Prentsa oharra 2018ko maiatzaren 15a

OSTIRAL SANTUKO HITZARMENAREN XX. URTEURRENA Balantzea, aukerak eta mehatxuak Brexit-en aurrean

Andoni Ortuzar: “Bakea balio gorena da eta Europako erakundeek barneratu, kapitalizatu eta esportatu behar dute. Erronka horretan, Euskadik eta Irlandak ekarpen handia egin dezakete”. Bertie Ahern: (Brexit-aren inguruan) “Ez gaude inola ere prest muga gogorra izateko Irlandako uhartearen barruan”.

OSTIRAL SANTUKO HITZARMENAREN XX. URTEURRENA Balantzea, aukerak eta mehatxuak Brexit-en aurrean

Irlandan 1998an sinatutako Ostiral Santuko hitzarmenak amaiera ona eman zien Irlanda eta Bretainia Handiko buruzagi politiko eta sozial ugarik urte askotan izandako elkarrizketei eta ahaleginei, bakea erdiesteko helburuz. Nazioarteko komunitateak lagundu zien ekimen zail horretan, berezi, Europar Batasunak eta Estatu Batuek. Horren haritik, azken 20 urte hauetan lotutakoen gaineko azterketa egin eta, Brexit delakoaren testuinguruan, Irlandak izan dezakeen etorkizunaz eztabaidatzeko asmoz, Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED) mintegia antolatu dute hizlari hauen eskutik: Irlandako lehen ministro ohia, Bertie Ahern, Irlandako bake-prozesuaren arkitekto behinenetako bat; Ipar Irlandako Bakea eta Adiskidetzea sustatzeko programaren EBko arduradun izandakoa eta, gaur egun, Irlandako gobernuaren aholkulari berezia Kolonbian, Patrick Colgan; Irlandako kontsula, Rocco Caira.

EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidente eta Europako Demokraten Alderdiko presidenteordeak, Andoni Ortuzarrek, hasiera eman dio jardunaldiari. Bertan, hezkuntza, herri-mugimendu, bizikidetza, komunikazio eta beste arlo batzuetako ehun bat lagunek parte hartu dute.

Ortuzarrek adierazi du terrorismoaren gaitzak lotu dituela Euskadi eta Irlanda, baina, zorionez, gaur egun, “bakearen balio unibertsal izugarriaz” gozatzen ari gara”.

EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidentearen aburuz, Euskadik eta Irlandak lekua izan behar dute Europan. Haren esanetan, “herri biak ala biak berezko leku baten bila dabiltza Europan. Euskadiko herritarrok eta irlandarrok gure indarra, gure kemena eta gure eskarmentua eskaini nahi dugu Europa mundu osoko bake-, askatasun- eta demokrazia-esparrurik behinena izan dadin”.

Andoni Ortuzarren iritziz “Bakea balio gorena da eta Europako erakundeek barneratu, kapitalizatu eta esportatu behar dute. Bakea Europar Batasunaren ikur nagusia izan behar da mundu osoan. Haren kontsumo-ondasunik preziatuena. Europak bakearen ets askatasunaren lehen esportatzailea izan behar du”. “Erronka horretan, Euskadik eta Irlandak ekarpen handia egin dezakete. Bakearen gainean asko dakigulako. Bakea egunean-egunean josi behar dela badakigulako. Badakigu iraganera begira jarri behar garela, indarkeriazko gertakari lazgarrienak berriro gerta ez daitezen”. Amaitzeko, esan du “euskaldunok eta irlandarrok etorkizunera begiratu ahal dugula eta begiratu behar dugula ikuspegi baikorrez guztiok ere adiskidetzea helburu dugula”.

Bake-dibidenduak

Geroago, Irlandako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern jaunak bake-hitzarmen horien bultzatzaile nagusietako bat, Estatu Batuetako senatari ohi George Mitchell eta Britainia Handiko lehen ministro ohi Tony Blairrekin batera adierazi du “Ostiral Santuko Hitzarmenak bake-dibidenduak ekarri dizkigula eta, horren ondorioz, oraingo belaunaldiek bakea gozatzea izan dutela”. 

Ahern jaunaren iritziz, “gaur egun, Ipar Irlanda leku bizia da eta munduko batzer guztietako turistak joaten dira urtero-urtero. Gainera, lan-egoera bikaina da, probintziak aurrera doaz, Ipar Irlandako konderriak ere behar bezala garatzen ari dira eta zinez uste dut pozik egon gaitezkeela guzti-guztiok Ipar Irlandak izan duen bilakaerarekin”; hala ere, aitortu du “oraindik ere harimutur txiki batzuk lotu behar direla”, nahiz eta “harimutur horiek txikiak diren, iraganean konpondutako arazoen tamainarekin alderatuz gero”.

