Prentsa oharra 2020ko azaroaren 24a

MINTEGIA · Immigrazioa eta euskara: udaletako politika berriak

Euskara, etorkinen gizarteratze linguistiko eta kulturala ahalbidetzeko giltza. Euskara etorkinengana hurreratzeko tokiko ekimen berriak jorratuko dituzte Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak

MINTEGIA · Immigrazioa eta euskara: udaletako politika berriak

Euskara biziberritzeko prozesuan, gaur egun, garrantzi handia dute gurera hurbiltzen diren etorkinak gure hizkuntzara hurbiltzeko eta, ahal den heinean, erabiltzen gogatzeko tokiko erakundeetan bultzatzen diren politika eta ekimenek.

 

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak gai honi lotutako aurreko jardunaldi bat antolatu genuen iazko abenduan, hizkuntzen arteko bizikidetzan eragina duten alderdiei buruzko aurreneko azterketa egiteko. Aurten, berriz, gaian sakondu nahi dugu, eta euskal udalak etorkinak euskarara erakartzeko sustatzen ari diren politikak, tresnak eta diskurtsoak aztertu nahi ditugu, jardunbide egokiak aintzat hartuta, bai eta, bidean aurkitutako zailtasunak nabarmenduta ere.

 

Mintegia  aurrez aurre eta streaming bidez  egingo da aldi berean, abenduaren 15ean, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (osasun-egoerak horretarako aukera ematen badu; bestela, mintegia streaming bidez bakarrik egingo da).

 

“Migrazioa eta euskara: udaletako politika berriak” izenburuaren ildotik, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak emango diote hasiera jardunaldiari.

 

Ondoren, Begirune Fundazioko Jose Antonio Oleagak inklusioaren eta gizarteratzearen arloan gauzatzen ari diren zenbait politika publiko aletuko ditu, bai eta euskarak testuinguru horretan duen lekua ere. Andres Iñigo euskaltzain oso eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kideak egingo ditu aurkezle eta moderatzaile lanak.

 

Geroago, Xabier Aierdik, Begirune-Immigrazio Ikerketa Laborategiko kideak, immigrazioari buruzko tokiko esperientzien bilduma azalduko digu, euskara jomugan jarrita. Jon Aizpurua euskaltzain urgazle eta Sustapen Batzordeko kidea izango da aurkezlea eta hitzaldiaren ondoko moderatzailea.

 

Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu ikertzaileek herri euskaldunetan bizi diren migratzaile erdaldunen bizipenak eta iritziak erabiliko dituzte hizpide. Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazle eta Sustapen Batzordeko kideak aurkeztuko du txostena eta eztabaida moderatuko.

 

Jardunaldiaren bigarren zatian, udal ordezkariek tokian-tokian suertatzen diren esperientzien berri emango digute. Ildo horretan, Ainara Ormaetxea Ordiziako Udaleko migrazio eta aniztasun teknikariak, Samira Goddi Errenteriako Udaleko elkarbizitzarako eta lankidetzarako teknikariak eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko Alex Vadillo eta Elena Urzelai teknikariek lekukotasun ugari azalduko dizkigute. Mintegiaren azken zati horretan, hizlariekin batera, Gotzon Lobera euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea, Patxi Saez Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeko kidea eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeburua izango dira aurkezle- eta moderatzaile-lanetan.

 

Erramun Osa, Akademiaren idazkariorde, euskaltzain urgazle eta mintegiaren koordinatzaileak arteztu duen mintegi horretan, berrogei (horixe da gehieneko leku-kopurua) euskaltzain, soziolinguista, unibertsitateko irakasle eta euskal kultura eta hizkuntza alorretako ordezkariek ere parte hartuko dute.