Prentsa oharra 2018ko maiatzaren 8a

OSTIRAL SANTUKO HITZARMENAREN XX. URTEURRENA. IRLANDA.

Irlandako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern jaunak; Ipar Irlandako Bakea eta Adiskidetzea sustatzeko programaren EBko arduradunak, Pat Colgan jaunak, eta Europako Parlamentuko kide Marian Harkin andreak Bilbon ebaluatuko dute Ostiral Santuko Bake Hitzarmena sinatu zenetik igaro diren 20 urteko aldia. • Sabino Arana Fundazioak eta IEDk antolatutako mintegi hau, maiatzaren 15ean egingo da, asteartearekin, Fundazioaren egoitzan, goizeko 9:00etatik 13:00etara.

OSTIRAL SANTUKO HITZARMENAREN XX. URTEURRENA. IRLANDA.

1998ko maiatzaren 22an, Ipar Irlandak eta Irlandako Errepublikak, lurralde bakoitzean galdera desberdinak erabili zituzten erreferendumen bitartez, gobernu britainiarrak eta irlandarrak aurretiaz sinatu zuten Ostiral Santuko Hitzarmena izenekoa berretsi zuten. Lehenago, Ipar Irlandako alderdi politiko gehienek negoziatu eta onartu zuten akordioa lurraldean egun nagusi den unionisten alderdiak, ordea, ezetza eman zion eta orduko lehen ministroek, Tony Blair eta Bertie Ahern jaunek sinatu zuten. Unionisten eta errepublikazaleen ordezkarien arteko negoziazio zailetan, Estatu Batuetako administrazioaren bitartekaritza eta parte-hartzea giltzarria izan zen. Bill Clinton zen estatubatuarren presidentea sasoi hartan, eta bitartekaritza bidali berezi George Mitchell jaunaren bitartez gauzatu zen. Gainera, bake txit desiratuaren aldeko gizarte-antolakunde batzuen lana erabakigarria izan zen bake-akordioak arrakasta izan zezan.

Akordio hori mugarri historikoa izan zen eta amaiera eman zion 1968an hasitako indarkeria alderdikoiaren aldiari. Indarkeriazko sasoiak Ipar Irlanda birrindu zuen eta zorigaiztoko emaitza utzi zuen lurraldean: 3.600 hildako eta 30.000 zauritu, atxilotu eta iheslari.

Belfasteko Akordioa ere deitu den hitzarmen horren XX. urteurrenean, Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak (IED), Europako Parlamentuaren laguntzaz, akordioak zer-nolako bilakaera izan duen jakingarritzat jota, honako mintegi hau antolatu dute Ipar Irlandako gizartearen barne egoera aztertzeko xedez, eskualdearen ingurumarian eta Europar Batasunaren ingurumarian, etorkizuneko ikuspegiz. Mintegia maiatzaren 15ean egingo da, asteartearekin, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, 9:00etatik 13:00etara.

“Ostiral Santuko Akordioen XX. urteurrena. Balantzea, aukerak eta mehatxuak Brexit-en aurrean” izenburuaren ildotik, besteak beste, ondoko gaiak jorratuko dira mintegian: biktimen egoera eta horien aldeko aintzatespena; atxilotu eta ihes egindakoen gizarteratzea eta laneratzea; bazterkeriaren amaiera eta komunitate katoliko eta protestantearen arteko uztardura, indarkeria ezagutu ez duten belaunaldi berriek zubiarena eginda; gatazkari buruzko kontaketa guztien baterakuntza; kanpoko, batez ere, EBko, laguntza ekonomikoen eragina egoera hobetzeko; herrialdearen etorkizunean eragin handia izan dezakeen bilakaera demografikoa; 14 hilabetetik gora dirauen Stormonteko gobernu-gabeziaren arriskua…

Beste alde batetik, Brexit delakoaren gaineko negoziazioen emaitzak bi Irlanden arteko muga sendotzea ekar dezake eta, horren ondorioz, azken 20 urteotan lortutakoei eta ondutako testuinguru egonkorrari mehatxu egin diezaieke. Ildo horretan, esan beharra dago Ipar Irlandako biztanleriak EBn jarraitzea hobetsi zuela (botoen % 56 EBn jarraitzearen aldekoak izan ziren). 

Amaitzeko, Brexit-en inguruko negoziazioetatik sor daitezkeen etorkizuneko gertalekuak ere aztertuko dira mintegian.

Mintegian, ondokoek jardungo dute hizlari: Irlandako lehen ministro ohia, Bertie Ahern jauna; Ipar Irlandako Bakea eta Adiskidetzea sustatzeko programaren EBko arduraduna, Pat Colgan jauna, eta Europako Parlamentuko kide Marian Harkin andrea. 

EAJ-PNV alderdiaren EBBko presidente eta PDEko presidenteorde Andoni Ortuzarrek; IEDko zuzendari Luca Baderrek eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak emango diote hasiera mintegiari.