Brexit delakoari dagokionez, Irlandako taoiseach ohiak esan du “Europatik irteteko ekimena sasoi desegokian etorri dela”. “Gure lurraldearen egonkortasuna galarazi eta pertsona askoren sarraskia ekarri duen garaia atzean utzi eta ospatzen hasi garenean, zoritxarrez, Brexit delakoa etorri da eta ika-mikak sorrarazi ditu berriro ere”, adierazi du.

Muga gogorrari ezetza

Bertie Ahernen aburuz, “britainiarrek sekulako akatsa egin dute, besteok ezin baitugu askorik egin egoera aldatzeko. Nolanahi ere, britainiarrekin hitz egiten dudan bakoitzean, erratu direla gogorarazten diet. Orain, berriz, uneko egoerari aurre egiten jakin behar dugu. Nik neuk Irlandako gobernuaren ikuspegiaren alde nago, malgua baita, eta irtenbideak aurkitzeko lanean ari da mugaren auziaren inguruan. Nolanahi ere den, ez gaude inola ere prest muga gogorra izateko Irlandako uhartearen barruan. Ez dugu azpiegitura fisikorik onartuko. Konderri askotatik barrena doan 300 kilometroko muga daukagu eta ez gaude muga gogor hori onartzeko prest”.

Ahernek dioenez, “Europar Batasunak indartsu agertu behar du; horretan, europar izpiritua funtsezkoa da eta ataka zail honetatik ateratzen lagunduko digulakoan nago. Gure ustez, muga gogorra onartezina da eta Irlandako uhartean bizi den inork ez du muga horren alde egingo”. 

Beste alde batetik, Ipar Irlandako Bakea eta Adiskidetzea sustatzeko programaren EBko arduradun izandakoak, Patrick Colgan jaunak gaur egun, Irlandako gobernuaren aholkulari berezia Kolonbian adierazi du “akatsak, porrotak edo aurrerapenen falta gorabehera, badirela komunitateen arloko adibide ederrak, hala ekintza-taldeenak, biktimenak eta borrokalari ohienak. Horiek guztiak lider bilakatu dira nor bere komunitatearen barruan, autolaguntzako proiektuak garatuz eta bake-programetan parte hartuz. Halakoek erakutsi digute iraganari heltzeko molde berria, eta beste hizkera bat sortu dute iraganean debekutzat jotako gaien inguruan hitz egiteko”.

Pat Colganen ustez, “oraindik ere komunitateak bereizten dituen harresi fisiko eta ikusezinak egon dauden arren, hainbat ate zabaltzen ari dira harresiotan, gero eta maizago eta harresiaren alde banatan bizi diren komunitateen arteko harremanetan oinarrituta, amets egin dezakegu egunen batean, berandu baino lehen, harresiak eraisteko aukera izango dugula. Era berean, Hezkuntza eta etxebizitza esparruetan gauzatutako ekimen batzuek erakutsi digute aurrera egin daitekeela. Hezkuntza-arloan aipa dezakegu, kasurako, historia irakasteko helburuz, ikasketa-kurrikuluan garatu den ekimena, ‘Teaching History in a Divided Society’ izenekoa”.

Beste alde batetik, Ipar Irlandako Bakea eta Adiskidetzea sustatzeko programaren EBko arduradun izandakoak, azaldu du “arazoak arazo, Irlanda eta Ipar Irlanda nabarmen aldatu direla orain dela 20 urte sinatu zen hitzarmen pragmatiko horren bidez lortutakoei esker”. “Herrialdea bakean dago”, azpimarratu du.

Brexit dela eta, datozen erronkei gagozkiela, Colganek azaldu du “badagoela benetako aukera muga berriro ezartzeko uhartearen bi aldeen artean, Europar batasunaren kanpoko mugaren osotasuna babesteko, eta horrek eragin izugarria izango lukeela Ostiral Santuko hitzarmenean adostutakoan. Beraz, Brexit-ek erronka handia ekarriko dio Irlandako bake-prozesuari. Horregatik, Erresuma Batuaren eta Europar Batasuneko 27 estatu kideen arteko elkarrizketek eta negoziazioek berebiziko garrantzia dute, zuzeneko eragina dutelako bakearen ingurumarian”.

Hitzaldiaren amaieran, Patrick Colganek adierazi du “Ostiral Santuko hitzarmena argi distiratsua izan zela eta oraindik ere badela gure munduan, non kulturaren, erlijioaren, ekonomiaren eta gizartearen araberako zatiketan eta polarizazioan oinarritzen den gatazka armatua eta indarkeria puri-purian dauden”.

Irlandako kontsulak, Rocco Coira jaunak, amaiera eman dio jardunaldiari. Rocco Coirak goizean aipatutako gai esanguratsuenak azpimarratu ditu.