Prentsa oharra 2019ko urriaren 8a

Mintegia: “Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik”

· Ekimen honen bidez, iraganaren eta indarkeriaren inguruko gogoeta kritiko eta partekatua ahalbidetu nahi dugu eta, era berean, orainaldi eta geroaldiari bidea eman, oroimenarekiko bizikidetzan oinarri harturik. · Jardunaldia datorren astelehenean izango da, urriaren 14an, goizeko 9etatik 13etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.

Sabino Arana Fundazioak duela urte askotatik bakearen eta bizikidetzaren inguruan garatu ohi dituen jardueren esparruan, “Begiradak ETAren amaieraren aurretik eta ondotik” izeneko mintegia antolatzen dihardu. Mintegia urriaren 14an izango da, astelehenarekin, goizeko 9etatik aurrera, Fundazioaren egoitzan.

 

Mintegi horren helburu nagusia da bateratze-ariketa egitea, hots, bizipen ugari eta gogoeta anitz partekatzea hainbat ikusmoldetatik, ideologia politiko desberdinak dituzten pertsonen eskutik: begirada anitzak, irekiak, inklusiboak; iraganaren gaineko begiradak eta, batik bat, etorkizunaren gaineko begiradak. Guztiaz ere, xederik behinena da gure iraganaren oroimen kritikoa eraikitzen laguntzea.

 

Mintegian, besteak beste, ondoko alderdiak jorratuko dira: Zer egin genuen ondo?; Zer ez genuen ondo egin?; Zer eragin izan du ETAren amaierak euskal gizartean?; Zer eragin euskal gizarteak ETAren amaieran?; Zertan aldatu den euskal jedartea 2010etik, ETAren azken atentatu hilgarria burutu zen urtetik, gaur egunera arte?

 

Mintegian, besteak beste, ondoko hizlariek parte hartuko dute: Donostiako gotzain emeritua, Juan María Uriarte; Eusko Jaurlaritzako Biktimei Arreta egiteko Bulegoaren zuzendari ohi eta Juan Mari Jauregiren alarguna, Maixabel Lasa andrea; Carmen Torres andrea, idazlea, kazetaria eta José Mª Portell-en alarguna; Auzitegi Goreneko magistratu ohi Joaquín Giménez jauna; eta Edurne Portela idazlea. Hala berean, euskal agintari gorenek, politikariek, eta gizarte- enpresa-, sindikatu-, hezkuntza- eta eliza-esparruetako ordezkariek ere jardunaldian parte hartzeko gonbita jaso dute.

 

Jardunaldiaren amaiera-ekitaldian, berriz, Iñigo Urkullu jaunak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, jardungo du buru.