Prentsa oharra 2017ko maiatzaren 22a

“¡Nunca más! Imágenes de guerra (1936-1939)” izeneko erakusketa Erandioko Josu Murueta kultur etxean, ekainaren 9a arte

22 horma-irudik eta hainbat gauzakiz (presoen zerrendak, gutunak, isunak eta abar) atondutako sei arasek osatzen dute erakusketa. Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatu du erakusketa, Oroimen Historikoa berreskuratzeko asmoz.

“¡Nunca más! Imágenes de guerra (1936-1939)” izeneko erakusketa Erandioko Josu Murueta kultur etxean, ekainaren 9a arte

1937ko lehen hiletan, euskal udalerri askotan pairatu ziren soldadu frankistek eta faxistek pentsatu eta bururatutako bonbardaketak, izua herritarren artean zabaltzeko helburuz. Gizon-emakumeak, adinekoak eta umeak ditugu izugarrikeria eta basakeria horren biktima esanguratsuenak. 

Euskadin, gerraren amaieraren eta diktadura luzearen atarian jazotako gertaera latz horien 80. urteurrena dela eta, Erandioko Udalak eta Euskal Abertzaletasunaren Museoak “¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939” deritzon erakusketa inauguratu dute gaur Josu Murueta kultur etxean. Erakusketa horren helburu nagusia Oroimen Historikoaren berreskurapena bultzatzea da.

“¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939”, Sabino Arana Fundazioak Leyre Arrieta eta Miren Barandiaran historialari gipuzkoarrei egindako eskariaren emaitza da. Eskari horri erantzuteko, historialariek 400 argazki horietako asko, argitaratugabeak eta maila guztietako pertsonen lekukotasunak bildu zituzten liburu batean. Testigantza horietan, lekukoek garai hartako bizipenak kontatzen dituzte eta ikusitako nahiz pairatutako guztiari buruzko iritzia ematen dute.

“¡Nunca más! Imágenes de guerra 1936-1939” deritzon erakusketa osatzen duten argazkiak eremu askotakoak dira: gerrako frontea, borrokalariak, sasoi hartako agintariak, herritarrak, Kataluniako iheslariak, atzeguardia...

Argazkien oinetan, pertsona ezagunen eta beste hainbaten aipamenak ageri dira, besteak beste: Jose Antonio Agirre lehendakaria, Mola  jeneral frankista, EAJko agintari Manuel Irujo, Francisco Franco, Antonio Izu (karlista), Manuel Azaña, Bernardo  Estornés (Nafarroako idazlea eta gudaria), Pasionaria, Radio Euzkadi, Radio Requeté, bonbardaketen lekuko ezezagunak, borrokalariak eta atzerriko egunkarietako gerrako berriemaileak, hala nola Claude G. Bowers, Max Massot edo George L. Steer.

Hala, erakusketan ikusgai dauden 22 horma-irudietan, 200 irudi eta 100 aipamen baino gehiago ageri dira, eta sei arasetan hainbat gauzaki ikus daitezke, kasurako, presoen zerrendak, gutunak, isunak eta abar. Erakusketa ekainaren 9a arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, goizeko 8etatik gaueko 10etara.

Gainera, maiatzaren 25ean (euskaraz) eta ekainaren 8an (gaztelaniaz) hitzaldiak eskainiko dira, arratsaldeko 7:30etan.