Prentsa oharra 2017ko ekainaren 7a

Ortuzar: “Euskal herriarenganako maitasunak, erkidegoaren zerbitzura egoteko borondateak, zintzotasunak eta alderdi irekia izateak azaltzen dute EAJ-PNVren gaurko indarra”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Sabino Arana Fundazioan hitz egin du gaur Ramón de la Sota jeltzalea Bizkaiko Aldundiko Presidente bihurtu zeneko mendeurrena ospatzeko egin den ekitaldian

Ortuzar: “Euskal herriarenganako maitasunak, erkidegoaren zerbitzura egoteko borondateak, zintzotasunak eta alderdi irekia izateak azaltzen dute EAJ-PNVren gaurko indarra”

Euskal herriarenganako maitasuna, pertenentzia sentimendua. Erkidegoaren zerbitzura izatea, zintzotasuna kudeaketa publikoan eta zintzotasuna jendeari egia esateko. Eta, herriarentzat irekia den alderdia izatea, irekia kanpotik datorrenarentzat, berritzaileentzat, gizartean ematen diren berrikuntzak jasotzeko. Horiek izan dira Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren aburuz Sabino Aranak duela 122 urte sortu zuen proiektuaren indarra azaltzen duten gako nagusiak. Euzko Alderdi Jeltzaleak duela mende bete ezagutu zuen hauteskundeetako lehen arrakasta, Ramon de la Sota y Aburto 1917 urtean Bizkaiko Aldundiko Presidentetzara eraman zuena. Sabino Arana Fundazioak mendeurren hori ospatzen hasi da egunotan emango dituen hitzaldiekin. Ortuzarrek gaur eman duenak “EAJ: Euskal Aberriaren sustrai eta kimu” izenburua izan du eta jeltzaleen buruak hitz horiek erabilita “gure Alderdia arbola batekin alderatu” nahi izan du “izaki biziduna, hamarkadak dituen enbor trinkoa eta korapilo sendoak dituena baina,aldi berean, udaberri bakoitzean irekitzen diren kimuak ateratzen dituena, urterik urtera arbola zaharra hazi arazten eta berriarazten duten kimuak”.

Ortuzarrek gogora ekarri duenez, De la Sotaren agintaldiak “lehenaren eta orainaren arteko marra suposatu zuen Herrialdean eta erakundeetan. Han sortu ziren Euskaltzaindia moduko erakundeak eta garai hartan egin ziren, besteak beste, Bizkaiko auzo eskolak eta euskara hizkuntza ofizial gisa erabiltzen hasi zen. 1917ko kimu hark adar sendoak eman zituen eta atsekabe guztiekin eta 40 urteko diktadurarekin ere, bizirik egon dira eta oraindik orri eta fruitu berriak eman behar dizkio Herri honi”.

EAJ-PNVren iragan arrakastatsua idatzi zuten guztiak omendu ondoren, zalantzarik gabe, horien guztien ekarpenik gabe ez bailitzateke alderdiaren gaurko egoera ulertuko, Ortuzarrek azaldu nahi izan du,bere ustez, herritarren babes handia eta erakundeetan ordezkaritza maila handia duen alderdia elkarturik eta bizirik mantentzen duen bizigarria zein den. Ortuzarren esanetan gakoa “babestu eta zaindu behar ditugun balore eta sentimenduen multzoa da”. “Lehen balorea gure izenean daramagu. Euskal Aberriaren Alderdia gara. Euskal lurrean sakonean errotuta dagoen sustraia da eta lur horretatik eguneroko bizimodurako energia ateratzen duen, hau da, gure lana, gure helburua zein den jakitea. Horri lotuta, Herri honi estuki lotuta sentitzea, euskaltasunarenganako maitasuna eta sentimendu sendoa, sustraiaren eta enborraren komunikazio bideak bizirik mantentzen dituena. Baina enborra indartsu irten dadin, baina batez ere tente eta zuzen haz dadin, gure bizigarriak beste hainbat osagai behar. Horietako bat, oso garrantzitsua, erkidegoaren zerbitzura egoteko borondatea. Gure Alderdia Euskadiren eta euskal herritarren zerbitzura dago” azaldu du. “Beste balio erabakigarria zintzotasuna da. Eta ez dut esaten bakarrik kontu publikoen kudeaketagatik, ez naiz bakarrik gu guztion baliabide eta diruen kudeaketaz ari. Hau oso garrantzitsua da gaur, ustelkeria orokortuta dagoen une honetan. Hori bezain garrantzitsua da jendeari egia esateko behar den zintzotasuna. Ez gobernatzen dugunoi komeni zaiguna, ezta herritarrek entzun nahi dutena ere. Eta, hortik aurrera, ekimenak, proiektuak,neurriak eta konponbideak proposatzea. Baina beti egia esanez. Zintzotasuna kudeaketan eta zintzotasuna gizartearekiko harremanetan. Horiek dira gure arbola tente mantentzeko tantaiak, okertzea ekar dezaketen haizeteak edo ekaitza gogorrak etorriko diren arren. Eta, horrez gain, Alderdi irekia izatea. Irekia herritarrentzat, kanpotik datorrena hartzeko, irekia berritzaileentzat, berrikuntza sozial,ekonomiko teknologiko eta geoestrategikoentzat. Irekia herritar eta Herrialdeentzat. Gure irekitasuna egiten ditugun politiketan ikusten da. Seguruenik, Euskadi da gaur egun Europako esparru sozialdemokratena, politika publikoei begiratzen badiegu” esan du jeltzaleen buruak.

Ortuzarrek bere hitzaldiaren azken zatia dedikatu du EAJ-PNVk gaur duen erronka handi bat azaltzera: Alderdia etorkizunerako proiektu gisa. “Kimu berriekin berritu behar den egitasmoa da, gure arbolak behar dituen kimuak orain arte bezain mardula izan dadin eta Herri honen nazio eraikuntza moduko ideal garrantzitsuari babesa eman diezaion. Eta, nola bermatuko dugu ideario abertzalea belaunaldi berrietan sustraitzen dela?. Globalizazio eta iraultza digital aro honetan, nola mantenduko dugu bizirik abertzale izateko sentimendu hau? Alderdi gisa, erantzun horiek bilatu behar ditugu. Nik konfiantza daukat,Alderdi honek aldi berrietara eta gizarte eskari berrietara moldatzeko gaitasuna daukalako eta uste dut gure betiko baloreak , zintzotasuna,lana eta elkartasuna, nahiz eta beste modu batean adierazi, indarrean jarraituko dutela. Horregatik ekin behar diogu sentimendu abertzalea eta ikuskera globala uztartzeko lanari. Nazio txiki honetako kide izateko sentimendua eta nazioartekotzea lotu behar ditugu. Gure gaurko eta biharko erronka da Facebook-en bidez gorriz,berdez eta zuriz margotutako emozioa piztea. 4.0 euskal abertzaletasuna eraikitzea” amaitu du.

Hitzaldia ikusi