur ibilbidearen berri eman du, elgoibartarrak idatzi dituen liburuen azalak erabiliz.
Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendari eta herri-literaturari buruzko hainbat lanen egileak koordinatu eta moderatu ditu aurkezpenen ostean sortu diren eztabaidak.