Prentsa oharra 2024ko azaroaren 27a

Nafarroa eta EAE merkatu-hobi berrien bila berriztagarrien sektorean

  • Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak, Mikel Irujok eta Mikel Jauregik, hurrenez hurren, ekonomia zirkularraren aldeko hautua egin dute, Nafarroako eta EAEko ekoizpen-sarea eraldatzeko ardaztzat hartuta.
  • Irujo Etxea Elkarteak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute ekitaldia, Iruñeko Tres Reyes hotelean, eta Nafarroako enpresa- eta erakunde-sektoreetako ordezkari anitz izan dira bertan.
Nafarroa eta EAE merkatu-hobi berrien bila berriztagarrien sektorean Nafarroa eta EAE merkatu-hobi berrien bila berriztagarrien sektorean

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Nafarroako gizarteko hainbat ordezkariekin batera, «Gure industriaren oraingo eta etorkizuneko erronkei» buruzko ezagutza eta ikuspegiak plazaratu dituzte gaur Iruñean.

Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak kontseilariaren eta sailburuaren arteko elkarrizketa bizkorra bideratu du; bertan, bi-bien gobernuak energia berriztagarrien garrantzia handitzeko hartzen ari diren zenbait neurri aipatu dituzte agintariek.

Mikel Irujok adierazi duenez, «berriztagarrien sektoreak berebiziko garrantzia izango du industriaren deskarbonizazioan. Bi gairi buruz hitz egingo dizuet. Alde batetik, esan neharra dago Nafarroako berriztagarrien sektorea oso garrantzitsua dela, 110 enpresatik gorako industria-sare garrantzitsua duela, industriako enpleguaren % 10 osatzen duela eta 4.500 milioi euroko fakturazioa, hau da, BPGd-ren % 5. Gure klusterrarekin (Enercluster) batera, gogotik ari gara lanean Europar Batasuna konbentzitu nahian industria-politika birbideratu behar dugula, trantsizio energetikoa «made in Europe» izango bada. Duela urtebete sinatu zen European Wind Charter delakoak itxaropena ekarri zigun, baina gure industriari laguntzeko neurri zehatzen zain jarraitzen dugu. Ildo horretan, derradan, adibidez, «tokiko edukirik» ez daukan kontinente bakarra garela munduan. Horren erakusgarri, sustatzaile batek parke eoliko bat instalatu nahi badu Txinan, Estatu Batuetan, Hegoafrikan eta abarretan, parke horretako haize-sorgailuen industriako osagaien industrialen % 50 inguruk (herrialdearen arabera) herrialdean bertan fabrikaturik egon behar du. Europa gure mugetatik kanpo fabrikatzen den aerosorgailuak instalatu ditzakeen ia lurralde bakarra da. Eta ez gara muga-zergez ari, munduko beste herrialde batzuek dagoeneko badituzten neurrien parekoak ezartzeaz ari gara. Gure egoera paradoxikoa da: eolikoen sektorea 3,5 aldiz ari da hazten munduan, baina Europako industria, aitzindaria izan dena, arras kezkatzeko moduko finantza-zailtasunak izaten ari da».

Jorratu den arloari lotutako merkatu-hobi berriei dagokienez, Mikel Irujo kontseilariak azaldu duenez, «azken urtean, hainbat inbertsio-proiektu finkatu dira merkatu-hobi berrietan eta Nafarroako hainbat eremu geografikotan, hala nola palen birziklatzea Irunberrin eta Cortesen, hidrogeno berdea Barasoainen eta bateriak birziklatzea Caparroson. Guztira, 200 milioi euro baino gehiago erabili inbertitu dira industria-sektore sortu berrietan, hala nola hidrogeno berdean, industria eolikoan erabilitako palak birziklatzean eta baterien bigarren erabileran eta birziklatzean… Bestela esanda, Nafarroa merkatu-hobi berrietan kokatu dadin lortzen ari gara ekonomia zirkularraren esparruan, berriztagarrien sektoreko osagaiak darabiltzan ekonomia zirkularrean, eta aitzindariak izaten ari gara aldaketa horietan».

Bestalde, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi duenez, Eusko Legebiltzarrak urte honen hasieran onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege berria  funtsezko tresna izango da energia-proiektu berriztagarrien bultzadan eta deskarbonizazioan aurrera egiteko. "Legeak aurreikusten du energiaren azken kontsumoa gutxienez % 12 aurreztea 2030erako, sorkuntza berriztagarria % 32 izatea eta isuriak % 45 murriztea. Eta hori guztia euskal industriaren lehiakortasuna eta herritarren ongizatea arriskuan jarri gabe".

Laburbilduz, Jauregik adierazi duenez, "industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago dira proposatzen ditugun helburuak. Energiaren etorkizuna jasangarria izan behar du, bai ala bai, eta aurretik ditugun erronkak oso handiak dirudien arren, Euskadik baditu ahalmen ugari etorkizunari aurre egiteko. Badugu enpresa-ehun oso aktiboa eta berritzailea, eta baita unibertsitateak eta Lanbide Heziketako punta-puntako zentroak ere, gizartean dugun elementurik garrantzitsuena, pertsonak, trebatu ahal izateko".

Energiaren sektorea estrategikoa da euskal ekonomiarentzat: 2022an 15.700 milioi euro fakturatu zituen eta 26.000 pertsonari ematen die lana. Eusko Jaurlaritza energiaren arloko proiektu nabarmenak bultzatzen ari da, hala nola, Basquevolt. Proiektu hori garraioa elektrifikatzea ahalbidetuko duten baterien belaunaldi berriko fabrika bat eraikitzera bideratua dago. Beste aldetik, Hidrogenoaren Euskal Korridorea ere nabarmena da. Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ekintza da, hidrogenoaren ekosistema berria sortzeko. Europako Batzordeak munduko hidrogenoaren 10 haran garrantzitsuenetakoen artean kokatu du proiektu hori.