Prentsa oharra 2017ko abenduaren 13a

Migrazio- eta asilo-politiketan, lankidetza aldeaniztun aktiboa ezinbestekoa da

“Euskadi Europako migrazio-agenda berriaren aurrean: eskualdeen zeregina Europako asilo- eta migrazio-politikak direla eta” deritzon gaiaren ildotik, lankidetzaren eta migrazioen inguruko berrogeita hamar bat adituk iheslarien giza krisia eta, asilo-eskaera ugarietan aplikatzeko helburuz, Europan nahiz Euskadin lantzen ari diren politikak aztertu dituzte Sabino Arana Fundazioan.

Migrazio- eta asilo-politiketan, lankidetza aldeaniztun aktiboa ezinbestekoa da

Jonan Fernándezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiak; Joana Abrisketak, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Nazioarteko Harremanetako irakasleak; eta Gemma Pinyol-Jiménezek, Instrategies erakundeko migrazio-politika eta aniztasuneko zuzendari eta GRITIM-UPFko  (Pompeu Fabra Unibertsitatea) ikertzaile laguntzaileak, jardun dute hizlari.

Jonan Fernándezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiak, adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak gai honetan jorratzen eta bultzatzen dituen lan ildoen ardatza hauxe da: elkarlaneko gune eraikitzaileak sortzea maila guztietan”. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiaren iritziz “erronka estrategiko horren oinarriak bi ditugu: pragmatismoa eta on gorenaren bilaketa”.

Jonan Fernándezen aburuz, lehenengoz eta bat, prozesu horretan parte hartu behar duten ahotsen eta botereen kopurua aintzat hartuta, “lankidetza aldeaniztun aktiboa ezinbestekoa da”; bestela “irtenbideek ez dute aurrera egingo”.

Bigarrenez, Fernándezen aburuz, “guztiz lehentasunezkoa da lankidetza-giroan aritzea, iheslarien egoerari irtenbidea bilatzeko ekintza erdigunean jartzen baldin bada, behintzat”.

Jonan Fernándezen ustez, ekinbide horri heltzeko “oztopo, errezelo eta arazoen gainetik, ekarpenak, aukerak eta irtenbideak bilatzea eta proposatzea lehenesten duen jarrera baliatu behar da”. 

“Erronka horrek ez du baztertzen salaketak edo interpelazioak egitea, halakoak egin behar direnean. Aitzitik, aipatutakoekin bateragarria da, baina lankidetza eraikitzaileari lehentasunezko balioa emanda”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiak.

Beste alde batetik, Joana Abrisketak Europako Asilo Sistema Erkidea azaldu du, bai eta migrazioen kontrola kanpora ateratzeak dakartzan ondorioak ere, hau da, gure ordez, mugak beste batek kontrolatzeak dituen ondorioak.

Abrisketak adierazi du Europar Batasuneko asilo-politikak bi esparrutan garatzen ari direla: bata, barrukoa estatu kideen lurraldearen barruan aplikatzekoa, eta bestea, kanpokoa beste estatu batzuetan aplikatzekoa.

Barruko esparruaren ardatza Europako Asilo Sistema Erkidea da eta, Joana Abrisketaren iritziz, sistema horren arauak “ez dira eraginkorrak izan iheslarien etorrerari erantzuteko, batik bat, 2015etik aurrera”.

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Nazioarteko Harremanetako irakaslearen aburuz, “oraintsu hartutako behin-behineko neurriak ere ez dira gauza izan, hala nola nazioarteko babesaren eskatzaileak estatu kideen artean birkokatzea, Italiara eta Greziara erruz eta andanaka heldu ostean”.

Era berean, kanpoko esparrua aipatu du eta ondoko helburua egotzi dio: “zaintza hirugarren estatuen esku uztea eta migrazioen kudeaketa haietatik bideratzea”. Ildo horretan, gogorarazi digu oraintsuko aplikazioetako bi ditugula EBren eta Turkiaren arteko Adierazpena, 2016ko martxoaren 16an onartu zena, eta itsasontziak itsasoan bertan geraraztea.

Azkenik, Gemma Pinyol-Jiménezek nabarmendu du “Europako eremuan, immigrazio- eta asilo-politikak estatuaren logikatik eraikitzen ari direla eta, hartara, leku eskasa geratzen zaiela beste erakunde- eta gizarte-eragile batzuei”.

Hala eta guztiz ere, ikertzailearen arabera, “estatuz azpiko administrazioek arakatzeko aukerak dituzte besteak beste, lankidetza-sareak (esaterako, CRPM, Periferiako eta Itsasertzeko Eskualdeen Konferentzia) gure gizarteetan goitik beherako gizarte-aldaketak sorrarazten dituen gertakizun global batean parte hartzeko guneak aldarrikatzeko xedez”.

Ondoko eztabaida-saioa Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Monika Hernandok, bideratu du eta, bertan, lankidetza-agentzia eta -erakundeetako arduradunek, irakasleek eta bestek parte hartu dute, hala nola, honako hauek: José Ignacio Alonso, Save the Children (Euskadi) GKEko Sentiberatze eta Haur Politiken teknikaria; Fátima Aman, Zabalketa elkartekoa; Pablo Angulo, CRIA SL, SUMAE SCoop eta BIKOnsulting S. Coop. Sozietateetako bazkidea; Rosabel Argote, CEAR-Euskadi erakundearen Gasteizko arduraduna; Dolores Azpiazu, El Sitio elkartekoa; Bernart Baltza, Agiantza elkartekoa; Paul Ortega eta Euken Barreña, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziakoak; Anacleto Bokessa, MAIBeko Nazioarteko Harremanetako idazkaria; Susana Cuesta, Cáritasekoa; Olatz Ecenarro Ayuda en acción/Ekintzaz Lagundu GKEkoa; Rafael Ferrer, Zabalketa elkarteko presidentea; Elsa Fuente, UNICEF GKEren Euskadiko koordinatzailea UNICEFen Espainiako Batzordean; Sofía Marroquín, Oxfam elkartearen Iparraldeko lurralde-arduraduna; Begoña Ocio, Pax Romana elkartekoa; eta Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria.

Bideo Ikusi